TXIRRINDULARITZA. ESPAINIAKO VUELTA. Gaur ez da erretiratuko

Fabian Cancellarak 30 kilometroko erlojupekoa irabazi du, espero bezala, eta suitzarra lider jarri da berriro

Igor Susaeta.
2009ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Gauza bakarra dauka buruan Fabian Cancellarak (Saxo Bank): erlojuaren kontrako Munduko Txapelketa prestatzea. Hilaren 24an jokatuko da Mendrision (Suitza), eta egun horretara puntuan heltzeko intentzioarekin ari da lehiatzen Espainiako Vueltan. Kilometroak pilatzen. Lehiaketako erritmoa eta sentipenak barneratzen. Halere, zeruak eta lurrak bat egiten ez baldin badute behintzat, suitzarrak ez du Vuelta guztia osatuko; hilaren 20an Madrilera iritsi aurretik erretiratuko da, gogoan daukan txapelketa horretara fresko heltzeko. Gaur, ordea, ez da erretiratuko. Ez da hala izango, atzo, espero bezala, 30 kilometroko erlojupekoa irabazi zuelako Valentzian, eta berriro lider jarri delako; horregatik bakarrik.

Mendiko aurreneko etapan suitzarrak soinean eramango du urre koloreko maillota. 204 kilometro izango dira, Alzira eta Aitanako gainaren artean; eta tartean hirugarren mailako lau mendate, bigarren mailako beste hiru, eta bukaera Aitanan. Hemezortzi bat kilometroko luzera dauka, baina pendizak nekez egiten du %7tik gora. Dena den, aldeak egingo ditu faboritoen artean.

Erlojupekoan ere egin ziren, halere, handiak izan ez arren. Samuel Sanchez (Euskaltel) izan zen onena Vuelta irabazteko hautagaien artean. 15 segundo atera zizkion Cadel Evansi (Silence-Lotto), 18 Alejandro Valverde (Caisse d'Epargne) faborito nagusiari, eta ia minutua, aldiz, Ivan Bassori (Liquigas). Espainiarra ondo moldatu zen euripean, eta ez zen kikildu bihurgune arriskutsuetan, azkeneko kilometroetan apur bat behera eginagatik. Aipagarria, era berean, David Herrero (Xacobeo) bilbotarra egiten ari dena.



Sailkapenak

ZORTZIGARREN ETAPA

1. Fabian Cancellara (Saxo Bank) 36.41

2. David Millar (Garmin) 32ra

3. Bert Grabsch (Columbia) 36ra

4. David Herrero (Xacobeo) 40ra

5. Vasil Kirienka (Caisse) 46ra

6. Samuel Sanchez (Euskaltel) 47ra

17. Haimar Zubeldia (Astana) 1.18ra

23. Imanol Erbiti (Caisse) 1.30era

26. Markel Irizar (Euskaltel) 1.31ra

34. Arkaitz Duran (Fuji) 1.41era

NAGUSIA

1. F. Cancellara (Saxo Bank) 24.58.12

2. Tom Boonen (Quick Step) 51ra

3. David Herrero (Xacobeo) 59ra

4. Daniele Bennati (Liquigas) 1.03ra

9. Samuel Sanchez (Euskaltel) 1.20ra

10. David Millar (Garmin) d.b.

12. Haimar Zubeldia (Astana) 1.43ra

15. Imanol Erbiti (Caisse) 1.51ra

24. Arkaitz Duran (Fuji) 2.13ra

29. Markel Irizar (Euskaltel) 2.24ra

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.