Contador eta Schleck. Itxura batean, biren arteko kontua da aurtengo Tourra. Proba irabazteko bi faboritoen artean dagoen aldeari azalpena bilatzen hasita, gauza asko ikusten dira iraganean: Rotterdameko aitzin-etapa-42 segundo atera zizkion Contadorrek Schlecki-; Schleck anaien erorketak eta tropelaren barkamena; harbideetako eromena; Morzine-Avoriazeko Schlecken garaipena eta hamar segundoko uzta; Saint Jean de Maurienneko elkarlana; Menden Contadorrek Schlecki itzuli zizkion hamar segundoak; Ax 3 Domainesen gora bi oilarren egoskorkeria; Baleseko igoeran izandako kate kontuak... Baina hainbeste mugimendurekin, zortzi segundo eskasean dago Frantziako Tourra.
Tourmaleti begira hartu zuen atzo atseden tropelak, baina Contadorrek eta Schleckek hartu zuten hausnarketa txiki batzuk egiteko tartea. «Oso etapa ikusgarria izango da, lehia handikoa, Andy Schleck eta biok oso parekatuta baikaude». 52 kilometroko erlojupekoa dauka alde Contadorrek. «Baina, noski, Tourmaleten lasterketa erabakita uzteko aukera baldin badaukat, erabakita utziko dut». Erasoei erantzutea tokatuko zaio gaur espainiarrari. «Baina argi jokatzea izango da kontua».
Argi jokatzea izango da kontua, Schleck anaietan gazteena daukan guztia emateko prest dagoelako. «Tourmaleten erasoa jotzea da Tourra irabazteko daukadan aukera bakarra. Aurretik mugimenduren bat egiten badut, ez dut aukerarik izango». Konfiantzaz gainezka dago luxenburgotarra. «Eta pixka bat gehiago egin dezakedala uste dut».
Koska bat beherago dago Samuel Sanchez, baina handia egiteko zorian dago. Etapa bat irabazteko asmoz joan zen Euskaltel-Euskadi Tourrera, baina sailkapen nagusiko hirugarren posturaino igo da espainiarra. «Guretzat historikoa litzateke hirugarren postua». Mentxov hamahiru segundo eskasera dauka Sanchezek. «Baina ez dut uste hirugarren postua bakarrik daukanik buruan. Zerbait gehiago nahi duela iruditzen zait». Eustea izango da Sanchezen gaurko lana.
Jende ugari ESAITen mendi martxan eta euskal festan
Tourmaletera bizikleta martxa egingo du gaur goizean ESAITek, hiru eguneko aldarrikapen festa amaitzekoU. Zubeldia.
Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeak (ESAIT) egun handia izan zuen atzo Pirinioetan. La Mongietik Tourmaletera bizikleta martxa egin zuten herenegun, eta atzo bikoitza izan zen egitaraua. Martxel Toledo ESAITeko bozeramaileak BERRIAri azaldu zionez, goizean mendi martxa egin zuten. «Arrakastatsua. 130 bat lagun igo gara Midi de Bigorrera. Oso giro polita izan dugu».
Tontorrean argazkia atera, eta euskal festa egin zuten arratsaldean. «Zoritxarrez, eguraldi lardaskarekin». Bertsolariak, trikitilariak, musika... denetik izan zen atzo ESAITen gunean. Gaurkoa izango da Pirinioetako hirugarren eta azken aldarrikapen eguna. «Goizean bizikleta martxa egingo dugu Baregesetik gora, nahiz eta esan diguten bidea moztuta dagoela eta bizikletekin ere ezingo dela igo. Irtenbideren bat bilatu beharko diogu horri». Bi egunotan bezala, ikurrinez eta aldarrikapenez beteko dute Tourmaleteko igoera.
Jo beharrekoak jotzeko, hiru mendate tente
Etziko erlojupeko luzea gorabehera, gaurko etapa gogor-gogorrak erabaki beharko luke Tourreko podiumaU. Z.
Kito. Zirt edo zart. 40,5 kilometrok zehaztuko dituzte podiumeko hiru koskak. Marie Blanque, Soulor eta Tourmalet. Frantziako Tourreko 17. etapa bihurtuko da epaile. Bai, etziko erlojupeko luzea ere erabakigarria izan daiteke podiuma zehazteko. Baina jo beharrekoak gaur jo beharko dituzte txirrindulariek.
Pauen hasi eta Tourmalet gainean amaitu, 174 kilometro dauzka etapak. Atzoko atseden egunarekin gorputza lotu samar edukiko dute askok, eta beroketa lana behar bezala egin ezean, Marie Blanquen gora gorriak ikus ditzakete faboritoetako batzuek. Renoir laugarren mailako muinoa igo beharko dute lehenengo, 13,5. kilometroan, baina Escot herrira arteko lehen 46 kilometroek ez daukate aparteko zailtasunik.
Hortik aurrera hasiko dira komeriak. Igoera itoa dauka Marie Blanquek. Etzan samarrak dira lehen bost kilometroak, baina azken lau kilometroak beldurgarriak dira (%15eko pendiza dauka zati txiki batean). Soulor da bigarren zailtasuna. 13 kilometroko igoera da, eta %7,1eko batez bestekoa dauka. Soulorrek ez dauka aldapa ikusgarririk, baina azken zortzi kilometroetako batez besteko pendiza nekez jaisten da %7tik. Erabateko leherketa, ordea, Tourmaleten gora izango da. 18,6 kilometro, %7,6ko batez besteko aldapa, eta Tourra jokoan.
Sailkapen nagusia
1. CONTADOR Alberto AST78.29.102. SCHLECK Andy SAX8ra
3. SANCHEZ Samuel EUS2.00ra
4. MENTXOV Denis RAB2.13ra
5. VAN DEN BROECK Jurgen SIL 3.39ra
6. GESINK Robert RAB5.01era
7. LEIPHEIMER Levi RSH5.25era
8. RODRIGUEZ Joaquim KAT 5.45era
9. VINOKUROV Aleksandr AST 7.12ra
10. HESJEDAL Ryder GRM 7.51ra
11. KREUZIGER Roman LIQ7.58ra
12. PLAZA Ruben GCE8.02ra
13. SANCHEZ Luis Leon GCE8.19ra
14. HORNER Christopher RSH8.52ra
15. SASTRE Carlos CTT9.02ra