Igotzaileak bizikleta arin-arin dantzatzen nola, hala ibiltzen da Oscar Freire. Ikusgarri. Zelaian trebeak direnak bizikleta gainean zirkinik txikiena egiten ez dutenak nola, hala ibiltzen da Oscar Freire. Zoragarri. Dozenaka etapa erabakitzen dira esprintean urtero, eta antzekoak izaten dira gehienak, monotono samarrak, baina atzo Reinosan ikusitakoa ederra izan zen oso. Ederra, Freire egurrean ikustea gozamena delako. Tropelean inork ez duen abiadura handitzeko ahalmena dauka espainiarrak azken metroetan. 50-75 metroko tarte txikian ziztu bizian eman eta eman ari diren aurkarien pare jarri, eta hankapean ibiltzen ditu. Ezinezkoa dirudiena erraz egiten du Freirek, baina hori kontu jakina da, dagoeneko. Freire delako tropelean talentu handiena duten txirrindularietako bat.
Robbie McEwen bakarrik da Freireri azken metroetan itzal egiteko gai, baina Australiakoa ez dago Vueltan. Beste esprinter asko bai, ordea. Bennatirena da etorkizuna, Boonen eta Petacchi ere tropelean daude, aldaretik jaisteko batere asmorik gabe, eta Allan Davis, Erik Zabel, Paolo Bettini eta beste ere ez dira herrenak. Freirek Bennati eta Bettini menderatu zituen atzo, bere jaioterritik gertu, baina Reinosako helmugan Stuttgarteko Munduko Txapelketan aurkari izango dituen guztiak izutu zituen. Aise nagusitu zen, eta hiru aste barru sasoi hori mantentzen badu, Freire garaiezina izango da bere laugarren koroa lortzeko erronkan.
Freire esprinter soila baino askoz gehiago delako. Klasikozale petoa izan gabe, ondo moldatzen da ibilbide gorabeheratsuetan, oso gogorrak ez diren mendateetan. Atzoko etapa apropos-aproposa zen berarentzat, Palombera gainean esprinter petoak atzean geratuko zirela bazekielako. Palombera lehen mailako mendatetzat jo dute Vueltako antolatzaileek, baina plater handiarekin igotzen den aldapa ez da lehen mailakoa. Freirek arazorik gabe pasatu zuen onenekin, eta Rabobankeko taldekideei erritmoa bizitzeko agindu, gainera, esprintean aurkari izan zitezkeenak zigortzeko. Etapa Freirek pentsatutakoa bezala izan zen, erremate ezin hobearekin.
LAU MENDATE ETA ESPRINTA. Bosgarren etapa Vueltako ikusgarrienetakoa izango zela iragarri zuten antolatzaileek, faboritoen arteko dantza eragingo zuela, baina ez zen dantzarik egon. Etapa bizia izan zen, mugitua ihesaldia egin zen arte, baina oilarrak ez ziren mugitu. Arrazoia, honatx: ez zegoela aurkariak non zigortu. Palomberan erasoa jotzea erokeriaren parekoa zen. Ez zegoelako hausteko moduko aldaparik, eta gainetik helmugarainoko bidea autobide zabal-zabala zelako, jazarpen lana egiteko ezin hobea.
Saunier Duval Kantabriako taldea bakarrik ausartu zen. Hainbat lagunekin eguneko ihesaldia egin arte, eta arrakastarik lortu ez zutela ikusita, Jose Angel Gomez-Marchante taldeko liderrarekin ahalegindu ziren. Marchante txirrindulari beroa da, baina indarrak neurtzen ikasi beharko luke, berandu baino lehen. 45 segundo irabazi zituen igoeran, baina tropelaren zain geratu zen jaitsieran, tropelak aise harrapatuko zuela jakitun.
Etapako lehen 100 kilometroak ziztu bizian egin zituen tropelak, batez beste 42 kilometro orduko abiaduran, baina Caisse d'Epargne taldeak estu zaindu zuen ahalegin oro. Vladimir Efimkinen lidergoa babestu nahi zuen, kosta ahala kosta, eta arriskutsuak izan zitezkeenak, edo ordezkaririk sartu ez zituenak aurrera egin ez zezaten lana egin zuen. Euskaltel-Euskadi ere saiatu zen ihesaldietan sartzen, ihesaldiak bilatzen, baina bosgarren etapa aspaldi aukeratu zuen Freirek, eta Freire txirrindulari errentagarrietan errentagarriena da.
Atzokoa bigarren etapa garaipena du, eta gaur eta biharko etapetan beste bi aukera izango ditu lorpen zerrenda handitzeko. Atzo baino zailtasun gehiago izango ditu bi etapa horietan, halere. Esprinter eta esprinterren taldeak izanen ditu oztopo.
saILKaPenaK
BOSGARREN ETAPA
1. Oscar Freire (Rabobank) 4.07.51
2. Daniele Bennati (Lampre) d. b.
3. Paolo Bettini (Quick Step) d. b.
4.Philippe Gilbert (La Française) d. b.
5. Erik Zabel (Milram) d. b.
6. Leonardo Duque (Cofidis) d. b.
7. Xavier Florencio (Bouygues Tel.) d. b.
8. Josep Jufre (Predictor Lotto) d. b.
9. Rene Mandri (Ag2r)d. b.
10. David Garcia (Karpin Galizia)d. b.
11. Alessandro Vanotti (Liquigas) d. b.
12. Juri Krivtsov (Ag2r) d. b.
13. S. Schumacher (Gerolsteiner) d. b.
14. Dioni Galparsoro (Eusk.-Eusk.) d. b.
15. Scott Davis (T-Mobile) d. b.
16. Jurgen Van Goolen (Discovery) d. b.
17. Iñaki Isasi (Euskaltel-Euskadi) d. b.
18. Samuel Sanchez (Eusk.-Eusk.) d. b.
19. Cadel Evans (Predictor-Lotto) d. b.
20. A. Botxarov (Credit Agricole) d. b.
NAGUSIA
1. V. Efimkin (Caisse d'Epargne) 20.10.41
2. Denis Mentxov (Rabobank) 1.06ra
3. Carlos Sastre (CSC) d. b.
4. Maxime Monfort (Cofidis) d. b.
5. Stijn Devolder (Discovery) d. b.
6. Leonardo Piepoli (Saunier) d. b.
7. Cadel Evans (Predictor-Lotto) 1,28ra
8. Sylvain Chavanel (Cofidis) 1,33ra
9. Ezequiel Mosquera (Karpin-G.) 1,36ra
10. L. Bertagnolli (Liquigas) 1,49ra
11. Stephane Goubert (Ag2r) 1,54ra
12. Manuel Beltran (Liquigas) 1,57ra
13.Oscar Pereiro (C. d'Epargne) d. b.
14. Chris Sorensen (CSC) 2,18ra
15. Franco Pellizotti (Liquigas)d. b.
16. J. A. G.-Marchante (Saunier) 2,23ra.
17. Samuel Sanchez (Eusk.-Eusk.) 2,29ra
18. Igor Anton (Eusk.-Eusk.) 2,30era
19. Carlos Barredo (Quick Step)2,32ra
20. Josep Jufre (Predictor-Lotto) 2,49ra
TXIRRINDULARITZA. ESPAINIAKO VUELTA. Laugarrena nahi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu