TXIRRINDULARITZA. ESPAINIAKO VUELTA. Argazkiak ia dena dio

Mark Cavendishek ondo baliatu du Matthew Goss taldekidearen azken kilometroko lana eta eroso irabazi du lehen etapa Vueltan

Imanol Magro Eizmendi.
2010eko irailaren 10a
00:00
Entzun
Ez zen esprinta izan, baina esprinter batek irabazi zuen. Mark Cavendishek (Columbia) atzo kendu zuen gainetik Vueltan esprintean ezin irabaziaren zama, eta bere ibilbideko garaipenik erosoenetako batean egin zuen. Barrez iritsi zen helmugara, patxada onean. Columbia taldeko txirrindulariak izan ziren trebeenak Lleidako (Katalunia) helmugako azken kilometroko scalextric-ean, eta Matthew Goss australiarrak ezin hobe bete zituen irabazlearen bizkartzain lanak. Azken bihurgunearen ondoren, bideratzaileak bakar-bakarrik utzi zuen Cavendish, hamar metrotik gorako aldearekin, eta elkar zoriondu eta guzti egin zuten esprintean.

Irudi bat askotan azalpen luze bat baino argigarriagoa izan daiteke, eta atzo hala gertatu zen. Ez dago goiko argazkia begiratzea baino hobeagorik Cavendish zer-nolako aldearekin helmugaratu zen ulertzeko. Atzean, lasai asko ere, besoak irekita ageri da Matthew Goss, ordurako garaipena ospatzen hasia. Tyler Farrarrek (Garmin) azken unera arte estutu izan ez balu, esprint bideratzailea bigarren zatekeen. Hala ere, ez zen urrun ibili, hirugarren izan zen. Lleidakoarekin Man Uharteko txirrindulariak irabazi du etapa bat gutxienez hiru itzuli handietan. Hamabost irabazi ditu Frantziako Tourrean; bost Italiako Giroan, eta bat Espainiako Vueltan. Dena den, egia da ere aurtengo Vueltan lehen etapako taldekako erlojupekoa irabazi zuela.

Helmugan Cavendishek Gossen lana goraipatu zuen. «Lan bikaina egin du, bihurgune izugarria eman du, gustura utziko nion irabazten, baina besteak gertu zetozen». Ez dira lore merkeak, ondo merezitakoak baizik. Esprintaren aurretik anabasa zen nagusi, eta itzuliko zuzendaritzak azken kilometroan bi bihurgune zeudela gogorarazi berri zien txirrindulariei. Azkena eskuinerantz zen, 90 gradukoa esprintaren aurretik, eta Goss zen Cavendishen lagun bakarra. Tasmaniakoak, baina, bikain eman zuen bihurgunea, jarraitzaileak urrundu eta irabazlea bakarrik utziz. Hori da goiko argazkian agertzen ez den esprinteko xehetasuna, baina emaitza ikustearekin aski da aurrekoak irudikatzeko. Koldo Fernandez de Larreak, berriz, urdaileko arazoekin, ez zen lehiatu esprintean.

Liderraren egun lasaia

Herenegungo borrokaren ondoren atzokoa etapa lasaia izan zen sailkapen nagusiko buruentzat. Eguneko ihesaldian bederatzi txirrindulari sartu ziren: Veloso, Rodriguezeta Garcia (Xacobeo), Piedra (Andalucia), Bak (Columbia), Eichler (Milram), Kadri (AG2R), Quemeneur (Bouygues) eta Marzano (Lampre). Esprinterren taldeak ehizarako zeuden, baina, eta ez zieten hiru minututik gora hartzen utzi. Hogei kilometro falta zirela, tropela bat eginda zegoen. Liderrari zegokionez, Euskaltel-Euskadik ondo babestu zuen Igor Anton. Pretoriar laranjaz inguratuta, tropeleko aurre aldean egin zituen kilometrorik urdurienak.



Sailkapenak

HAMABIGARREN ETAPA

1. Mark Cavendish (Columbia) 4.00.30

2. Tyler Farrar (Garmin) d.b.

3. Matthew Goss (Columbia) d.b.

4. Denis Galimzianov (Katuxa) d.b.

5. Thor Hushvod (Cervelo) d.b.

6. Oscar Freire (Rabobank) d.b.

7. Allan Davis (Astana) d.b.

8. Wouter Weytland (Quick Step) d.b.

9. Sebastien Chavanel (F. des Jeux) d.b.

10. Philippe Gilbert (Lotto) d.b.

19. K. Fdez de Larrea (Euskaltel) d.b.

44. Igor Anton (Euskaltel) d.b.

NAGUSIA

1. Igor Anton (Euskaltel) 51.37.45

2. Vincenzo Nibali (Liquigas) 45era

3. Xavier Tondo (Cervelo) 1.04ra

4. Joaquim Rodriguez (Katuxa) 1.17ra

5. Ezequiel Mosquera (Xacobeo) 1.29ra

6.Marzio Bruseghin (Caisse) 1.57ra

7. Ruben Plaza (Caisse) 2.07ra

8. Rigoberto Uran (Caisse) 2.13ra

9. Nicolas Roche (Ag2r) 2.30era

10. Franck Schleck (Saxo) d.b.

18. Mikel Nieve (Euskaltel) 4.50era

37. Egoi Martinez (Euskaltel) 16.04ra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.