Txapeldunen Ligako azken laurdenetan aritzeko lehen bi txartelak jokoan

Bartzelonak Arsenalen kontrakoari buelta eman beharko dio; Xaktharrek historia egin dezake Erroma kaleratuta

Erredakzioa
Donostia
2011ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Txapeldunen Ligako final-zortzirenetako itzuliko lehen bi partidak gaur jokatuko dira: Bartzelona-Arsenal eta Xakthar Donetsk-Erroma (20:45). Camp Noun jokatuko denak sortu du ikusmin handien. 2-1 galdu zuen Bartzelonak joanekoan, eta emaitza horri buelta eman beharko dio etxean. Xakthar eta Erromaren artekoak ere baditu osagaiak. Xakthar, izan ere, ez da inoiz Txapeldunen Ligako final-laurdenetara sailkatu, eta gaur du horretarako aukera ezin hobea —2-3 nagusitu ziren ukrainarrak joanekoan—.

Atzealdean hutsune nabarmenak dituela eta zalantzaren bat edo besterekin egin beharko dio aurre Bartzelonak Arsenali. Puyol ez da garaiz osatu eta Pique zigortuta dago. Abidal-Milito edo Abidal-Busquets bikoteen alde egin beharko du, horrenbestez, Guardiolak —medikuaren agiria jaso du eta aulkian izango da gaur—. Bartzelonak kontrolpean izan zuen kanporaketa joanekoan, baina konfiantza gehitxoz aritu zen uneka, eta kale egin zuen erasoan. Arsenal azken unean berpiztu zen, eta kanporaketa alde jarri. Ez ditu oker berberak errepikatu nahi Guardiolak, eta inoiz baino eraginkortasun handiagoa eskatu die bere jokalariei.

Arsenalek ere zalantza bat baino gehiago ditu gaurkorako. Ingalaterrako Ligan ez da ohi bezain fin aritu azken partidetan, eta min hartuta ditu jokalari asko. Dena dela, Arsene Wengerrek Cesc eta Van Persie deialdian sartu ditu azkenean, eta jokatu egingo dute.

Erroma, larri

Xaktharrek eta Erromak jokatuko dute gaurko beste kanporaketa. Italiarrek galdu egin zuten joanekoan (2-3), eta larri ibiliko dira Xaktharren zelaian kanporaketari buelta emateko. Final-zortzirenetan ari direnen artean xumeena da Ukrainakoa, baina beste ezusteko bat eman eta Txapeldunen Ligako final-laurdenak jokatzeko sailka daiteke, historian lehen aldiz. Italiarrak ez daude amore emateko. Montellak Ranieriren tokia hartu duenetik hobeto ari dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.