Txartelen erdiak, banatzeko

Arsenalek eta Apoelek lanak egin dituzte, eta pasatu egin dira Txapeldunen Ligako final-zortzirenetara

Erredakzioa
Donostia
2011ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Zortzi talde daude jadanik Txapeldunen Ligako final-zortzirenetan. Alegia, txartelen erdiak banatu dituzte, eta beste erdiek ez dute oraindik jaberik. Arsenal eta Apoel izan dira azkenak etxeko lanak egiten eta kanporaketetan tokia ziurtatzen. Ingelesek eta zipretarrek atzo lortu zuten helburua, F eta G multzoetan.

E multzoan, Bayer Leverkusenek eman zuen ezustekoa, etxean Chelseak sartutako golari buelta eman eta 2-1 irabazita. Emaitza horrekin, alemaniarrak lider dira orain bederatzi punturekin, Chelseak eta Valentziak baino puntu bat gehiagorekin. Unai Emeryk entrenatzen duen taldeak sailkatzeko aukerari eusten dio Genk-i astindua eman ondoren (7-0). Bayer Leverkusenek nahikoa du azken jardunaldian Genk-en zelaian berdintzea sailkatzeko, beste partidan Chelsea eta Valentzia izango baitira aurrez aurre Londresen.

F multzoan, berriz, Arsenalek bi helburu lortu zituen batean Borussia Dortmundi 2-1 irabazita: sailkatzea eta lehen postua ziurtatzea. Beste partidan, Olympiakosek 0-1 nagusitu zitzaion Olympique Marseillari, eta emaitza horrek izugarri estutu du multzoa, frantziarrek, greziarrek eta alemaniarrek baitute aukera sailkatzeko.

G multzoan, azkenik, Apoelek historia egin du, final-zortzirenak jokatuko dituen Zipreko lehen taldea izango baita. Apoelek hutsean berdindu zuen Zeniten zelaian, eta puntu horrek eman zion txartela. Zenit eta Porto lehiatuko dira zipretarrekin batera sailkatzeko. Portugaldarrek garaipena lortu zuten Xakhtarren zelaian (0-2). Porto eta Zenit aurrez aurre izango dira azken jardunaldian: errusiarrek zortzi puntu dituzte, eta nahikoa dute berdinketarekin final-zortzirenetan izateko.

Bartzelona nagusi San Siron

H multzoan Bartzelona eta Milan jada sailkatuta zeuden. Ordena, baina, zehazteko zegoen, eta atzo askatu zen korapiloa, Bartzelonak 2-3 irabazi baitzuen San Siron. Multzoko beste partidan Viktoria Plzenek 0-1 hartu zuen mendean Bate Borisov.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.