TXIRRINDULARITZA. ESPAINAIKO VUELTA. Erauntsiak irentsita

Andreas Klier alemaniarrak irabazi du 13. etapa, euriak eta haizeak Milram eta Lampreren sua itzali ostean

Andoni Urbistondo.
2007ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Hellinen, herenegun, hamabigarren etapa bukatu ostean, itxaropena piztu zen etapa ehiztarien artean, ihesaldiaren bila zebiltzanen artean. Milram taldea hautsi egin zen azken kilometroetan, T-Mobile taldekoek tropel buruan erritmo itoa jarri ondoren, eta horrek Petacchiren morroiak Vueltako bigarren asteko nekea sumatzen hasita zeudela esan nahi zuen. Atzoko etapa ere apropos-aproposa zen esprinterren luzimendurako. Petacchik eta Milram taldeak ihesaldia sortu eta denbora pilatzeko baimena eman zuten, konfiantzaz lepo baitaude.

Saiatzen denak saria lortzen du batzuetan, eta asko izan ziren ihesaldiaren bila ahalegindu zirenak. Milram taldeak nahierara harrapatuko zituela jakitun, bilakaera normala balitz, baina garaipena lortzeko borondate handiarekin. Hiru laguneko talde batek lortu zuen aurrera egitea. 18. kilometroa zen. Garaizegi, eta kide gutxiko taldetxoa. Egokiena, ihesaldia kilometro batzuk geroago sortzea litzateke, eta sei-zortzi lagun elkartzea lasterketa buruan. Ehiztariek, ordea, ez dute ihesaldi batean edo bestean sartu aukeratu, ahal dutenean murgildu baizik.

Andreas Klier (T-Mobile), Tom Stamsnijder (Gerolsteiner) eta Jeremy Roy (La Française des Jeux) sartu ziren ihesaldian. Kilometro batzuk lehenago Iker Camaño santurtziarra ibili zen ihesean, baina ahalegin hura ustela izan zen, eta, zoritxarrez, euskal ordezkaririk ez zuen ihesaldiak egin zuen aurrera. Azkar, tarte handi samarra ireki zuten, bederatzi minutukoa, bainatropelean gertatzen zenaren araberakoa izango zen aurreko hiruren arrakasta.

Tropelean... edo zeruan. Atzetik datorrenak baino indar handiagoa dauka goitik datorrenak, atzetik datorrenari aurre egitea posible delako, eta goitik datorrenari ez. Negutegi eta soro emankorretan barrena ibili zen Vuelta atzo, lur idorretan, urte osoan euri egun gutxiko eremuetan, baina atzo urte osoan bota ez dituenak bota zituentropelaren gainean. Milram, Lampre eta Euskaltel-Euskadiko morroiak lanean beltz ari ziren unean, aurrekoen errenta jaisten ari zenean.

Errepidea erreka bihurtu zen, eta egoera horretan ezin zen jazarpenik egin. Lerratuta zihoan tropela bildu egin zuen, babesa bilatzen duen artaldeak bezala, eta aurrean sufritzen hasia zen hirukoak arnasa hartu zuen. Milram taldearen erauntsiaren zain zeuden, baina zeruko erauntsiak irentsi zuen Milram eta Petacchiren ametsa.

Zaparrada batek besteari eman zion segida, eta euriteek ihes zihoazenei poza. Ez zituzten harrapatuko, eta garaipena euren artean erabakiko zen. T-Mobile taldea gogor saiatu zen aurreko bi egunetan esprintean, baina Petacchiren diktadura jasan behar izan zuten. Torre Pachecon ez.



saILKaPenaK
HAMAHIRUGARREN ETAPA

1. Andreas Klier (T-Mobile) d. b.

2. Tom Stamsnijder (Gerolsteiner) 1era

3. Jeremy Roy (Française des Jeux) 24ra

4. Daniele Bennati (Lampre) 4.03ra

5. Alessandro Petacchi (Milram) d. b.

6. Angelo Furlan (Credit Agricole) d. b.

7. Roy Sentjens (Predictor-Lotto) d. b.

8. Magnus Backstedt (Liquigas) d. b.

9. Alexandre Usov (Ag2r) d. b.

10. Erik Zabel (Milram) d. b.

11. Cadel Evans (Predictor-Lotto) d. b.

12. Denis Mentxov (Rabobank) d. b.

13. Alessandro Vanotti (Liquigas) d. b.

14. Koldo F. de Larrea (Eusk.- Eusk.) d. b.

15. Josep Jufre (Predictor-Lotto) d. b.

16. Christian Van de Velde (CSC) d. b.

17. Manuel Beltran (Liquigas) d. b.

18. Mauricio Ardila (Rabobank) d. b.

19. Marc De Maar (Rabobank) d. b.

20. Leonardo Duque (Cofidis) d. b.



NAGUSIA

1. Denis Mentxov (Rabobank) 52.14.21

2. V. Efimkin (Caisse d'Epargne) 2.01era

3. Cadel Evans (Predictor-Lotto) 2.27ra

4. Carlos Sastre (CSC) 3.02ra

5. Ezequiel Mosquera (Karpin-G.) 4.35era

6. Samuel Sanchez (Eusk.-Eusk.) 4.42ra

7. V. Karpets (Caisse d'Epargne) 5.49rara

8. Manuel Beltran (Liquigas) 5.56ra

9. Stijn Devolder (Discovery) 6.28ra

10. Carlos Barredo (Quick Step) 6.39ra

11. Maxime Monfort (Cofidis) 7.13ra

12. Igor Anton (Eusk.-Eusk.) 7.58ra

13. Sylvain Chavanel (Cofidis) 8.45era

14. Daniel Moreno (Relax)9.34ra

15. Josep Jufre (Predictor-Lotto) 9.39ra

16. Luis Perez (Andaluzia) 10.31ra

17. Stephane Goubert (Ag2r) 10.40ra

18. Oliver Zaugg (Gerolsteiner)11.44ra

19. J. Van Goolen (Discovery) 12.38ra

19. Roman Kreuziger (Liquigas) 14.15era
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.