Handia egin zuen atzo Athleticek, etxean Bartzelonari 1-0 irabazita. Zuri-gorriek San Mames Barrian galdu gabe jarraitzen dute, eta, atzoko garaipenarekin, laugarren dira sailkapenean, Txapeldunen Ligako postuetan.
Berdinduta egon zen markagailua eta jokoa lehen zatian, baina baloi jabetza Bartzelonarena izan zen batez ere. Hala ere, bizkaitarrek izan zituzten aukerak aurre hartzeko. Bigarren zatian iritsi zen Athleticen gola, 70. minutuan; Herrerak Susaetari baloia eman, eibartarrak erdiratu eta baloia Muniainek sareratu zuen. Azken 20 minutuetan, Bartzelonak ez zuen arriskurik sortu, eta abantaila handiagoa lortzeko aukerak izan zituen Athleticek.
Osasunak, berriz, kale egin zuen Valentzian. Patxi Puñal egotzi zuen epaileak 15. minutuan, eta horrek baldintzatu zuen partida. Errazago jokatu zuen hortik aurrera etxeko taldeak, eta lehen zatia amaitzear zela jarri zen aurretik, hegaletik egindako jokaldi bat Jonasek sareratuta.
Jonasek berak egin zituen hurrengo bi golak ere. Bigarren zatia hasi eta berehala, Feghouliren erdiraketa bat errematatu zuen aurrelari brasildarrak, eta erabakita utzi zuen partida. 54. minutuan egin zuen 3-0ekoa, eta azken minutuetan patxadaz jokatu zuen Valentziak.
16. postuan dira orain gorritxoak, 13 puntu eskuratuta. Puntu bakarrera dituzte jaitsiera postuak, 12 puntu baititu Valladolidek, 18. sailkatuak.