Futbola

Txapeldunen Ligan lehiatzeko lehen pausoa eman nahi du Osasunak gaur

Joaneko partidan emaitza ona lortu eta kanporaketa etxean erabaki nahi du Osasunak

2006ko abuztuaren 9a
11:30
Entzun
Asier Legarda-Ereño

Iruñea

Bi kluben historiari eta aurrekontuei erreparatuz gero, Hanburgo taldea jo daiteke faboritotzat. Hala eta guztiz ere, Bundesligako hirugarren sailkatuaren eta Espainiako Ligako laugarren sailkatuaren arteko lehiak orekatua izan behar duela dio teoriak, eta horri eutsi nahi dio Osasunak. «Gu ez goaz biktimaren rola jokatzera, ez dut uste Hanburgok aise hartuko gaituenik mendean, eta lehia orekatua izatea espero dut. Historiari edo estatistikei begiratuz gero, normala da Hanburgo faboritotzat jotzea, baina Osasunak edozein talde har dezake mendean», esan zuen herenegun Jose Angel Ziganda Kuko-k Taxoaren, Interneteko apustu etxeetan Hanburgo faborito argitzat jotzen dutela gogoratu ziotenean. Osasunako entrenatzaile berriak badaki erronka zaila duela Lehen Mailako entrenatzaile ibilbidea hasteko, baina Hanburgok ere erronka zaila izatea da bere asmo bakarra.

«Nik ez nuen jokatu Txapeldunen Liga, Athleticekin Liga bigarren postuan amaitu nuen urtean Osasunara itzultzea erabaki bainuen. Halere, UEFA jokatu nuen, eta badakit tankera horretako partidetan egoera zein den. 50.000 ikusleren aurrean jokatzeak ezin du eragin txarrik izan», jarraitu zuen Zigandak. Eta ea hala den.

Osasunako jokalariek baino eskarmentu handiagoa dute Hanburgokoek era honetako norgehiagoketan: «Ospe handiko aurkaria izango dugu aurrez aurre. Jokalari internazional ugari ditu Hanburgok, eta era honetako partidak jokatzen ohituta daude. Halere, gu ere talde sendoa gara; aurkari handia da, baina irabazi ahal diogu Hanburgori», amaitu zuen Zigandak, seguru, faboritoa izateak kanporaketa gainditzea ziurtatzen ez duela jakinda.

Hanburgo taldearen web orrian argi utzi zuten zozketaren egunean Osasuna talde erraza denik ez dutela pentsatzen: «Zaila zen zozketan egokitu zaigun aurkaria baino aurkari zailagorik egokitzea», zioten alemaniarrek, badaezpada.

Zigandak bezalaxe, Hanburgoko entrenatzaile Thomas Dollek ere ez du aparteko eskarmenturik entrenatzaile gisa Europan. Bi entrenatzaile gaztek zuzentzen dituzten taldeen arteko kanporaketa da: 1966ko apirilaren 9an jaio zen Doll, Ekialdeko Alemanian; 1966ko urriaren 1ean jaio zen Ziganda, Nafarroan. Hori bai, futbolari ibilbidea biek 2001ean amaitu zuten arren, Dollek 2004- ko udazkenean eman zuen Hanburgoren bigarren taldetik lehenengorako jauzia, eta Zigandak 2006a arte itxaron behar izan du Osasuna B taldean. Intertotoko finalean Valentzia mendean hartzea zer den badaki Dollek entrenatzaile gisa, eta UEFAn ere aritu da.

BI BERRI HAMAIKAKOAN. Zigandak ez zuen Alemaniara abiatu aurretik hamaikakoa aurreratu nahi izan; baina, azken probetan egin duenaren arabera, gorritxoen hasierako hamaikakoan bi berrikuntza izango direla aurrera daiteke: Natxo Monrealek eta Roberto Soldadok estreinako partida jokatuko dute Osasunarekin lehiaketa ofizialean. Beste jokalari guztiak iragan sasoian bikain aritu zirenak izango dira, baina Monrealek eta Soldadok freskotasuna eman behar diote taldeari.

Monreal ezker hegaleko atzelaria da, eta 20 urteko jokalari iruindarrak denboraldi-aurre honetan eman du lehen talderako jauzia. Corralesekin lehiatuko da Monreal postu baten bila, baina 2.B Mailatik datorren arren, Zigandak ondo ezagutzen du, eta badirudi Corralesi aurre hartu diola lehian. Espainiako selekzioarekin hainbat aldiz aritu da gazte mailetan, eta Raul Garciaren belaunaldikoa da Monreal. Azkarra da, huts gutxi egiten ditu, eta ezker hanka dotorea du; lehiaketa nagusietan inolako eskarmenturik ez du, ordea. Hanburgon hasiko da ikasten, zailtzen.

Roberto Soldadok ere gaur jokatuko du Osasunarekin lehen norgehiagoka. Aurrelari espainiarrak 21 urte ditu. Real Madrilek utzita iritsi da Osasunara, eta Espainiako Ligako erdiek lortu nahi zuten, iragan sasoian Bigarren Mailan Real Madril B-rekin bikain aritu ostean: 19 gol lortu zituen Soldadok Bigarren Mailan. Real Madrilen lehen taldearekin bi gol sartu zituen, eta horregatik, golak sartzeko erraztasuna duelako ekarri du Osasunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.