TXIRRINDULARITZA. Atsedena, batzuek bakarrik

Bizpahiru orduko entrenamendu lasaia egin dute txirrindulariek lehen atseden egunean

unai zubeldia
2008ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Itzuli handietan etaparik gabeko egunei atseden egun esaten zaie, baina laster atseden hitz hori hiztegitik kendu beharko dute, azkenaldian atsedenetik gutxi izaten baitute egun berezi horiek. Bretainian hasi, Erdialdeko Mendikatean berotu eta Pirinioetan barrena lehen hamar etapak igarota, segundo batek ematen eta kentzen duen arrakastaren barrenean igaro zuten atzoko eguna Cadel Evans australiarrak (Silence Lotto) eta Frank Schleck luxenburgotarrak (CSC). Taldeetako arduradunak, berriz, bulegoetako lanetan ibili ziren.

10 etapa eta 42 ordu eta erdiko lanaren ostean, segundo bakarra dago Evansen eta Schlecken artean. Joan den larunbatean faborito ziren txirrindularietako asko hustuta utzi dituzte Pirinioek -Alejandro Valverde (Caisse d'Epargne), Damiano Cunego (Lampre), Haimar Zubeldia (Euskaltel-Euskadi), Andy Schleck (CSC)...-, baina sailkapena argitu, ez dute askorik argitu. Evans da liderra, baina segundo bakarrera dago Schleck, 38ra Christian Vandevelde (Garmin Chipotle), 46ra Bernhard Kohl (Gerolsteiner), 57ra Denis Mentxov (Rabobank), 1.28ra Carlos Sastre (CSC)...

Lehen hamar sailkatuak bi minutu eta erdiren jiran dabiltza. Tourra bizi-bizirik dagoen seinale. Lance Armstrongen eta bere taldearen aginterik ezak handitu egin du Tourra irabaz dezaketenen zerrenda. Ez dago Armstrongen edo Indurainen gairik daukan txirrindularirik, maila apaldu egin da, baina orekak are ikusgarriago bihurtu du Tourra.

Lannemezanetik Foixera bidean, Pirinioen arrastoan ibiliko dira gaur ere txirrindulariak, eta 110. kilometroan Portel lehen mailako mendatea igo beharko dute. Erabateko atsedena ezin hartu, eta atzo ere talde gehienek bizpahiru orduko entrenamendu samurra egin zuten, gorputza erabat ez alpertzeko. Hiru etapa gorabeheratsuren ostean, datorren igandetik asteazkenera bitartean Alpeetako mendateek erabakiko dute Tourra nork irabaziko duen.

ProTourreko 17 taldeen bilera

Baina atseden egunean gogotik lanean Tourrean dabiltzan ProTourreko 17 taldeak aritu ziren. Bilera eduki zuten goizean Pauen, eta «aho batez» onartu zuten 2009an ProTourrean aritzeko lizentzia ez berritzea. Frantziako Tourreko, Italiako Giroko eta Espainiako Vueltako arduradunekin elkarlanean -ASO, RCS eta Unipublic-, UCI Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunaren egiturari uko egin, eta 2009tik aurrera euren egutegia sortzeko hitzarmena adostu dutela jakinarazi zuten taldeetako ordezkariek-Astana ez zen izan bileran, eta UCIren barruan jarraituko duela adierazi zuen-.

Miguel Madariaga Euskaltel-Euskadiko managerrak BERRIAri adierazi zionez, «txirrindularitza profesionalaren egitura berria» sortzea da helburua, UCIk 2004an sortu zuena ordezkatuko lukeen egitura sortzea. «Munduko lasterketarik garrantzitsuenetan parte hartzeko sinatu genuen UCIren proposamena, baina hiru itzuli handiak hortik kanpo geratu ziren. Ezin dugu horrela jarraitu. Diru asko galtzen ari gara». UCIri berari ere eskatu diote taldeek ekimenarekin bat egiteko. «Baina aurka egon arren, 17 taldeok aurrera egiteko prest gaude». UCIk arratsaldean adierazi zuen lizentzia berritzen ez duten taldeak UCItik kanporatzeko arriskuan egongo direla.

Astelehenean Turinen (Italia) beste bilera bat egitekotan geratu ziren atzo taldeetako arduradunak, eta, azken urteotan bezala, atseden egunak atsedenetik gutxi izan zuen atzo ere.



Josean Fdez. 'Matxin' Saunier Duvaleko zuzendaria
Etapa baten bila joan eta hiru lortuta, Saunier Duval nahi bezala dabil. Pirinioetan erakustaldiak emanda, zuzendaria sinetsi ezinda dabil. «Baina gehiago nahi dut», dio behin eta berriz

«Riccok helburu argia dauka: Alpe d'Huezeko etapa irabaztea»

Unai Zubeldia

Gozatu egin zuen atzo, atseden egunean, Josean Fernandez Matxin Saunier Duvaleko zuzendariak. Hiru urte pasatu ditu Tourreko etapa bat irabazi ezinik; aurten, astebetean, hiru irabazi ditu.

Hausnarketa egin aurretik, atera ezazu taldearen gaur goizeko [atzo] argazki bat. Nola esnatu zarete?

Oso irudipen ona daukagu. Argi dago taldea indartsu dabilela, sasoi onean iritsi garela, ez baitabil txirrindulari bakarra gaizki. Denak dabiltza puntan, eta hori nahi izaten dugu zuzendariok, txirrindulari bakarra ez ibiltzea aurrean, hizketagai bakarra ez izatea. Norbanakoen gainetik taldea gustatzen zait niri. Riccok bi etapa eder irabazi ditu, baina Cobo, Piepoli, De la Fuente... horiek ere protagonistak dira.

