TXIRRINDULARITZA. ESPAINIAKO VUELTA. Bizikleten ezpata kolpe zorrotza

David Millar espezialista handiak irabazi du Toledoko erlojupekoa, Samuel Sanchez eta Cadel Evansen aurretik

2009ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Toledo lau txirrindulariren arteko ezpata lehiaren lekuko izan zen atzo, Espainiako Vueltan. Madrilgo podiumeko hiru tokiak betetzeko lau hautagai: Alejandro Valverde (Caisse d'Epargne), Samuel Sanchez (Euskaltel-Euskadi), Ivan Basso (Liquigas) eta Cadel Evans (Silence-Lotto). Argi zegoen lehia horretatik bat ezingo zela onik atera. Bassok 40 segundo galdu zituen Evansekiko, eta, aldi berean, sailkapen orokorreko hirugarren postua galdu zuen. Valverdek, berriz, ez zuen lehen postuan jarraitzeko zailtasunik izan, ezta Sanchezek bigarren postuari eusteko ere. Gaur bukatuko da Vuelta, Madrilen, baina sailkapen nagusia atzo gelditu zen erabakita, azken uneko ezusterik izan ezean.

Valverde, Sanchez, Basso eta Evans atzo podiumeko borrokarako lehian aritu baziren ere, beste txirrindulari bat gailendu zitzaien denei Toledon: David Millar (Garmin). Eskoziarrak hirugarren aldiz irabazi zuen etapa bat Vueltan. 27,8 kilometroko ibilbideak ez zirudien espezialistentzat egokia, baina, hain zuzen, espezialista batek irabazi zuen. Etaparen bigarren zatiak aldapa gogorrak zituen, eta bihurgune itxiak ere bai. Halere, ongi moldatu zen Millar. Lehen zatian makur-makur eginda egin zuen aurrera. Ondoren, aldatsetan gora zutik jarri eta bizikleta alde batetik bestera mugitu zuen.

Millarren atzetik atera ziren Sanchez eta Evans, eta, eskoziarraren erreferentzien jakitun, garaipena eskuratzen saiatu ziren. Ez zuten lortu, baina erlojupeko ona egin zuten biek eta sailkapen nagusiari begira zuten helburua bete zuten. Sanchezek bigarren postuari eutsi zion, ondo. Evansek berak jar zezakeen arriskuan espainiarraren postua. Baina, azkenean, Sanchezek Evansek baino denbora hobea lortu zuen. Evansek laugarren postuan zela ekin zion etapari, Madrilgo podiumera igotzeko helburuarekin. Bassori hirugarren tokia kendu zion, baina ezin izan zuen Sanchez urduri jarri.

Valverde ere pozik egoteko moduan zen Toledoko helmugan. Zazpigarren denbora lortu zuen atzo, Millarrengandik 36 segundora. Baina nahikoa zuen helmugara iritsi eta denbora gehiegi ez galtzearekin. Nahikoa aurtengo Vueltako irabazle izateko. «Heldu beharra nuen eta heldu egin naiz», adierazi zuen etapa bukatu ostean.

Lasterketa handi bat irabazi duen lehen aldia da, eta ez zuen poza ezkutatu: «Oso pozik eta aske sentitzen naiz. Lasterketa handi bat irabazteko gogoa nuen. Banekien irabaz nezakeela. Kontzentrazio handiz aritu naiz, indarrak beharrezkoak ez ziren uneetan galdu gabe. Azkenean, lortu dut». Gaurko etapak 110 kilometro ditu. Txirrindulariak Rivasetik abiatuko dira, Madrilera bidean. Cibelesen esango du agur aurtengo Vueltak.



Sailkapenak

HOGEIGARREN ETAPA

1. David Millar (Garmin) 35.53

2. Samuel Sanchez (Euskaltel) 5era

3. Cadel Evans (Silence-Lotto) 9ra

4. Gustavo C. Veloso (Xacoveo) 20ra

5. Roman Kreuziger (Liquigas) 30ra

6. Philippe Gilbert (Silence-Lotto) 34ra

7. Alejandro Valverde (Caisse) 36ra

8. David Herrero (Xacobeo) 37ra

9. Jesus del Niero (Fuji) 40ra

27. Imanol Erbiti (Caisse) 1.42ra

29. Beñat Intxausti (Fuki) 1.46ra

42. J. Garate (Rabobank) 2.09ra

49. Haimar Zubeldia (Astana) 2.22ra

NAGUSIA

1. Alejandro Valverde (Caisse) 84.10.32

2. Samuel Sanchez (Euskaltel) 55era

3. Cadel Evans (Silence-Lotto) 1.32ra

4. Ivan Basso (Liquigas) 2.12ra

5. Ezequiel Mosquera (Xacobeo) 4.27ra

6. Robert Gesink (Rabobank) 6.40ra

7. Joaquin Rodriguez (Caisse) 9.08ra

8. Paolo Tiralongo (Lampre) 9.11ra

9. Philip Deignan (Cervelo) 11.08ra

10. Juanjo Cobo (Fuji) 11.27ra

14. Haimar Zubeldia (Astana) 17.09ra

28. David Herrero (Xacobeo) 48.07ra

29. A. Txurruka (Euskaltel) 52.52ra

32. Igor Anton (Euskaltel) 58.14ra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.