Inoiz aipatu izan dut Landaluze utzia dela. Astebeteko bizarra, hanketako ileak luzatuta... Nahiko itxura petralarekin ibiltzen da. Edozein hoteletan ahazten zaio elastiko edo kantzontziloren bat, eta gauzak non dauzkan ere ez daki!
Esaten dutenez, edertasuna izan ezik dena kutsatzen omen da, eta Amets Txurrukarena da adibiderik onena. Inoiz ez da hain utzia izan, baina logelan Landaluzerekin dagoenetik... Landaluze oso berandu oheratzen da, eta Amets oso goiz. Elkarrekin daudenetik biak goiz oheratu beharrean, alderantzizkoa gertatzen da. Kutsatu egin du, eta 00:00-00:30ak arte ez dute lo hartzen. Berandu oheratzen hasi denetik, ez dakigu burua non daukan. Berak ere ez dakiela uste dut!
Vueltako lehen astean, oporraldiez hizketan ari ginela, bi lagunekin Milanera joango dela aitortu zigun. Internet bidez hegaldi merkeak hartzen ari zela, ordea, nahi gabe, Bilbo-Milan hartu beharrean, Bilbo-Erroma hartu zuen. Ordaindu eta konfirmazioa jaso ondoren konturatu zen bera. Pentsa dezakezue lagunak nola jarri zaizkion!
Bigarren astean, berriz, ordenagailuaren kargagailua ahaztu zuen Ametsek hotel batean. Kamiseta bat ahaztuz gero, ez da ezer pasatzen, baina kargagailua garrantzitsua da, bakarra izaten baita normalean. Hotelera deitu zuen, mesedez hurrengo hotelera bidaltzeko eskatuz. Baina egunero aldatzen dugu hotelez, eta kargailua gu baino egun bat atzerago dabil beti. Egunero entzuten dugu Amets bezperako hotelarekin hizketan, kargagailu bat iritsiko dela eta mesedez hurrengo hotelera bidaltzeko esanez.
Eta gaur, egunero bezala, bezperako hotelera deika hasi denean, 212 gelan ordulariren bat ba ote dagoen galdezka ez da ba hasi! Ahaztu egin zaiola, eta mesedez begiratzeko esanez hasi denean barrez lehertu gara denok.
TXIRRINDULARITZA. ESPAINIAKO VUELTA. NIRE TXOKOA. Landaluzekeriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu