Nekatuta zegoela esan zuen Petacchik Burgosko etapa irabazi eta gero, pasa den igandean. Tourreko erorketa eta gero sasoi puntu egokia lortu ezinda zebilela. Eskerrak! Atzo, Valentziako ailegaeran, aurkariei zirkinik ere egiten utzi gabe lortu zuen garaipena. Saiatu zen Zabel haren parean jartzen, saiatu zen Freire Zabelen ondoren, baina Petacchiren ipurdia eta kulote urdina besterik ez zuten ikusi, Fassa taldekoak bizpahiru metroko aldeari eutsi baitzion beti, buru-buruan.Taldea gora eta taldea behera, Fassa Bortolok Petacchik lortzen duen arrakastan zeresan handia duela ezin da ukatu, baina bakoitzari berea. Petacchik ohi baino urrunago ekin zion esprintari atzo, helmugako marra 200 bat metrora zegoenean, baina ondo, indartsu eutsi zion erritmo aldaketari, eta aise, erraz, eroso nagusitu zen.Gozoa egongo da Zabel. Garaipenik ez, eta postu txarrenean, bigarren postuan helmugaratu baita lau aldiz Vueltan. Burgosen, Zaragozan, Castellon eta Valentzian geratu da garaipenaren atarian. Dozena bat urte daramatza profesionaletan Zabelek, eta ohitua egongo da, jada. Bere kirol ibilbide luzean lortutako 190 garaipenekin gogoratu beharko du bigarren postu mingarri horiek ahazteko.
40 kilometroko erlojupeko laua gaur, Almussafesen
Gaur ez du Petacchik irabaziko, eta bihar eta etzi ere ez. Lehen astea beteko du Vueltak gaur, eta etapa garrantzitsuarekin, gainera. Ez da erabakigarria izango, bi astetan hainbat egoera iraul daitezkeelako. 40 kilometroko erlojupeko laua egin beharko dute karreristek Almussafesen, Ford auto etxearen egoitzan. Apenas dagoen aldaparik, 15 eta 40 metroko garaiera artean egiten du bidea etapak, errepide zabal eta zoru bikainarekin. Plater handia eta pinoi txikiak mugitzeko egokia, aproposa da. Alde handiak espero dira faboritoen artean.
Baina nortzuk dira faborito? Tyler Hamilton olinpiar txapeldunordea izan zen. Ez da gehiegi agertu buru-buruan, baina ez du denborarik galdu. Aitor Gonzalez azaldu da tropel buruan, eta askok espero baino gehiago. Bikain moldatzen da erlojupekoan Zumarragakoa, eta Morellako etapan erakutsitako sasoia baldin badu, txikizio handi samarra egin dezake. Floyd Landis ere oso txukun ari da. Lehen bi etapetan soinean eraman zuen urrezko maillota berreskuratzeko aukera aparta du.Irabaziko ez dutenen artean, arreta berezia Vuelta irabazteko beste faboritoei, Heras eta Valverderi, batez ere, gaur galtzen duten denborak finkatuko baitu Vueltaren bilakaera. Joseba Belokirentzat ere oso lagungarria izango da lan ona egitea. Zenbaki hutsez haratago, oilarren konfiantza ere jokoan dago.
-
Sailkapenak
ZAZPIGARREN ETAPA
1. A. Petacchi (FAS) 3.53.042. Erik Zabel (TMO) d. b.3. Oscar Freire (RAB)d. b.4. Stuart O'Grady (COF) d. b.5. Luca Paolini (QSD) d. b.6.
Pedro Horrillo
(QSD) d. b.7. Giosue Bonomi (SAE) d. b.8. Andy Flickinger (A2R) d. b.9. Cristian Moreni (ALS) d. b.10. M.A. M. Perdiguero (SDV) d. b.11. Marco Zanotti (VIN) d. b.12. Antonio Cruz (USP) d. b.13. Nicolas Inaudi (A2R) d. b.14. Arnaud Coyot (COF) d. b.15. Julien Laidoun (A2R) d. b.16.Ion Del Rio
(ALM) d. b.17. Mariano Piccoli (LAM) d. b.18. Ricardo Serrano (BAQ) d. b.19. Bram Tankink (QSD) d. b.20. Erki Putsep (A2R) d. b.SAILKAPEN NAGUSIA
1. Manuel Beltran (USP) 26.28.432. Floyd Landis (USP) d. b.3. Denis Mentxov (IBB) 4ra4. A. Valverde (KEL) 9ra5. Cadel Evans (TMO) 16ra6. Benoit Joachim (USP) 23ra7. F. Mancebo (IBB) 39ra8. C. Garcia-Quesada (KEL) 47ra9. Victor Hugo Peña (USP) d. b.10. Tyler Hamilton (PHO) 50era11.