TXIRRINDULARITZA. Bitartean, eusten beharrean, hausten

Danilo di Luca liderrak irabazi du lasterketako etapa luzeena, azkeneko kilometroetan erakustaldia eman ondoren

Igor Susaeta.
2009ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Italiako Giroa irabazteko faborito guztiek buruan daukate bihar jokatuko den erlojupekoa. 60 kilometro: Sestri Levanten hasi, eta Riomaggioren bukatu. Eta tartean bi mendate; luze samarrak, gainera, erlojupekoa bera bezala. Horregatik, aldeak handiak izango direla esaten ari dira, eta den-denak tentuz dabiltza adierazpenak egiterako orduan. Danilo di Luca liderrak (LPR), esaterako, Levi Leipheimerren aldean (Astana) bi minutu galduz gero gustura geratuko litzatekeela aitortu zuen herenegun, atseden egunean. Denis Mentxoven aldean (Rabobank), berriz, minutua. Horrekin oraingoz konforme legoke killer-a, lasterketako liderra, capo-a. Baina erlojupekoa jokatu bitartean, eusten beharrean, hausten ari da Di Luca. Atzo, esaterako, Corsa Rosa-ko etaparik luzeenean -262 kilometro-, Pineroloko helmugara heltzeko hiru kilometroren faltan zegoen muinotxo batean jo zuen erasoa, eta etapa erakustaldia emanda irabazi.

Bigarren etapa irabazi du aurtengo Giroan, laugarren saioan San Martino di Castrozzan gailendu ondoren. Atzo ez zien gainontzeko faboritoei sekulako aldea atera, baina Levi Leipheimerri (Astana) eta Ivan Bassori (Liquigas), esaterako, beste 49 segundo sartu zizkien gainsariei esker. Thomas Lokvkistek (Columbia), aldiz, pot egin zuen Pra Martinoko igoeran, helmugatik 11 kilometrora, eta minutu bat eta 40 segundo galdu zituen helmugan. Hain zuzen, aipatutako igoeran ikusi ahal izan zen aldapa gora indartsu dabilela liderra, eta errepidea tentetzen den bakoitzean aurrera egingo duela, erlojupekoetan hobeto moldatzen direnen alboan aldea pilatu beharrean dagoelako. Eta mendate horretan grina, irabazteko gogoa eta ahala uztartu zituen Di Lucak.

Stefano Garzellik (Acqua&Sapone) beteranoak ere bere ahala, grina eta profesionaltasuna erakutsi zituen kilometro askotan. Etapako lehen mendatea, Moncenisio, igotzen hasi zen tropela 131. kilometroan, eta orduan jo zuen Garzellik, 2000ko Giroaren garaileak. Ihes eginda zihoazenak harrapatu, aurreratu, aldea pilatu eta handia egiten saiatu zen.

Hurrengo mendatean, Sestrieresen, aurtengo Cima Coppi-n-lasterketako mendaterik garaiena-, Giovanni Visconti eta Andri Grivko ISDko bikoa ia lau minutura pasatu zen gainetik, eta tropel mardula, aldiz, sei pasatxora. Jaitsiera luzean atzetik zetozenei itxaron zien Garzellik, baina tropela ziztu bizian zihoan LPRk gidatuta. Hala, Pra Martino igotzen hasterakoan bi minutukoa zen aldea. Sylvester Szmydek (Liquigas), baina, erritmo itogarria jarri zuen tropelaren buruan, eta onenek bakarrik eutsi zioten. Orduan jo zuen Franco Pellizotti taldekideak, eta aurrekoak di-da batean harrapatu. Atzetik, berriz, liderra, Carlos Sastre (Cervelo), Mentxov, Mauricio Soler (Barloworld), David Arroyo (Caisse d'Epargne), Leipheimer eta Basso. Aldea, berriz, eskasa: 12 segundo.

Jaitsiera arriskutsuan bat egin zuten Pellizottirekin, baina Di Luca ez dago eusteko, hausteko baizik, eta muinotxo batean eraso bortitza jo zuen, eta inork ezin izan zion eutsi. Sutan egin zituen azkeneko hiru kilometroak, eta etapa erakustaldia emanda irabazi. Gaur 11. etapa jokatuko da Turin eta Arenzano artean, eta ibilbideak ez dauka aparteko zailtasunik.

Motozale bat hil da

Motozale bat hil zen atzo, etapa hasi baino lehenago. Fabio Saccani, 69 urtekoa, Roberto Bettini txirrindularitza argazkilari ezagunaren motozalea zen. Kamioi bat jo zuen Saccaniren motorrak, 9:10 inguru zirenean, etaparen irteerara zihoanean.



Sailkapenak

HAMARGARREN ETAPA

1. Danilo di Luca (LPR) 6.30.43

2. Franco Pellizotti (Liquigas) 10era

3. Denis Mentxov (Rabobank) d.b.

4. Carlos Sastre (Cervelo) d.b.

5. David Arroyo (Caisse d'Epargne) 26ra

6. Mauricio Soler (Barloworld) 29ra

7. Ivan Basso (Liquigas) d.b.

8. Levi Leipheimer (Astana) d.b.

9. Joaquim Rodriguez (Caisse) d.b.

10. Michael Rogers (Columbia) d.b.

46. Iker Camaño (Fuji-Servetto) 3.29ra

63. Iban Maioz (Xacobeo) 9.50era

173. David Lopez (Caisse) 35.12ra

NAGUSIA

1. Danilo di Luca (LPR) 44.01.11

2. Denis Mentxov (Rabobank) 1.20ra

3. Michael Rogers (Columbia) 1.33ra

4. Levi Leipheimer (Astana) 1.40ra

5. Franco Pellizotti (Liquigas) 1.53ra

6. Carlos Sastre (Cervelo) 1.54ra

7. Ivan Basso (Liquigas) 2.03ra

8. Tomas Lovkvist (Columbia) 2.12ra

9. David Arroyo (Caisse) 2.35era

10. G. Simoni (Diquigiovanni) 2.58ra

53. Iker Camaño (Fuji) 29.33ra

67.Iban Maioz (Xacobeo) 39.33ra

100. David Lopez (Caisse) 1.07.27ra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.