Futbol taldeek asteburuko partida irabazteko egiten dute lan astean zehar. Hiru puntuak eskuratuz gero, poza izaten da nagusi taldeetako aldageletan. Garaipena azkeneko minutuan egindako gol bati esker eskuratzen bada, ohikoa baino gozoagoa izaten da garaipenak uzten duen ahozaporea. Azken finean, jokalari, entrenatzaile eta zaleen artean ezinezkoa zirudiena lortu denaren irudipena egoten baita. Eta hori guztia derbi batean gertatzen bada, ederra izaten da oso biharamuna. Horrelakoetan, emaitzak baino ez du balio izaten. Gainerako kontu guztiek garrantzia galtzen dute. Eskuratutako garaipena eta irabazitako hiru puntuak hartzen dira bakarrik aintzat, ez ondo jokatu den edo ez.
Herenegun San Mamesen Osasunaren kontra lortutako garaipenak Europako postuetara gerturatzeko aukera eman dio Athletici. Bide batez, igande honetan jokatu beharko duen bigarren derbia presio barik prestatzeko parada ere eskaini dio Joaquin Caparrosek zuzendutako taldeari. Hori guztia, etxean erreskadan eskuratutako bosgarren garaipenak eman dio talde zuri-gorriari:lau ligan eta Kopan bestea.
Dena dela, gorritxoen kontrako neurketak ez zuen zerikusirik izan aurreko partidekin. Eroso, aparteko arazorik gabe irabaztera ohitzen hasita zegoen Athletic. Arrazoi batzuk edo beste tarteko, Zaragoza, Getafe, Almeria eta Alcorcon ezinean aritu ziren Katedralean. Aurrez, Mallorcak ere ez zuen itxura ona eman. Txapelketa indar handiarekin hasi zuen Atletico Madril eta Bartzelona izan dira zuri-gorrien gotorlekua hartzeko gai izan diren talde bakarrak.
Osasuna ere ez zen urruti ibili. Maila ertaineko taldeen artean Athletic estu eta larri hartu duen bakarra izan da. Caparrosek ere galduta ikusi zuen partida. «Begoñako Amak salbatu gaitu», esan zuen teknikari zuri-gorriak partida ostean. Ez zen horrenbesterako izan, baina argi dago Osasunak Athleticek baino hobeto jokatu zuela San Mameseko zelaian. Hala ere, ez da ahaztea komeni hobeto jokatzetik irabaztera urrats handia egon daitekeela. Galde diezaietela bestela Iruñeko taldeko jokalariei. Futbol zelaian nagusi izan arren, aukera garbi bakarra izan zuten, Monrealek buruz egin zuen errematea, hain zuzen ere -Juanfranek ere aukera bat izan zuen-. Athleticek, berriz, garaipenaren gola egiteaz gain, Llorentek eta Gurpegik jokaldi berean izan zuten aukera bikaina eta Susaetak korner batean langara botatako jaurtiketa izan zituen alde. Hau da, jokoan gutxiago izan arren, beldur gehiago eragin zuen Athleticek Ricardoren atean Osasunak Iraizozenean baino. Athletic Osasuna baino talde eraginkorragoa izan baitzen. Joa duen talde baten eta golak sartzeko erraztasunik ez duen beste baten arteko lehia izan zen derbia. Eta ia beti gertatzen den legez, eraginkorrenak irabazi zuen. Athletic baita Espainiako Ligan orain arteko jardunaldi guztietan gutxienez gol bat egin duen talde bakarra. Meritua ikaragarria dauka talde zuri-gorriak.
Hala ere, eraginkortasunak gabezia asko ezkuta ditzake. Profesionalek badakite garaipenen, berdinketen eta porroten atzean beste gauza asko aurki daitezkeela. Gabeziak zein dohainak. Athleticek ez zuen golik jaso, eta hori da talde batek garaipena eskuratzeko egin behar duen lehen urratsa. Bide batez, talde zuri-gorriaren defentsako lanaren inguruan sortutako zalantzak uxatzeko lehen pausoa eman zuen. Erasoan, berriz, sekula baino lotuago aritu zen talde zuri-gorria. Aurrean izan zuen taldea izan zen horren errudun nagusia. «Osasuna oso ondo aritu zen. Oso ondo prestatu zuen neurketa. Serio aritu zen», adierazi zuen atzo Jon Aurtenetxek. Javi Martinezek, berriz, Caparrosen ildotik jo zuen. «Gure hegalak eta Llorente ondo zaindu zituen Osasunak. Zortea izan genuen. Guk gutxitan izan dugu zortea, baina derbian gure alde izan genuen».
Anoetako derbia, begi bistan
Onerako zein txarrerako, Ligak ez du etenik, eta aurrera begiratu behar da. Athleticen kasuan beste derbi bat dago ate joka. Zortzi egunen buruan jokatuko duen bigarrena Realaren kontra eta etxetik kanpo jokatu beharko du. Aurkari ezberdina eta zaleen babesetik urrun izanda, neurketari aurre egiteko modua ere aldatu egingo da. Osasunaren kontra ez bezala, Athletic ez da Anoetan faborito garbi bezala zelairatuko. Reala etxean erakusten ari den maila ona eta infernutik bueltan aurkari nagusietako bat mendean hartzeko izango duen goseak arriskutsu egiten du talde txuri-urdina. Baina, zuri-gorriek ere badute norgehiagoka jokatzeko gogoa. «Luzaroan egon gara zain Anoetan jokatzeko. Beraz, gogoari dagokionez ezin gaituzte irabazi», adierazi zuen Javi Martinezek.
Erdilari nafarrak derbi bakarra jokatu du Realaren kontra. Beraz, bigarrena jokatzeko «irrikan» dago. Aurtenetxe, berriz, sarri askoan lehiatu da talde txuri-urdinaren aurka. Baina sekula ez du lehen taldearekin egin, ezta Realaren lehen taldearen aurka. «Gazte mailan askotan aritu naiz Realaren kontra. Jubeniletan ere intentsitate handiz bizitzen dira derbiak, baina igandekoa berezia izango da».
Lezaman zein Zubietan jokatutako neurketetatik ezagutzen du futbol mundua ahozabalik lagatzen ari den Antoine Griezmann. «Oso jokalari ona da». Zorionez, ez du igandean aurrean izango. Realeko erdilari frantziarrak kontrako hegalean jokatuko baitu. Baina, zaindu beharko duen futbolaria ez da Maconekoa baino gutxiago. Xabi Prieto izango da, seguruenik, egun Realak duen jokalaririk erabakigarriena. Beraz, Aurtenetxe donostiarraren gainean egon beharko da hasiera-hasieratik. «Prieto ere oso ona da. Zuzena eta azkarra da. Banakako jokaldiak egitea du gustuko».
Txarto ohituta zegoen
San Mamesen jokatutako azken partidetan baino askoz gehiago sufrituta hartu zuen mendean herenegun Athleticek Osasuna. Anoetan jokatzeko «irrikan» daudela aitortu dute Javi Martinezek eta Jon Aurtenetxek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu