TXIRRINDULARITZA. «Badakit gauza politak galtzea zer den»

Orain arte egindakoarekin oso gustura eta etor daitekeenarekin itsutu gabe dago Igor Anton. Momentuko pozarekin gozatzea, beste helbururik ez dauka bizkaitarrak.

unai zubeldia
Donostia
2010eko irailaren 7a
00:00
Entzun
Espainiako Vueltako maillot gorria jantzita ere ez da harrotzen Igor Anton (Galdakao, Bizkaia, 1983). Beti umil, umilegi gehiegitan, baina bere buruarengan konfiantza handiarekin hitz egiten du Vueltako liderrak. Telefonoa sutan dauka egunotan. Etxekoak, lagunak, «pertsona berezi hori», herriko fruitu-saltzailea... Denen deiei erantzuteko denborarik ez daukala-eta penatuta dago. Afaldu aurretik erantzun dio BERRIAren deiari. Umil, umilegi ere bai tarteka.

Zer moduz joan da atseden eguna liderraren maillota jantzita?

Oso-oso azkar igarotzen ari da eguna. Pixka bat entrenatu, prentsaurrekoa eman, bazkaldu, siesta ederra egin, masajea hartu, eta jada afaltzeko garaia iritsi dela konturatzen ari naiz. Ezertarako denborarik gabe geratu naiz.

Pisu handia dauka maillot gorri horrek? Errespeturik ematen du?

Ez, ez, gozamen hutsa da hau. Ondo egonda ere, oso zaila da horrelako gauzak lortzea, eta izugarrizko poza ematen du honek. Txirrindularitza oso kirol gogorra da, eta ez da erraza goian egotea. Horregatik, une onetan gozatzen jakin behar da.

Batzuk harrituta daude ematen ari zaren mailarekin. Zu ere bai?

Tira, alde batetik, agian, bai. Asko poztu naiz Vueltako etapa bat irabazita. Momenturik garrantzitsuenetan oso ondo sentitzen ari naiz tropelean. Harrituta ez nago, baina oso pozik bai itzuli hau nola prestatu dudan ikusita. Gogoan dauzkat denboraldi hasierako lasterketak eta entrenamenduak, eta orduan banekien Vueltan ondo ibiliko nintzela. Ez nekiena zen hain ondo ibiliko nintzela.

Azken bi urteotan zer falta izan zaio Igor Antoni orain ematen ari den maila on hori emateko?

Orain dela bi urte seigarren nengoen Vueltako sailkapen nagusian; itzuli polita egiten ari nintzen, baina erori egin nintzen. Ordutik dezente hobetu dut, esperientzia handiagoa daukat. Baina egia da iaz asko kostatu zitzaidala hanketako giharrak indartzea. Oso lan zaila izan zen, eta urte osoan ez nuen lortu orain daukadan maila eta sentsazio on hori, nahiz eta gero Urkiolan nik irabazi nuen.

Aipatu duzun moduan, 2008ko Vueltan Anglirura bidean erori eta amets asko apurtu zitzaizkizun. Fisikoki orain bi urte bezain ondo zaude?

Osotasunean, hobeto nagoela uste dut. Bi urte gehiago dauzkat, esperientziaren bi urte gehiago. Tartean momentu txarrak izan ditut, eta nik beti esaten dut momentu onetatik ez, txarretatik ikasten dela. Aurreko denboraldian asko ikasi nuen; mundu hau zaila dela ikusi nuen. Erorketa baten ondoren gorputzak bere onera etortzeko urtebete behar duela jabetu nintzen.

Momentu txar horietan noizbait pentsatu duzu amore ematea?

Ez, ez. Hain gaizki ez naiz egon inoiz. Baina inguruak oso gora begiratzen du, eta Tourraren bezperan jada kezkatzen hasi nintzen. Ezin nuen pedal kolpe onik lortu. Tourra Tourra da, gainera. Iaz, dena eman nuen han, baina asko kostatu zitzaidan. Baina bukatu nuen, behintzat; ihesaldiren batean ere sartu nintzen, eta ondoren Vueltan freskotasuna falta izan bazitzaidan ere, gogortzeko balio izan zidan urteak.

Joaquim Rodriguezek argi esan du Vuelta irabazi nahi duela, Vincenzo Nibalik ere bai, Frank Schleckek ere bai... Zuk, berriz, denen aurretik egonda ere, ezetz esan duzu, helburua ez dela Vuelta irabaztea.

Hori esan dut, helburua ez delako Vuelta irabaztea. Itzuli txikiak ere ez ditut irabazi oraindik. Etapa bat irabaztea, liderraren maillota janztea... Hau oso gauza polita da niretzat. Baina asko geratzen da oraindik, taldeak lan handia egin beharko du, eta momentu txarrak ere pasatuko ditugu. Maillot gorria gal dezakegu, jendea oso fin dagoelako. Nibali, Frank Schleck, Tondo... horiek gora egingo dute. Ez dugu urrutira begiratu behar. Egunean egunekoa egin behar dugu.

Baina ez al da, agian, mahai gainean kolpea eman eta aurkariei presioa sartzeko ordua?

Kolpea eman dudala uste dut. Etapa irabazi dut, eta ni nago lider. Baina benetan diot ez nagoela Madrilera begira. Egunero maila ona ematea da helburua, egunen batean dena gal dezakedala jakinda. Atzo [herenegun], adibidez, ihesaldi arriskutsua sortu zen, eta maillota galtzeko zorian egon ginen. Ez da lan erraza izango, eta taldeak lan handia egin beharko du. Baina egindakoa eginda dago.

