Txapeldunen Liga, Itxako gabe

Lizarrako taldeak uko egin dio Europako txapelketa nagusia jokatzeari, arazo ekonomikoengatik

Itxakoko jokalariek protesta egin zuten liga irabazi zuten egunean, salatzeko kobratu gabe zeudela hainbat hilabetetako soldata. LANDER F. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2012ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Itxako ez da ariko Txapeldunen Ligan datorren denboraldian. Aurreko sasoian ABF liga irabazi zuen Lizarrako taldeak, eta garaipen horrek Europako txapelketa nagusian jokatzeko aukera eman zien jokalari nafarrei. Pistan irabazitakoa, ordea, arazo ekonomikoen ondorioz galdu du Itxakok, dirua baita Txapeldunen Ligan ez aritzeko eman duten arrazoia. Halaxe aitortu du taldeko zuzendaritzak. Aho batez erabaki du uko egitea lehiaketan aritzeko aukerari.

«Egun ditugun babesleekin, ezin dugu bermatu bukatu berri den sasoian izan ditugun arazoak ez ditugula izanen hurrengoan ere», erran du Itxakoko presidente Miguel Bujandak. Argi utzi du erabakia «gogoeta luze eta sakon baten ondorio» izan dela, eta aitortu du ez dela «batere erraza» izan. «Ezin genuen halako konpromisorik hartu, ordea. Taldeak haizea behar du», gaineratu du Bujandak.

Txapeldunen Liga bazter utzita, EHF Kopan aritzeko aukera aztertzen ari da orain Itxako. Litekeena da lehiaketa horretan parte hartzea, Bujandak erran duenez. Uztailaren erdialderako hartu beharko dute erabakia. Itxako lehen, bigarren edo hirugarren errondatik aurrera ariko ote den, berriz, EHFri dagokio erabakitzea.

11 txapel, Ambrosen eskutik

Azken bost urteotan, emakumezkoen eskubaloiaren esparruan, lehen postuetan izan da Itxako. 2009. urtetik, 11 txapel irabazi ditu Lizarrako taldeak. Denak, Ambros Martin entrenatzailearen eskutik. Liga lau aldiz irabazi du; hiru aldiz Espainiako Kopa, eta bertze hiru aldiz Superkopa. EHF Kopako txapeldunorde izan zen 2008an, eta irabazi egin zuen hurrengo denboraldian, 2009an. 2010ean, berriz, Txapeldunen Liga jokatu, baina galdu egin zuen; txapeldunorde izan ziren nafarrak.

Goia jo ondoren, behera hagitz azkar egin du Itxakok azken hilabeteotan. Ez pistan, baizik eta bulegoetan. Bukatu berri den denboraldian, agerian gelditu da taldeak zer-nolako arazo ekonomikoak dituen. Jokalariek eta entrenatzaileek beren egoera salatzeko urratsa egin zuten joan den abenduan. Geroztik, giro nahasia izan da nagusi Itxakoko kideen artean. Aldaketaz josita aurre eginen dio Itxakok denboraldiari. Martinek taldea utzi du, eta Jose Ignacio Pradesek hartu du taldearen ardura. Jokalarien artean ere, anitz mugituko dira Lizarratik. Bujandak, hala ere, ez du deus aurreratu nahi izan Itxakon ariko den taldeari buruz.

Nafarren erabakiaren ondoren, ikusi egin beharko da Bera Berak, berez egokitzen zaion moduan, Txapeldunen Ligako atarikoa jokatu beharko duen edo ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.