PILOTA

Txapeldunak lautik hiru

Nagore, Olaizola II.a eta Barriola lau t'erdiko txapelketa irabazitakoak dira; Xala da lehen aldiz finalerdietako ligaxkan sartu dena

enekoitz telleria sarriegi
DONOSTIA
2004ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Lau t'erdia bestelako lehiaketa dela, elkarren arteko aldeak distantziarekin batera txikitu egiten direla, «edonork» irabaz dezakeela... Horrenbeste entzutearen poderioz barneratu egin ditugu argudioak. Entzutearen poderioz eta urtez urte gertatzen dena behin eta berriz ikustearen poderioz. Iaz, aldez aurretik ezarrita zeuden zerrendaburu bakar bat gabe jokatu zen finalerdietako ligaxka Olaizola II.a, Barriola, Unanue eta Esain, laurak gelditu ziren kanpora, eta bakarra da aurtengoan finalerdietan arituko den zerrendaburua Jorge Nagore sailkatu da, baina Titin III.a, Beloki eta Capellan ez.

-JORGE NAGORE: Espezialisten artean espezialista da. Lau t'erdia da bere burua aldarrikatu eta goian aritzeko urte osoan izaten duen aukera bakarretakoa, eta, salbuespenak salbuespen, ez du alferrik galtzen. Txapelduna izan zen 1995ean, 1998an eta 2003an, eta txapeldunordea 1996an eta 2000n. Iaz arte galdu antzean zebilen, baina aurkitu du iparra berriro. Xalaren kontra ekingo dio ligaxkari, bi aste barru.

-AIMAR OLAIZOLA: Asegarce enpresako ordezkari bakarra da Aspekoen artean galduta, baina gehienen iritziz txapela janzteko hautagai nagusia. Lau t'erdian bererik eman ezinda aritu zen duela bi urte arte (2002). Dohain guztien jabe izan arren, eskuetako minez batean, sasoi bolada kaskarrean bestean, ez zuen aurrera egiten. 2002ko hori, ordea, txapelketa ikusgarria izan zen. Eskaileraren beheko mailatik hasi aurten ere bai eta gorenera iritsi zen partida bakar bat ere galdu gabe Goñi III.a, Tirapu, Koka, Otaegi eta Beloki lehenengo; Barriola, Unanue eta Esain finalerdietako ligaxkan ondoren; eta Barriola finalean azkena. Orain artekoa kontuan hartuta, bide beretik ari da aurten. Barriolaren kontra ekingo dio ligaxkari.

-ABEL BARRIOLA: Aimarrek 2002an egindakoa urtebete lehenago egin zuen leitzarrak (2001). Buruz buruko nagusian eman zituen bere mailaren lehen zantzuak, eta lau t'erdikoan berretsi, txapela irabazita Berasaluze VIII.a, Ruiz, Errandonea, Alustiza eta Lasa III.a gainditu zituen lehenengo, eta Eugi finalean azkena. 2002an ere sartu zen finalean, baina Aimarrekin egin zuen topo. Zerrendaburuen artean zegoen iaz, baina Capellanek utzi zuen kanpoan. Aurtengoak, 2001eko haren antz gehiago du, inondik ere, iazko harena baino.

-IVES SALABERRI 'xala': Jauziak eman eta eman ari da etenik gabe. Binaka erakutsi zuen lehenengo duen maila, buruz buruko nagusian iaz, eta lau t'erdi barruan aurten. Harriagarria da haren jarduna. 2001ean hartu zuen parte aurreneko aldiz lau t'erdiko txapelketan. Galarza V.aren kontra jokatu eta galdu zuen (22-10). Nagoreren kontra hastea tokatu zitzaion hurrengo urtean (2002), eta galdu egin zuen orduan ere (22-15). Iaz, kanporaketa aurrekoa jokatu eta galdu zuen Gonzalezen kontra (14-22). Aurten, hiru partida irabazita, finalerdietan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.