Caisse d'Epargne atzetik tiraka, eta aurrean Loubet eta Kirienka bakarrik lanean. Ezetz eta ezetz, ez zuela erreleborik emango Arroyok; emateko, mesedez, Kirienkak -ordurako atzean geratua zen Loubet, bielorrusiarraren erasoari jarraitu ezinik-. 50 segundoko aldearekin iritsi ziren biak azken 10 kilometroetara. Bazirudien Caisse d'Epargnek aise harrapatuko zituela biak. Baina taldekide bat tartean egonda, eurak ere zalantzan zeudela zirudien. Tiraka aritu bai, baina bete-betean ez... Argi baitzegoen Kirienkak bideratzaile lana besterik ezingo ziola egin Arroyori. Azken kilometroak bielorrusiarraren gurpilean eginda, esprint txiki bat egin, eta bi eskuak gora.
Baina askoz lehenagotik izan zen atzoko etapa ikusgarria. Navacerrada eta Navafria lehen mailako bi mendate zeuden atzo, Segoviara bidean, eta Caisse d'Epargne bera saiatu zen lasterketa hankaz gora jartzen. Hainbat ihesaldi saioren ostean, 13 lagun joan ziren ihesean Navacerradan gora; tartean ziren Caisse d'Epargneko hiru txirrindulari: Arroyo, Pasamontes eta Losada. Berehala lortu zuten tropelarekiko 1.42 minutuko aldea, baina Caisse d'Epargnekoak ez zeuden lasai. Dani Morenok jo zuen erasoa lehenengo, eta Joaquin Rodriguez taldekideak geroxeago.
Morenoren lana baliatuta, berehala bat egin zuen Joaquin Rodriguezek aurrekoekin. 14 lagun ihes eginda, eta Caisse d'Epargneko lau tartean, arriskutsuena Joaquin Rodriguez bera, atzo arte sailkapen nagusian 6.11ra, zazpigarren postuan zegoen txirrindularia. Azkar hasi zen Astana lanean, eta 16 segundora ere hurbildu ziren. Baina 1.04ko aldea zeukaten Navacerradan behera. Baina Navafria eguneko lehen mailako bigarren mendatean gora murriztu zituen Astanak aldeak. Astanak, eta Sastrek. Erasoa jo zuen CSCkoak, eta faboritoen tropelak bat egin zuten aurreko 13ekin. Akabo oilarren arteko zalaparta.
Eta, hain zuzen ere, momentu hori baliatu zuten Loubetek, Kirienkak eta Arroyok aurrera joateko. Caisse d'Epargnek bi lekutan zeukan burua, aurrean-Arroyorekin- eta atzean-Valverderekin-. Azkenerako, gaitzerdi, ondo biribildu zuen egun guztiko lana. Hori bai, Kirienka kontratu eske hasiko zaio, agian, Eusebio Unzueri.
Sailkapenak
HEMERETZIGARREN ETAPA1. David Arroyo (C. d'Epargne) 3.27.03
2. Vasili Kirienka (Tinkoff) 5era
3. Nick Nuyens (Cofidis) 11ra
4. A. Valverde (C. d'Epargne) d.b.
5. Greg Van Avermaet (Lotto) d.b.
6. Marzio Bruseghin (Lampre) d.b.
7. Robert Gesink (Rabobank) d.b.
8. Ruben Perez (E. Euskadi) d.b.
9. Alberto Contador (Astana) d.b.
10. David Moncoutie (Cofidis) d.b.
NAGUSIA
1. A. Contador (Astana) 77.21.52
2. Levi Leipheimer (Astana) 1.17ra
3. Carlos Sastre (CSC) 3.41ra
4. E. Mosquera (Xacobeo) 4.35ra
5. Robert Gesink (Rabobank) 5.49ra
6. A. Valverde (C. d'Epargne) 6.00ra
7. J. Rodriguez (C. d'Epargne) 6.05era
8. Egoi Martinez (E. Euskadi)8.56ra
9. D. Moncoutie (Cofidis) 9.32ra
10. O. Zaugg (Gerolsteiner) 10.01era