Millar aste osoan aritu da atzoko erlojupekoa prestatzen. Lasai ibili da azken etapetan, indarrak xahutu gabe, baina nabari zen ondo zegoela. Cancellara falta zela ikusita, atzoko erlojupekoa irabazi nahi zuen, eta irabazi zuen. Kontuan eduki behar da azken erlojupekoan sailkapen nagusian ondo daudenak ibiltzen direla normalean aurrean, eta Millarrek bazekien atzo irabazteko indarrak gorde beharra zeuzkala.
Eta, tira, hau bukatzera doa, baina burua oraindik ez daukagu Munduko Txapelketan, ez pentsa. Astelehenetik aurrera hasiko gara horretan pentsatzen. Sailkapen nagusian oso ondo kokatuta zegoen txirrindulari bat geneukan taldean, eta atzo seigarren postua mantentzea lortu zuen. Egunotan gaizki pasatu dugu, baina kito, amaitzera doa. Toledon gaude eta gaur iritsiko gara Madrilera.
Eta espero dut Bingeni [Fernandez] omenalditxoa egiteko moduan izatea. Aurten 14 urte bete ditu Bingenek profesionaletan, Espainiako Vuelta hau du azken lasterketa, eta Castellana pasealekuan egingo ditu azken metroak profesional gisa. Castellanan lehen postuan sartzen utzi nahi diogu. Eman dezala itzuli bat tropelaren buruan, Italian Davide Bramatik egin zuen moduan.
Beste txirrindulari batzuei ere egin izan diegu antzeko omenalditxoa, eta Bingenek ere merezi duela uste dut. Berari ere ilusio handia egiten dio omenaldia egiteak, eta asko hunkituko da, ziur nago. Polita izango da etapa amaiera.
TXIRRINDULARITZA. ESPAINIAKO VUELTA. Bingenek merezi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu