TXIRRINDULARITZA. ESPAINIAKO VUELTA. NIRE TXOKOA. Gure 'Fuji' eta 'Erregea'

Mikel Astarloza.
2008ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Atseden egunetan zer egiten dugun ondo asko dakizue jada, eta izengoitiei buruz hitz egitea hobe izango dela pentsatu dut. Egunkaria irakurri baduzue, ohartuko zineten Paolo Bettiniri Grillo edo Kilkerra deitzen diogula. Titularrak ez ziren askoz originalagoak izango. Ziur. Valverderen izengoitia, berriz, Bala da, Balaverde-tik hartutakoa. Eta Filipo Pozzatori Pipo deitzen diogu. Bitxia da, baina Sastrek ez dauka izengoitirik. Hala ere, denoi Niño edo Chiquitin deitzen digu. Ni bezalako metro eta laurogeita bost zentimetroko bati Niño edo Chiquitin deitzeak barregurea ematen du!

Purito-rena da beste izengoiti ezagun bat [Joaquin Rodriguez]. Lehenengo kontzentrazioan, maldan gora Jalaberten ondoan zihoala, purua erretzeko moduan zihoan itxura egin zuen nonbait, oso erraz zihoala erakusteko. Ordutik Purito izenez da ezaguna.

Manuel Ortega Andalucia taldekoari El Gordo deitzen diote [lodia]. Beregatik zela pentsatzen nuen, ez baitago argal-argal ere. Baina bere aita omen da benetan lodia. Popovitx ezagunari, berriz, Popo deitzen diogu. Eta izenetik eratorritako beste izengoiti batzuk ere badaude. Erdi euskalduna den Ricardo Serranori Ritxi deitzen diogu; Carlos Castañori, Txarli; eta Pedro Horrillori, Piter.

Eta, tira, etxera etorrita, ezagunena, zalantzarik gabe, Fuji da, Igor Anton. Lehen bizikleta marka horretakoa zen, eta, tira... Espainiako kazetari bat saiatu da beste izengoiti bat jartzen, La pulga [arkakusoa], eta berari ez zaio axola. Baina guri ez zaigu batere gustatu. Guretzat Fuji izaten jarraituko du. Landaluze El dejado edo Utzia da. Bere maleta eta lau eguneko bizarra ikusi besterik ez dago! Ruben Perezi Rufus, Amets Txurrukari Txurrusko, Alan Perezi Zurukuain, oso tipo sanoa delako... Eta Koldo Fernandez de Larreari Erregea. Berak jarri dio bere buruari, gainera. Ezagutzen ez duenak gaizki hartuko luke, baina oso-oso jatorra da. Baina, tira, esprinter guztiei bezala, labean ordu laurden gehiago egotea falta zaio berari ere!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.