Txapeldunak indartsu ekin dio lehiari

Zugarraldek aurrera egin zuen BERRIA Txapelketan, eta Ekaitzak ere bai, orain arteko emaitza estuenarekin

Erredakzioa
2007ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Nafarroan eta Bizkaian jokatu dira BERRIA Txapelketako hirugarren jardunaldiko partidak. Arantzan etxeko taldea nagusitu zen larri, eta hurrengo kanporaketan ariko da. Elorrion ez zuen etxeko taldeak Zugarralde txapeldunari aurre nola egin asmatu. Elkarren kontra jokatuko dute hurrengo kanporaketa Ekaitza eta Zugarralde asteburuko irabazleek.



EKAITZA (ARANTZA)58

ZARAMAGA (GASTEIZ)56

KADETEAK: Iparragirre -- Jauregi14

Mendinueta -- Bengoa22

GAZTEAK: Mitxelena -- Madariaga22

Albarado -- Berrueta14

NAGUSIAK: Pikabea -- Mitxelena22

Vicente -- Ereño18



Ez da orain arte jokatutako bi jardunaldietan horren kanporaketa orekaturik ikusteko aukerarik izan. BERRIA Txapelketaren bereizgarri nagusia da ez direla irabazitako partidak kontuan hartzen, egindako tantoak baizik, eta horrek sortzen du horrelako kanporaketak jokatzeko aukera.

Kadeteen partida oso orekatua izan zen lan erdiak arte. Ez dira atzelariak kolpearekin norgehiagokak erabakitzen dituztenak, baina oso huts gutxi egin zituzten, eta 13nakoa izan zen azken berdinketa. Hortik aurrera erreakzionatu zuen Mendinueta arabarrak. Kokatu egin zen, eta erremate dotoreak eginda utzi zuen partida erabakita (22-14).

Gazte mailako partida gorabehera askokoa izan zen. Etxekoak aise hasi ziren aurretik, eta kanporaketa erabakita utziko zutela zirudien, sekulako tartea ireki zutelako aparteko jokorik egin gabe (19-3). Partida galduta zutela ikusi zutenean erreakzionatu zuten arabarrek. Arriskatzeari ekin zion Unai Albaradok, eta, galdu arren, beste itxura bat eman zion markagailuari (22-14). Aurreneko partida aintzat hartuta, beraz, berdinduta zegoen kanporaketa -Joseba Madariaga atzelaria izan zen partida horretan onena-.

Emozioa izan zuen sobera nagusien partidak. Indartsu hasi ziren arabarrak: kolpe biziz Vicente aurrelaria, eta oso seguru Ereño atzelaria. Mitxelena atzelari nafarrak eutsi zion tarte horretan partidari. Aurrera egin ahala, ordea, eskuko mina jarri zitzaion Ereño arabarrari, eta ederki baliatu zuten hori kontrarioek irabazteko (22-18).

BERRIOTXOA (ELORRIO)34

ZUGARRALDE (BURLATA) 66

KADETEAK:Etxebarria -- Etxebarria12

Etxeberria -- Lana 22

GAZTEAK: Solozabal -- Landaburu4

Santesteban -- Iriarte22

NAGUSIAK: Salaberria -- Larrinaga18

Arraztoa -- Landiribar22



Talde indartsua osatu du aurten ere Zugarralde txapeldunak, eta agerian utzi zuen hori Elorrion jokatutako kanporaketan.

Kadeteek jokatutakoa izan zen hiru partiden artean onena. Nafarroako txapeldunordeak dira Etxeberria eta Lana Zugarraldekoak, baina estu hartu zituzten kontrarioek lehen zatian. Gerora, huts gutxi eginda eta partida serioa jokatuta, poliki-poliki egin zuten tartea maila horretan ari diren bi pilotari onenetakoek.

Gazteen partidan aldaketak egin behar izan zituen Berriotxoak azken unean, eta nabaritu zen hori. Jon Landaburu atzelariak hartu zuen erantzukizun guztia, markagailuak adierazten duena baino gehiago estutu zituen kontrarioak, baina ezin izan zuen partida bakarrik irabazi. Nafarroako txapeldunak dira Burlatakoak, eta nabaritu zen hori haien jokoan. Santesteban izan zen onena. Tantoak amaitzeko badu erraztasuna.

Nagusien partida ez zen espero bezain ona irten. Maila horretan ari diren puntako pilotariak dira elkarren kontra aritu zirenak, baina kanporaketa erabakita zegoen ordurako eta markagailuaren gorabehera estuak sortu zuen ikusmin bakarra. Arraztoa eta Larrinaga izan ziren onenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.