Cobo zortzigarren, mendiko maillota, talderik eta gazterik onena... Hiru urte zeneramatzaten Tourrean etapa bat irabazi ezinik, nola azal daiteke hainbesteko arrakasta?

Txirrindulari bikanei esker lortzen da hori. Bagenekien Tourrean ondo ibil gintezkeela, baina ez genekien etaparen bat irabaziko genuen edo ez. Talde honek irabazteko grina dauka, ordea. Horrela ulertzen dugu guk txirrindularitza, eta, zorionez, emaitzak lortzen ari gara. Cobo aurrean ibiltzeko asmoz etorri zen, Leo [Leonardo Piepoli] Giroan erori, eta gogotsu etorri zen Tourrera, eta Ricco, ikusi dugun moduan, oso sasoi onean iritsi da.

Maillot guztiei eutsi nahiko diezue, noski, baina zer mantentzea gustatuko litzaizuke zuri bereziki?

Zoragarria litzateke Parisen Tourreko talde onenaren saria jasotzea. Zuzendari batentzat hori da lorpenik ederrena.

Zuk hasieratik izan duzu konfiantza handia Coborengan, baina noraino hel daiteke? Alpeetan onenekin iraun dezake?

Dagoeneko erakutsi du Alpeetan ere aurrean ibil daitekeela. Aukera polita daukagu, eta saiatuko gara. Lortuz gero, primeran, baina, huts eginez gero ere, nahikoa lortu dugu orain arte. Egunean egunekoa egingo dugu, baina oso harro gaude egin dugunarekin.

Hautacameko eta Alpe d'Huezeko etapak zeneuzkaten begiz jota. Bat irabazi duzue. Bigarrena irabazteko, Riccori begira jarriko gara?

Riccok helburu argia dauka: Alpe d'Huezeko etapa irabaztea. Oso etapa egokia da berarentzat. Mendi historikoa da, eta ez dut uste inork han irabazteari uko egingo liokeenik. Aukera polita dauka, eta saiatuko gara laguntzen.

Zer esango diezu txirrindulariei egunero egiten duzuen bileratxoan?

Bazkaltzen eta afaltzen dugun bitartean egingo dugu bilera, lasai ederrean, gozatuz, giro ona sortuz. Taldean giro on hori sortzea gustatzen zait; horregatik ematen dute gero lasterketan den-denek barruan daukaten guztia.

Cobo Evansekiko 2.10era dago sailkapenean, eta Ricco 2.29ra. Podiumera begira has zaitezkete?

Ez dut gora begiratu nahi; eguneroko pozak betetzen nau ni. Hala ere, erakutsi dugu irabazleak garela, eta hori da garrantzitsuena. Ez gara hasiko esaten Cobo aurrerago egon daitekeela. Goza dezagun lortzen ari garenarekin.

Alpeetara begira, jarrera erasokorrari eutsiko dio Saunier Duvalek?

Bai, bai. Horrelakoak gara gu. Erasotzea gustatzen zaigu. Atzo ere [herenegun], inor ez zela lanean hasten ikusita, erasotzea erabaki genuen. Neurri batean, gure mugimendu taktikoak eraginda hasi zen CSC lanean. Inork ez badu erritmorik jartzen, guk erritmo aldaketak egingo ditugu, horrela gehiago sufritzen baitute askok. Ardura hartzera behartu ditugu talde asko.

Hautacamen pot egin zuten Valverdek, Cunegok, Kirchenek... Nola ikusten duzu podiumerako borroka?

Txirrindulari erregularrak hasi dira agertzen: Mentxov, Sastre, Evans... Horiek, agian, ez dute egun ikusgarririk izango, baina egun txarrik ere ez. Gu beste muturrean gaudela esan daiteke. Oso erlojupeko txarra egin genuen, adibidez, eta onartu beharra dago. Erasokorrak gara, ordea, eta erakutsi dugu zein jarrera daukagun. Jendea, agian, harritu egingo da hain erasokor gabiltzalako, baina Euskal Herriko Itzulian, Euskal Bizikletan... horietan ere jarrera berbera izan genuen.

Zuretzat ere bereziak al dira Pirinioetako etapa horiek?

Zalantzarik gabe! Une batzuetan ileak tente-tente jarri zaizkit niri ere. Txirrindulariak kirolari gisa maite dituzte zaleek; ez dituzte txapeldunak soilik animatzen, denei babes berbera ematen diete. Ni, adibidez, autoa gidatuz doan langile bat besterik ez naiz, baina izugarria da zaleek niri ere zenbateko babesa ematen didaten ikustea. Euskal zale guztiei eskerrak bidali beharrean nago. Harro sentitzen gara une horietan.

11 etapa geratzen zaizkio oraindik Tourrari. Zerekin geratuko litzateke gustura Matxin?

Egin dugunarekin nahikoa dut, oso gustura nago. Baina badakigu indar handia daukagula eta momentu hau aprobetxatu behar dugula. Nik gehiago nahi izaten dut beti, eta lortu duguna lortuta ere, ez dut amore emango. Gauza asko dauzkagu eskura: Ricco Alpe d'Huezi begira dago, eta Piepolirekin ere aukera polita eduki dezakegu. Saiatuko gara aurrean ibiltzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.