Oso-oso pozik gaude, Euskaltel-Euskadik lehen aldiz lortu baitu itzuli handi bateko maillot horia. Zeinek jantziko, gainera, maillota, eta Egoik, besteentzat lanean aritzen den txirrindulariak. Oso txirrindulari ona da, eta ilusio handia egin dit maillota berak janzteak. Poztekoa da horrelako langile finak hain sari handia irabaztea.
Baina tropelean izan dugun anekdota ere kontatu nahiko nizueke. Astanak lan handia egin behar izan du ihes egindakoak urrutira ez joateko. Etapa guztian 5-6 minutuko aldea mantendu dute, baina bukaeran kilometroen pisua nabaritu dute, eta kosta egin zaie aldea mantentzea. Maillot horia Egoiri pasatzea erabaki dute, eta itxaropen hori geneukan guk, Alan eta Egoi horretarako ari baitziren lanean. Irteeran ere buruan geneukan hori. Egoi ihesaldian sartu nahi genuen, bai baikenekien maillot horia eskuratzeko moduan zegoela.
Helmugara iristeko 20 kilometro falta zirenean, aldea 7.30era igo da, eta, une horretan, oso-oso pozik jarri gara denok, euforiko. Maillot horia jantziko genuela ikusi dugu, eta minutu bateko aldearekin, gainera. Baina, inongo azalpenik ez daukan arren, Caisse d'Epargne eta CSC bete-betean tropeletik tiraka hasi dira. Sastre eta Valverderekin hitz egitera joan naiz berehala, azalpen eske. Egoi lider jarriko zela eta aste osoan lasterketa guk kontrolatuko genuela esan diet biei; euren jarrera ez nuela ulertzen. Taldekako sailkapenari begira ari zirela lanean ez didate ba esan! Bi txirrindulari geneuzkala aurrean, eta horregatik nahi zutela aldea murriztea.
Oraindik hamar etapa falta direla eta hori txorakeria dela esan diet, baina berdin-berdin jarraitu dute lanean. Oso haserre jarri naiz, egia esateko. Gure kontrako ekintza izan da, gauza pertsonala, eta ez taldekako sailkapenerako mugimendua. Nahi dutena esango dute, Astana taldea nekatzea nahi zutela, hau eta beste. Baina ez diet sinesten. Inbidia puntua erakutsi dute, eta pena da. Eskerrak horrelako jokabideak ez diren asko ikusten!
Eta, tira, amaieran tropel buruan jarri eta erritmoa moteltzen saiatzea ez zait gustatu neuri ere. Baina hainbesteko amorrua neukan, edozer gauza egiteko gai nintzen Egoik maillota lortzeko. Gogoz eutsiko diogu orain maillotari, baina pena handia eman digu CSC eta Caisse d'Epargneren jokabideak. Penagarria.
TXIRRINDULARITZA. ESPAINIAKO VUELTA. NIRE TXOKOA. Jarrera penagarria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu