Mendia

Txikonek bide berri bat zabaldu nahi du Kanchenjungan

Mendiaren ipar-mendebaldetik egin nahi du saioa; bihar abiatuko da Katmandura (Nepal).

jarraia90698.jpg
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2014ko apirilaren 8a
14:18
Entzun

Ez da geldi egotekoa Alex Txikon. Txintxetaz beteriko mundu mapa du etxean, egin dituen bidaia guztiak markatzeko. Hurrengoa Kanchenjungan jarri nahi du, Nepal eta India arteko mugan dagoen mendian. Munduko mendi garaienetan hirugarrena da. 8.556 metro garai da, eta zortzimilakoen artean zailenen artean dago. Igoera gutxien duen bigarren mendia da, Annapurnaren (Nepal) ondoren. Kanchenjungara igotzeko espedizioan bidelagun izango ditu Denis Urubko kazakhstandarra eta Adam Bielecki poloniarra.

Alpino estiloan egin nahi dute igoera, oxigeno artifizial eta zamalarien laguntza gabe. Tontorrera iristeko ibilbide berri bat irekitzen saiatuko dira mendiaren ipar-mendebaldetik. Txikonek adierazi du zailtasun tekniko handiak dituela espedizioak, baina psikologikoki prest dagoela.

2009an Kanchenjunga mendiaren magalean izan zen Txikon. Al filo de lo imposible programan Edurne Pasaban mendizalea laguntzera joan zen orduan. Tontorrera iritsi nahi du orain. Igoera maiatzaren 18tik 28ra bitarte egiteko asmoa duela adierazi du mendizaleak. Bihar hasiko du bidaia. Katmandura joango da lehenik, kanpaleku nagusira joango da gero, girora egokitzeko aldia izango du gero, eta gero hasiko du gailurrerako igoera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.