Txapeldunak lasai egin du lo bart

Gonzalezek Galarza V.a kanporatu du partida oso kaskar batean, eta Olaizola II.a izango du aurkari

Imanol Magro Eizmendi.
2006ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Galarza V.a 12

Gonzalez 22

Iraupena. 44:32.

Saketik. Galarzak alerik ere ez; Gonzalezek 4.

Markagailua. 1-0, 1-1, 4-1, 4-4, 4-5, 5-5, 6-5, 6-6, 6-9, 9-9, 10-9, 10-10, 10-13, 11-13, 11-21, 12-21 eta 12-22.

Besteak. Sarreren bi herenak saldu zituzten Tolosako Beotibarren. Apustuetako dirua 100-40ri irten zen Gonzalezen alde. Aimar Olaizola harmailetan egon zen bere aurkaria izango dena ikusten.

Gonzalezek Galarza V.a kanporatu du partida oso kaskar batean, eta Olaizola II.a izango du aurkariIMANOL MAGRO

Tolosa

Sebastian Gonzalezek nekez irabaziko du beste partidaren bat atzo bezain kaskar jokatuta. Lehia bukatuta irabazleak lotsagabe onartu zuen oso gaizki jokatu zuela, eta halako hutsak eginda jai duela larunbatean Aimar Olaizolaren aurka. Lau t'erdiko txapelduna atzo Beotibarren egon zen, eta ez zuen larritzeko arrazoirik izan. Ziur bart gauean lasai egin duela lo, Gonzalezek atzokoa hobetu ezean Olaizola arazo handirik gabe sailkatuko baita ligaxkarako.

Beotibarreko harmailak eliza zirudien atzoko jaialdiko partida nagusian. Gonzalez eta Galarzaren arteko partida oso kaskarra izan zen, joko gutxi eta ia erritmorik gabekoa. Biek gaizki jokatu zuten, eta huts andana oparitu zioten elkarri. Gonzalezek zortzi pilota garbi huts egin zituen, eta ez zituen beste makina bat baliatu. Galarza, ostera, ondo hasi zen, baina partida luzatu ahala bere aukerak lokaztu zituen. Baraibarkoak hamar huts egin zituen piloteoan. Gehienak defentsan, bai, baina Gonzalezek ere ez zuen gehiegi behartu. Errestoan ere ez zen fin ibili, altxa beharreko lau sake irentsi zituen.

Pilotan datuek ez dute zertan partidaren isla zehatza izan. Atzokoan, ordea, hala izan ziren, huts eta hankasartze nahas-mahasean pilota gogorren astindu zuenak irabazi baitzuen. Partidako lehen tantoak ondorengoen lagina izan ziren, eta atzo Gonzalez izan zen okerren hasi zena. Aurkariaren lehen hiru tantoak bere hutsak izan ziren (3-1). Azkainekoak uda kaskarra izan du, eta lau t'erdirako ez du sasoia zuzendu. Dena den, hutsak egiteari uztea nahikoa izan zuen partida orekatzeko (6-6).

GALARZAREN HUTSAK. Galarzak ondo hasi zuen partida, kolpe freskoarekin, Gonzalez hutsak egitera behartuz. Baraibarkoak joko gutxiago du, eta partida trabatuak mesede egiten zion. Defentsan izerdia botata, lehen zatian nahi zuena lortu zuen, abantaila txikia lortu arren (10-9).

Hortik aurrera partida zeharo okertu zen. Gonzalezek Galarza kutsatu zuen, eta huts jarioak gerrikoa aldatu zuen. Galarzak gero onartu zuenez kontzentrazioa erabat galdu zuen, eta burua joan egin zitzaion partidatik. Gonzalezek aldeko 13-2ko partzialarekin amaitu zuen lehiaketa, eta hamahiru tanto horietatik bi baino ez ziren bere meritua izan. Beste hamaiketatik hiru eraman beharreko sakeak izan ziren, eta beste zortziak piloteoan eginiko hutsak.

Zotzi huts horietako bat -11-20ko tantoa- luzeegia jotakoa izan zen, eta era berean partidaren laburpen ezin hobea. Galarzak defentsan gogor jo zuen ezkerrez, paretara pilota itsatsiz. Gonzalez boleaz sartzen saiatu zen, baina kale egin eta ez zuen pilota astindu. Galarzak, baina, gogorregi jo zuen pilota, eta lau t'erdiko marraz haratago urrundu zen, tamalgarria. Gonzalezen hutsa ikusita zaleek Galarzaren tanto bezala txalotu zuten, epaileak, ordea, beste aldera egin zuen seinale.

Bukaeran Gonzalezek Olaizolarentzat izan zituen lehen hitzak, eta bere sasoi txarraren zergatia ez duela ezagutzen azpimarratu zuen. Azkaindarrak dohain handiak ditu, baina oraindik ez ditu lau t'erdira egokitu. Olaizolak ere badaki hori, eta atzo lasai irten zen Beotibarretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.