Denok harrituta geratu gara Denisekin [Mentxov]. Atzo esan nizuen moralez baxu zebilela, baina gaur oso adi ibili da. Belauna hazita dauka, baina ez dio minik ematen, eta albiste ona da hori. Ez du etsi nahi, eta hemendik aurrerako mendateak egokiagoak dira harentzat.
Aurrean, berriz, erakustaldia eman du Imanol Erbitik. Zorionik beroenak harentzat, horrelako zerbait merezi zuelako. Badakit sakrifizio handia egiten duela, janariarekin batez ere. Caisse d'Epargnek ia bost taldeburu dauzka, baina inor ez da mugitu oraindik, eta taldeko langileak egoera hori baliatzen ari dira.
Lider aldaketa ere izan dugu etapan zehar, baina ez nago ados aldaketa horrekin. Tarteko helmugan esprinta egon da, eta Katuxa tropeletik tiraka joan da, Purito-k [Joaquim Rodriguez] segundo horiek hartzeko. Baina Purito laugarren postuan pasatu da. Ni aurrean nindoan, zazpigarren postuan-edo, eta Purito bera oso haserre zegoen taldekideekin. Cavendishek irabazi du esprinta, bigarren Katuxako errusiarra pasatu da, eta hirugarren, Pozzato.
Esprinta biribilgune baten ondoren zegoen, eta Katuxak gehiegi luzatu du tropela. Purito bera atzean geratu da, eta taldekideekin oso haserre zegoen, aukera ona galdu duelako. Epaileek hirugarren postua eman diote, baina inondik inora ere ez nago ados. Hiru asteko itzuliaren ordez, kriteriuma ematen du honek.
Oso harreman ona daukat Purito-rekin, eta estimu handia diot, baina arauak betetzeko daude. Guretzat, adibidez, egokiagoa da Euskaltelen erritmoa Katuxarena baino. Euskaltelek lan egin izan balu, Oscarrekin [Freire] etapa irabazteko aukera edukiko genuen, baina Katuxak oso erritmo bizia jarri du, eta akabo. «Non gaude?», hori da nire galdera. Espainiako Vueltan gaude, itzuli handi batean, eta laugarren pasatu bada, laugarren pasatu da. Ez dut ulertzen. Ezin diodala zorionik eman esango diot bihar; estimu handia diodala, baina ez dudala zorionduko. Errespetu falta iruditzen zait.
TXIRRINDULARITZA. ESPAINIAKO VUELTA. Ezin dut zoriondu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu