Ez dugu egunero defendatu behar izaten liderraren maillota, eta oso gustura ibili gara denok. Lehendik ere oso-oso giro ona geneukan taldean, Espainiako Vueltan bederatzi lagun gaudela esan baitaiteke. Jendea asko poztu da, eta ez taldekide batek liderraren maillota hartu duelako bakarrik, lagun batek hartu duelako baizik. Poza ematen du horrela lan egiteak!
Guretzat gaurko eguna eguneroko modukoa dela esan daiteke. Beti bezala jaiki, gosaldu, bilera egin, lasterketa hasierara joan... Baina, gure eguneroko jardunetik at, Egoiren eguna ez dela aurrekoen modukoa izan ikusi dugu. Vueltako liderra denez, jende guztia atzetik segika ibili da. Autobusetik jaitsi, eta kazetari pila bat gerturatu zaio, argazkilariak ere bai... Ez zeukan denborarik inorekin egoteko.
Oso kuriosoa da lider dagoenaren ospea. Une oro jendez inguratuta egon da, baina bakardade irudipenarekin. Izan ere, gainerakoek eguneroko bizimoduarekin jarraitu dugu, eta berak horixe aitortu digu, eguneroko bizimoduaren falta sumatu duela; normaltasuna nahi zuela.
Eta, tira, behin lasterketa hasita, argi geneukan maillotari eustea zela gure helburua, Igor Anton sailkapen nagusiari begira dagoela, eta Koldo Fernandez de Larrea esprinterra dela ahaztu gabe. Irteera oso-oso gogorra izan da, lehen 40 kilometroetan hamar mila eraso izan baitira. Tropelak bazekien ihesaldi bati aurrera joaten utzi nahi geniola. Baina, noski, ihesaldian ahalik eta txirrindulari gutxien sartzea nahi genuen; ahal bazen, bakarra. Horretan saiatu gara denbora guztian.
Eta, zorionez, horrela gertatu da. 40. kilometro inguruan, izugarrizko txikizioa gertatu ondoren, txirrindulari bakarrak ihes egin du, eta berehala hasi gara lanean. Taldeak lan zoragarria egin du, une oro lasterketa kontrolpean izan baitu. Amaiera aldera Rabobank taldeak hartu du esprinta bideratzeko ardura, eta, beraz, une horretan helburua beteta geneukala esan daiteke. Beste egun batez jarraituko dugu maillotarekin, Igor Anton aurrean dago, eta Koldo esprintean sartu da, nahiz eta ezin izan duen irabazi. Poliki-poliki helburuak betetzen ari gara, eta pozik egoteko arrazoiak badauzkagula uste dut.
TXIRRINDULARITZA. ESPAINIAKO VUELTA. NIRE TXOKOA. Jendez inguratuta, baina bakardadean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu