Jesus Rosendo Andalucia taldekoak baietz pentsatzen zuen. Izan zitekeela. Bere ibilbideko lehen garaipena lor zezakeela Vueltan, Puertollanoko helmugan. Ziurrenik ez zuen intentzio horrekin aurrera jo atzoko etapako seigarren kilometroan, Kordobatik abiatu eta gutxira. Telebistan agertzeko, taldea mundu osoan iragartzeko eskatuko zion zuzendariak. Baina une batean, hamasei minutuko aldea ere eduki zuen. Lasai, oso lasai zihoan tropela. Atsedena behar zuen. «Lokartuko zen itxaropena nuen, baina...», adierazi zuen Rosendok, leher eginda, helmugan. 150 kilometrotik gora egin zituen aurpegian jotzen zion haizearen kontra borrokan. Gizona bere bakardadean. Tropela, ordea, Rosendoren zoritxarrerako, esnatu egin zen. Harrapatu zuten, eta esprintean Andre Greipel (Columbia) nagusitu zen, Vuelta honetan hirugarren aldiz.
Mark Cavendishen esprint bideratzailea Liejen eta Vinarosen ere gailendu zen, eta liderraren maillota jantzi zuen bi egunez. Tropelak patxadaz hartu zueneguna, baina azken kilometroak arriskutsuak izan ziren, eroriko bat zela medio.