TXIRRINDULARITZA. ESPAINIAKO VUELTA. Hauteskundeetan bezala

Leipheimerrek (Astana) irabazi du Ciudad Realeko erlojupekoa, eta bera jarri da lider, Sylvain Chavanelen aurretik

unai zubeldia
2008ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Denek irabazi zuten atzo. Levi Leipheimerrek (Astana) irabazi egin zuen; nabarmen irabazi, gainera, Ciudad Realeko erlojupekoan denborarik onena lortzeaz gain, liderraren maillota ere berak jantzi baitzuen; baina Alejandro Valverdek ere (Caisse d'Epargne) irabazi egin zuen, erlojupekoaren azken zatian indarrak ahituta geratu bazen ere, bosgarren denborarik onena eginda, hirugarren jarri baita sailkapen nagusian; Alberto Contadorrek ere (Astana) galdu egin zuenik ezin esan, Leipheimer taldekidearengandik 49 segundo eskasera geratu baitzen atzoko erlojupekoan. Mendatetzarrak igotzen hasi aurretik bosgarren dago sailkapenean, 47 segundora...

Baina Carlos Sastrek ere (CSC) irabazi egin zuen atzo, noski, Contadorrek berak, esaterako, 41 segundo besterik ez baitzizkion atera 42,5 kilometroko erlojupekoan; eta irabazleez hizketan hasita, Igor Antonen (Euskaltel-Euskadi) lana ezin aipatu gabe utzi. Galdakoztarrak hiru minutuko galeran jarri zuen langa, denbora gehiago ez zuen galdu nahi. Leipheimerrekiko 2.35 galduta, erabat gustura zegoen helmugan, oso lan txukuna eginda, Sastrek, esaterako, 1.05eko aldea besterik ez baitzion atera. Tom Boonen oso ondo, Sylvain Chavanel zer esanik ez... Hauteskunde giroan bezala, atzoko erlojupekoan denak irabazle.

Baina orain hasiko da benetako zalaparta. Andorran amaituko da mendiko lehen etapa, larunbatean, Naturlandia-La Rabassa maila bereziko mendatean, eta Pla de Beret lehen mailako mendatean igandekoa. Angliru eta Fuentes de Invierno ere zain dauzkate Asturiasen, eta Navacerradako kronoigoera ere bai, azkenaurreko etapan. Aldapa asko, izugarri, eta sailkapena estu-estu. Baina atzoko erlojupekoa aztertuta, gauza bat dago argi: Leipheimer oso fresko iritsi da Vueltara, eta Contadorrek aurkarien erasoen zain egon beharko du taldeko une honetako liderrari kalterik ez egiteko. Chavanel, Valverde, Sastre, Moreno, Anton... Zoragarria geratu da lasterketa.



Sailkapena

BOSGARREN ETAPA

1. Levi Leipheimer (Astana) 50.57

2. Sylvain Chavanel (Cofidis) 12ra

3. Manuel Quinziato (Liquigas) 33ra

4. Alberto Contador (Astana) 49ra

5. A. Valverde (Caisse d'Epargne)59ra

6. Jurgen Van Goolen (CSC) 1.06ra

7. Michael Blaudzun (CSC) 1.07ra

8. Martin Velits (Milram) 1.15era

9. Dominique Cornu (Lotto) 1.19ra

10. Sebastian Lang (Gerolsteiner) d.b.

SAILKAPEN NAGUSIA

1. Levi Leipheimer (Astana) 8.21

2. Sylvain Chavanel (Cofidis) 2ra

3. A. Valverde (Caisse d'Epargne) 30era

4. Tom Boonen (Quick Step) 32ra

5. Alberto Contador (Astana) 47ra

6. Jurgen Van Goolen (CSC) 1.26ra

7. Carlos Sastre (CSC) 1.27ra

8. Daniele Bennati (Liquigas) 1.38ra

9. Dominique Cornu (Lotto) 1.48ra

12. Igor Anton (E. Euskadi) 2.17ra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.