Esan duzu taldeak lan asko egin beharko duela aurrerantzean. Taldearen mesedetan maillot gorri hori oparitzeko asmorik bai?

Ez, ez. Hau ez da oparitzen. Ez dakigu noiz arte iraun dezakegun, baina momentu politak igarotzen ari gara. Hori bai, momentu txarrak egonez gero, ez da ezer gertatuko. Lasaitasuna mantentzen jakin behar da. Maillot hau jantzita ez eramatea da normalena, baina jantzita daukagunez, ez dugu oparituko.

Bederatzi etapa joan dira, baina beste hamabi geratzen dira. Une honetarako sasoia onegia ote den beldurrik bai?

Ez dut horretan pentsatzen. Gustatuko litzaidake sasoi honi eustea, oso ona delako. Baina Vuelta hasieran hain ondo egon ez banintz, ez nuen aukerarik edukiko etapa garaipenarekin eta liderraren maillotarekin gozatzeko. Etorri behar duena etorriko da, baina orain arte egindakoa hor geratuko da.

Ibilbideari begiratuta, hasteko, etapa arriskutsua daukazue bihar [gaur]. Ezagutzen al duzu Rat Penateko igoera? %22ko pendizak ere badauzka, eta gainetik helmugara 32 kilometro daude.

Ez dut ezagutzen, baina oso kontuan hartzeko igoera da, oso gogorra baita. Erasoak izango dira, ziur, baina ea maillotari eusteko gai garen.

Ondoren, Andorrako amaierak ez luke min handirik egin beharko, ezta?

Ez pentsa, min egingo du, maila bereziko igoera delako azkenean. Baina biharko etapa dago horren aurretik, eta ez dut urrutira begiratu nahi. Cotobellon amaituko den etapa da gogorrena, baina urruti dago oraindik egun hori.

Peñafieleko 46 kilometroko erlojupekoari begiratu ere ez diozu egingo orduan, baina kalkuluren bat eginda edukiko duzue dagoeneko...

Ez dut ezer kalkulatu nahi. Egunero taktikoki lan ona egin beharra daukagu, eta egun hori heltzen denean erantzungo diot galdera horri.

Aurkariei begiratuta, zer azterketa egingo zenuke? Joaquim Rodriguez, Vincenzo Nibali, Xavier Tondo, Frank Schleck, Ezequiel Mosquera, Denis Mentxov...

Niretzat, Nibali da aurkaririk gogorrena. Giroan podiumera igota dago, eta esperientzia handia dauka. Mentxovek denbora gehiegi galdu du agian, baina ezin da baztertu oraindik, hark ere esperientzia handia daukalako. Joaquim Rodriguez, berriz, oso denboraldi luzea egiten ari da, eta ez dakit maila horri eutsiko dion, nahiz eta oso txirrindulari gogorra den, eta ez duen etsiko. Eta Mosquera, Tondo... horiek ere oso gertu daude sailkapenean eta gora egingo dute.

«Igor Antoni buruak huts egiten dio, sinetsi egin behar du goi mailako txirrindularia dela». Zale askoren iritzia da hori. Zer esango zenieke zale horiei?

Sinesten dudala, baina kirol hau oso gogorra dela. Txirrindularitza ez da sasoia edo burua bakarrik. Kirol honetan ezaugarri asko eduki behar dira kontuan, eta horregatik da hain gogorra. Hain zuzen ere, horregatik ari naiz orain hainbeste gozatzen. Aurten, denboraldi hasieratik, tentsioa eduki dut Vuelta ona egiteko, eta, tentsio horren barruan, une oro eduki dut konfiantza neure buruarengan. Hala ere, zuhur jokatu behar dut, hau ez delako egun bakarreko proba. Gainera, badakit gauza politak galtzea zer den.

Konforme al zeundeke Vuelta honetan etapa bat irabazita eta podiumera igota?

Vuelta gaur bertan amaituko balitz, egindakoarekin konforme nengoke. Ez dut helburu handiagorik jarriko.

Madrileko podiumeko hiru koskei izen bana jarri behar izanez gero?

Nibali da aurkaririk gogorrena, eta podium horretan sar daitezke Mosquera, Xavi Tondo eta Frank Schleck. Eta, noski, sasoi honi eutsiz gero, ni ere egon naiteke podium horretan. Baina momentu hori ez dut ikusi nahi.



Sailkapenak

NAGUSIA

1. Igor Anton (Euskaltel) 37.56.42

2. Joaquim Rodriguez (Katuxa) d.b.

3. Vincenzo Nibali (Liquigas) 2ra

4. Xavier Tondo (Cervelo) 42ra

5. Jean-Christophe Peraud (Lotto) 52ra

6. Ruben Plaza (Caisse) 1.15era

7. Ezequiel Mosquera (Xacobeo) 1.18ra

8. Nicolas Roche (Ag2r) 1.19ra

9. Marzio Bruseghin (Caisse) 1.22ra

10. Peter Velits (Columbia) 1.26ra

11. Tejay van Garderen (Columbia) d.b.

12. Rigoberto Uran (Caisse) 1.38ra

13. Frank Schleck (Saxo Bank) 1.47ra

14. Thomas Danielson (Garmin) 1.52ra

15. Philippe Gilbert (Lotto) 1.55era

16. Vladimir Karpets (Karpets) 1.57ra

17. Carlos Sastre (Cervelo) 2.11ra

21. David Lopez (Caisse) 3.31ra

23. Mikel Nieve (Euskaltel) 3.37ra

40. Egoi Martinez (Euskal.) 10.48ra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.