Kelme-Comunitat Valenciana taldeak enbidoa bota dio Liberty taldeari. Enbidoa oraindik karta partida nork irabaziko duen ez dakigulako, nola bukatuko den ikusteko dagoelako, baina hordagoaren izaera ere eman diezaiokegu, bi talde horietako erregeen, Alejandro Valverderen eta Roberto Herasen esku baitago Vuelta. Erregeen esku, eta haiek laguntzen jardun duten, jardungo duten zaldunen esku. Libertyrena izan zen garaipena herenegun, Aitanan bukatu zen etapan, baina Kelmerena atzo, Xorret del Catin gora. Bien arteko borrokak zehaztuko du Vueltako garailea.
Heras eta Valverde txirrindulari arrunt ezberdinak dira. Aitanan, eta Aitanaren moduko aldapa luzeetan trebea da oso Heras, Vuelta korritzen ari direnen artean onena. Xorret del Catin hobeto moldatzen da Valverde, lau kilometroko aldapa pikoena igotzaile onenaren parean bukatzeko gai delako, eta Heras baino eraso kolpe biziagoa daukalako. Baina ez Heras, eta ez Valverde, ez daude beren onenean. Herasek errenta handiagoa lortu behar zuen Aitanan, bete-betean balego. Valverde Heras baino indartsuago zihoan atzo Xorret del Catin, baina ez zuen Heras atzean uzterik lortu.Bi erregeen arteko buruz burukoak desorekatuko du balantza alde batera edo bestera, baina bi taldekideen jarduna buruz burukoa bezain erabakigarria izan daiteke. Itxuraz, Libertyk talde sendoagoa dauka, ardura bizkar gain hartzen eskarmentu handiagoa, eta lasterketa hausteko txirrindulari hobeak. Aitanan gora Isidro Nozalek hautsi zuen onenen taldea, eta Dariusz Baranowski poloniarra ere tropela ederki berotzeko moduan da. Marcos Serrano, Koldo Gil eta Igor Gonzalez Galdeano arabarra ere ez dira herrenak kilometro batzuetan denei bihotza lehertzear jartzeko. Kelmekoak ere ez dira makalak: Ruben Plaza, David Blanco eta Eladio Jimenez karrerista onak dira, baina nekez egingo dute Nozalek egin dezakeen txikizoa, eta litekeena da eltzetik babak ateratzeko orduan, Valverde bera bakar xamar geratzea. Horrek ez du esan nahi aterako ez dituenik.Valentzia aldeko mendi biluziek lidergotik zortzi segundora utzi dute Valverde, eta berandu baino lehenago saiatuko da kamiseta hori lortzen, gaurko etapako tarteko helmugetako gainsarietan, agian. Gaurdu aukera aproposa, etzi, CalarAlto gainean, komeriak izan baititzake Herasi eusteko. Floyd Landis dago lehen postuan, baina bi egunetan egin du kale, segundo gutxi izanda ere, eta litekeena da beheranzko joera nabarmenagoa egitea etapek aurrera egin ahala. Antzera gertatzen ari zaio Beltrani, US Postaleko taldekideari.Sailkapeneko lehen hamarren artean ez dago tarte handirik, baina Heras eta Valverde alde batera utzita, beste denek eutsita, ahalik eta segundo kopuru txikiena galduta konformatzeko moduan daudela dirudi. Francisco Mancebok 28 segundo eskasera du urrea, baina ezusteko handi samarra litzateke Illes Balears taldekoak Heras edo Valverde atzean uztea. Aurpegia oker-oker eginda igo zalea da Mancebo, ezinean, eta egun batetik bestera nekez aldatuko da bere korritzeko modua. Sastre, Mentxov eta Aitor Gonzalez ere koska bat beherago daude, eta Madrilen podiumeko azken eskilarara igotzea izango da haien helburua aurrerantzean.
Euripean, arrakasta izan zuen lehen ihesaldia
Tarte handirik ez da ireki oilarren artean, baina ikuskizuna ederra izan da, atzoko ailegaeran batez ere. Zoru hezeak eta Xorret del Catiko penditz itoak bizikleta gainean zihoazenen ezina azaleratu zuen gori-gorian. %22ko portzentaia zuten maldetan, profesionalek bizikleta gainean jarraitzeko dituzten komeriak ikusi genituen, baina ez atzean zihoazenenek bakarrik, Herasek ere bai, bizikleta gainean jarri ezinda, zoru bustiaren erruz, aho-zabalka, mingaina kanpoan, arnas bila.
Erasorik jo gabe, bakoitzak bidea ahal zuen moduan eginda txikitu zen tropela. Onenen artean, laudorio gutxi jasoko dituen txirrindulari bat izan zen indartsuena Xorret del Catin: Paterninako Jorge Ferrio. Valverde, Heras eta Piepoli zituen atzetik, 10 bat segundora, 25 metrora, gertu baina urrun, begi bistan baina harrapaezin. Isidro Nozal atzeraxeago, bihotzaren aginduen kontra borrokan, iazko Vueltan lortutako bigarren postua zorte kontuazela esan zutenei zer pentsatua ematen. Atzerago, euri eta izerdi tantoak kopetan eta masailean behera, Vuelta ihes egiten ari zitzaiola jabetzen ari zena: Landis liderra.Aurretik, oilarrak bezala sufrituz, zazpi txirrindulari ausart, tropeletik helmugara iristeko esperantzarik gabe irten zirenak. Orain arteko ihesaldi denak antzuak izan dira, tropelak irentsi ditu, eta atzokoan ere antzera gertatzea zen logikoena, baina ez zen gertatu, eta Eladio Jimenezek garaipen dotorea lortu zuen. Kelmekoak, bere erritmoan, atzean utzi zituen O'Grady (Cofidis) Zabel (T-Mobile), Ruslan Ivanov (Alessio), Fuentes (Saeco), Elias (Relax) eta Freire (Rabobank). 2000. urtean ere Eladio Jimenez bera nagusitu zen. Bazekien bidea, nonbait.
TXIRRINDULARITZA. ESPAINIAKO VUELTA. Erregeak eta zaldunak
Valverderen eta Herasen arteko pultsua utzi dute lehen bi aldapek; euren zaldunen jarduna ere erabakigarria izango da; Kelmeko Eladio Jimenezek irabazi du ikuskizun ederreko etapa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu