TXIRRINDULARITZA. Bronkitisak jota nago

Juanma Garate.
2010eko irailaren 11
00:00
Entzun
Erabat jota nago. Oso egun gogorra izan da niretzat. Hainbat taldekide erdi gaixo gaude, eta, nire kasuan, sukar pixka bat ere badaukadala uste dut. Antibiotikoak hartzen hasi naiz, eta ea sendatzen garen. Baina oso-oso egun luzea izan da, oso gogorra. Izterrondoan zauri txiki bat daukat, gainera, eta bizikleta gainean eroso eseri ezinik nabil. Txirrindulari batentzat ez dago gauza okerragorik. Indarrik gabe, gaizki eserita, pedalei behar bezala eragin ezinik...

Txirrindularien gaitza dela esan daiteke. Urradura txikiak edo furunkuloak izaten dira tarteka, eta izugarri sufritzen da horrelakoetan. Hainbeste ordu pasatzen ditugu bizikleta gainean, azkenean horrelako minak sortzen dira. Eta horri bronkitisa gehituz gero... Gainean dauzkagu mendiko etapak, eta aurrealdean egurrean ibili beharko nukeen garaian gaixotu naiz. Atseden hartu, indarrak berreskuratu eta ahal duguna egin beharko dugu.

Une honetan ohean sartuta nago, gorputz txarra daukat, eta biharko etapa ez da egokiena tropelaren atzealdean lasai joateko. Gaurko etapak ere ezer ez zeukala ematen zuen, ez genuela kontatzeko ezer edukiko pentsa zitekeen... Baina jendea sufrimendu aurpegiarekin zihoan.

Eta biharko etapari begira jarrita, gogorra izango da, jendea egurrerako gogoz dagoelako. Gaur, adibidez, argi zegoen esprinta izango zela, baina jende asko saiatu da ihesaldian sartzen. Beste batzuetan lehen erasoarekin sortzen da ihesaldia, baina gaur denbora dezente behar izan dute gorpuzteko. Eta ihesaldia sortuta ere, oso-oso azkar ibili gara etapa guztian. Azken 15 kilometroetan, adibidez, ez gara jaitsi orduko 60 kilometroko abiaduratik. Hau da, azken 15 kilometroak egiteko hamabost minutu baino gutxiago behar izan ditugu. Oso gutxi da hori.

Une horietan asko sufritzen da tropelaren atzealdean. Bihurguneen irteeretan luzatu handia hartzen du tropelak, eta izugarri kostatzen da abiadura berreskuratzea. Baina gaur, zoritxarrez, horrela pasatu dugu eguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.