Usain Bolt
Jamaika, 25 urte
Pekingo Olinpiar Jokoetan eta Berlingo Munduko Txapelketan erakustaldia eman zuen, bakoitzean hiru urre irabazita eta kronometroa txikituta. Daegun ere hirukoa lortu nahi du berriro.
Kenenisa Bekele
Etiopia, 29 urte
2003tik hona ez du aurkaririk izan 5.000 eta 10.000 metroko probetan, eta zortzi urre lortu ditu Munduko Txapelketan eta Olinpiar Jokoetan. Daegun 10.000 metrokoan ariko da bakarrik.
Andreas Thorkildsen
Norvegia, 29 urte
Egungo olinpiar eta munduko txapelduna da, eta aurten ere inork ez du berak baino urrutiago jaurti xabalina. Bi metro eta erdiko aldea du aurkariekiko. Berea behar luke urrea.
Jelena Isinbaieva
Errusia, 29 urte
Kolpe latza jaso zuen Berlinen dominarik gabe geratuta, baina hortik gutxira 27. aldiz hobetu zuen munduko marka (5,06 metro). Gero, baina, erretiroa hartu zuen. Aurten itzuli da.
Vivian Cheruiyot
Kenya, 27 urte
Egungo txapelduna da 5.000 metrokoan, urteko azkarrena, eta faboritoa urrea irabazteko. Daegun 10.000 metrokoan ere ariko da, eta horretan ere gertu izango du garaipena.