Eta, eguraldiari dagokionez, txirrindulariek eskertuko dute. Eguzkia goitik joka, eta errepidearen berotasuna behetik egosi beharrean. Atzo ere izugarrizko beroa izan zuten txirrindulariek -34 gradu irteeran-, eta, aurreko etapen errepikapena balitz bezala, txirrindulari bakarra ausartu zen tropela xaxatzen. Andalucia-Cajasurreko txirrindulari bat, noski. Atzokoan Jose Antonio Lopez espainiarra saiatu zen zaleen aurrean aurkezpena egiten. Hirugarren mailako bi mendate zeuzkaten atzo ibilbidearen hasieran, eta lehenengoaren jaitsieran joan zen Lopez aurrera. Bakar-bakarrik. Alfer-alferrik. Tropela orduko 34 kilometroko abiaduran zihoan, erabat poliki, baina aldea ez zen zortzi minututik gora joan. Liquigas, Lampre eta Quic Step, lasai antzean tiraka astea nahikoa izan zen aldea nabarmen jaisteko.
Bennati liderra bera, Alejandro Valverde (Caisse d'Epargne) eta Alberto Contador (Astana) elkarri zirika zebiltzan atzean, tarteko helmugetako esprintetan, arerioei segundoren bat lapurtu eta gaurko erlojupekoan gehienak baino geroago irteteko, baina, zirika horiek gorabehera, lasai zihoazen atzean. Azken 15 kilometroetan sartu arte bai, behintzat. Cunego, Dion, Ardila, Hary, Freire, Kloeden, Schumacher, Barredo, Paulinho... Txirrindulari ugari erori ziren azken kilometroetan. Helmugara iristeko 3,1 kilometro falta zirenean izan zen eroriko nagusia, eta, azken hiru kilometroetan sartuta ez da hartzen kontuan galdutako denbora; atzo bezala, erorikoa lehenago bada, bai-.
Tropela erabat sakabanatuta geratu zen azken kilometroetan, baina Quick Stepek aldrebes prestatu zuen esprinta. Boonen atzean geratu zen, eta Bennatiri segika hasi zenerako, italiarra ospatzen hasita zegoen. Eta Fernandez de Larrea ere ezinean. Ondo, hirugarren, baina amorratuta.
Sailkapena
LAUGARREN ETAPA1. Daniele Bennati (Liquigas) 4.27.54
2. Tom Boonen (Quick Step) d.b.
3. K. Fdez. de Larrea (E. Euskadi) d.b.
4. Danilo Napolitano (Lampre) d.b.
5. Erik Zabel (Milram) d.b.
6. Greg Van Avermaet (Lotto) d.b.
7. Wouter Wylandt (Quick Step) d.b.
8. Davide Vigano (Quick Step) d.b.
9. Nicolas Roche (Credit Agricole) 3ra
10. Sylvain Chavanel (Cofidis) d.b.
SAILKAPEN NAGUSIA
1. Daniele Bennati (Liquigas) 13.23.57
2. Tom Boonen (Quick Step) 22ra
3. A. Valverde (Caisse d'Epargne) 48ra
4. Erik Zabel (Milram) 51ra
5. Igor Anton (E. Euskadi) 59ra
6. J. Garate (Quick Step) 1.01era
7. Alessandro Ballan (Lampre) 1.02ra
8. Greg Van Avermaet (Lotto) 1.04ra
9. J. A. Flecha (Rabobank) d.b.
10. E. Martinez (E. Euskadi) 1.05era