TXIRRINDULARITZA. Bideratzailea ez da gelditu

Greg Henderson Columbiakoa nagusitu da esprintean Vueltako hirugarren etapan, eta ezustea eman du

Igor Susaeta.
2009ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Mark Cavendish lehiatzen ari denean, Columbiak treno bizi-bizia jarri ohi du azken kilometroetan. Hortaz, azken zuzengunera itota eta estresatuta heltzen dira kontrarioak. Segundo bakan batzuk geroago, ia 70 kilometro orduko abiaduran, azken errelebo bortitza emango duen taldekidearen atzetik ateratzen da Man Uharteko tximista, eta irabazi egiten du. Erraza dirudi. Hain zuzen, azken errelebo hori ematen duen txirrindularia Andre Greipel izaten da. Bera da Cavendishen esprint bideratzaile behinena. Hala izan zen, behintzat, azkeneko Tourrean. Munduko txirrindularirik azkarrena, baina, ez da Espainiako Vuelta korritzen ari, eta, beraz, Greipel alemaniarra da taldeko liderra esprintetarako. Columbiak ez dauka Vueltan treno bortitza jartzeko nahi adina indar, baina badauzka Greipelen alde lan egingo duten bideratzaileak. Greg Henderson pistard ohia da horietako bat. Atzo, baina, Vueltako hirugarren etapan, zeelandaberritarra ez zen alemaniarraren zain geratu azken esprintean, eta bera nagusitu zen, ezustekoa emanda, Venloko helmugan.

Ez da, ordea, horrelako zerbait gertatzen den aurreneko aldia; eta ez da, ziurrenik, azkena izango. Orain bi urteko Tourrean, esaterako, Tom Boonen zen Quick Step taldeko lider argia, baina Gert Steegmans bideratzaileak aurrea hartu zion Ganteko helmugan. Batzuetan, nahita egiten dira horrelakoak, baina beste batzuetan halabeharrez. Hendersonek behartuta jo zuen aurrera, eta, gero, arrazoiak azaldu zituen: «Ailegaera prestatu nahi nion Greipeli, baina muturrean azaltzen ez zenez, erasoa jotzea erabaki nuen». Greipel laugarren izan zen azkenean.

Oscar Freire (Rabobank) sartu zen haren aurretik. Txirrindulari espainiarrak irabazteko berebiziko aukera zeukan atzo, baina errematatzea kostatzen ari zaio. Henderson 32 urtekoak, aldiz, sasoiko laugarren etapa irabazi zuen. Pistan nabarmendutakoa, Gironan bizi da, eta Columbia taldeko adarjotzaile ofiziala da. Zeelandaberritar batek Vueltan irabazitako bigarren etapa da atzokoa, 1980an Paul Jessonek irabazi zuen eta.

Etapa aspergarria

Lutphen eta Venlo artean jokatu zuten 189 kilometroko etapa, eta aspergarri samarra izan zen. Hasi eta berehala ihes egin zuten Lars Boom (Rabobank) ziklo-kroseko munduko txapeldunak, Jesus Rosendok (Andalucia) eta Johnny Hoogerlandek (Vacansoleil), eta 10 minutuko abantaila ere eduki zuten. Ezin, baina, tropelaren indarrari aurre egin. Venlotik aterako da gaurko etapa, eta, 225 kilometro eginda, Liejara (Valonia) helduko dira. Caubergez gain, helmugatik gertu, Saint Nicolas muino mitikoa igoko dute txirrindulariek.



Sailkapenak

HIRUGARREN ETAPA

1. Greg Henderson (Columbia) 4.41.01

2. Borut Bozic (Vacansoleil) d.b.

3. Oscar Freire (Rabobank) d.b.

4. Andre Greipel (Columbia) d.b.

5. William Bonnet (Cervelo) d.b.

6. Tom Boonen (Quick Step) d.b.

27. Iñaki Isasi (Euskaltel) d.b.

60. Markel Irizar (Euskaltel) d.b.

62. Mikel Gaztañaga (Content.) d.b.

70. Ruben Perez (Euskaltel) d.b.

NAGUSIA

1. Fabian Cancellara (Saxo Bank) 5.20

2. Greg Henderson (Columbia) 8ra

3. Gerald Ciolek (Milram) 8ra

4. Tom Boonen (Quick Step) 9ra

5. Tyler Farrar (Garmin) 12ra

6. Jens Mouris (Vacansoleil) 14ra

16. Imanol Erbiti (Caisse) 21era

17. David Herrero (Xacobeo) 22ra

39. Haimar Zubeldia (Astana) 28ra

54. Arkaitz Duran (Fuji) 32ra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.