FUTBOLA

Txapeldunen Ligan izateko jauzia egin du Realak

4-2 irabazi dio Valentziari, eta bost puntuko aldea du bosgarren sailkatuarekiko.

2013ko apirilaren 29a
08:01
Entzun

Hurrengo denboraldian Txapeldunen Ligan jokatzeko jauzi handia egin zuen atzo gauean Realak, Valentziari irabazita. Donostiarrak 4-2 gailendu ziren, eta handitu egin zuten bosgarren sailkatuarekiko –hain justu, Valentziarekiko- zuten aldea; bost puntuko aldea dute orain txuriurdinek laugarren postuari eusteko.

Urduri hasi zen Reala, eta Valentzia aurreratu zen markagailuan. Soldadok egin zuen lehen gola, buruz, 25. minutuan. Bi taldeek izan zituzten gola egiteko aukerak –Bravok areatik kanpo eskuekin ukitu zuen baloia, baina epaileak ez zuen ezer adierazi-, baina atsedenaldira iritsi aurretik berdintzea lortu zuen Realak; Iñigo Martinezek sareratu zuen baloia 34. minutuan.

Baloia gehiago izan zuen Realak bigarren zatian, eta nabaritu zuen. 2-1ekoa, ordea, kontraeraso baten bidez egin zuten donostiarrek. Jokaldi bikaina egin zuten Chory Castrok eta Agirretxek, eta Uruguaikoak aurreratu zuen Reala markagailuan, 73. minutuan. Hamahiru minutu geroago egin zuen Agirretxek hirugarrena, eta bazirudien lasaitasuna heldu zela Anoetara.

Jonasek, ordea, aldea murriztu zuen Valentziarentzat, 89. minutuan. Tentsio handiko minutuak izan ziren, baina Agirretxek egin zuen gol erabakigarria 94. minutuan, baloia atezainaren gainetik bikain loratuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.