Sailkapenari begiratuta eduki ditudan burutazioak kontatzea pentsatu dut oraingoan. Chavanel eta Quinziato, hain ezagunak ez diren bi txirrindulari hain aurrean ikusita harritu egin naiz. Ordekan indartsuak dira biak, baina ez dira espezialistak, eta inoiz ez nituen hain indartsu ikusi erlojupeko luzeetan.
Leipheimer, Contador, Valverde eta Sastre, berriz, Vuelta irabazteko hautagaiak, maila bertsuan ibili dira. Ez da ezustekorik izan, eta laurak gustura egongo dira. Baina, atzerago joanda, 13. postuarekin erabat harrituta geratu naiz. Boonen ageri da hor. Ibilbidea laua zen, bai, baina bere mailako esprinter bat 13. postuan ikustea harrigarria da. Jende askok aipatu du hori hotelean.
Lau postu atzerago (17) Imanol Erviti nafarra ageri da, Iruñeko txirrindulari gaztea. Gehienoi 17. postuak ez dizue ezer askorik esango, baina Vueltan 20 lehenengoen artean sailkatzea goraipatzekoa da. Pozgarria da gazte bat erlojupekoetan hain ondo moldatzen dela ikustea.
Atzeraxeago Gesink, Mosquera eta Anton aurkitu ditut. Hirurak igotzaileak dira, eta bi minutu inguru galtzea pozgarria da eurentzat, hemendik aurrera hasiko baita euren itzulia. Ni neu eta Popovitx geundeke txanponaren beste aldean. Tourretik gatoz biok, eta pentsatzen dut bera ere ez dela bete-betean egongo, baina espezialista petoak izanda, aurreraxeago egoteko itxaropena geneukan. Nik, behintzat, bai.
Hortik atzera, bi minuturen bueltan dabiltza lehen 100 sailkatuak. Ikastolan ere, azterketa garaian, ez zutela ikasi esaten zuten denek, baina gero gainditu egiten zuten. Hemen ere antzekoa gertatzen da. Bi minututik atzera geratzen direnek ez dutela bete-betean egin esaten dute beti. Baina nik, topera eginda, eta espezialista izanda, bi minutu pasatxo galdu ditut, eta eurek bete-betean egin gabe bi minutu gehiago bakarrik? Eskerrak ez duten bete-betean egin, bestela lehen bosten artean sailkatuko baitziren! Erik Zabel dago tartean. 45. sailkatu da, 2.50era, baina beti saiatzen da barruan daukan guztia ematen.
Bettini, Freire eta Fernandez de Larrea bai, horiek indarrak gordetzen aritu dira, 100. postutik atzera; sei minutu galdu dituzte. Eta lasai ibili direnen artean nagusi Gilbert. Oso sasoi onean dagoela esan dit egunotan, Munduko Txapelketari begira dagoela, eta nagusia ahaztuta daukala, etaparen bat irabazi nahi duela. Azalduko da. Ziur.
TXIRRINDULARITZA. ESPAINIAKO VUELTA. NIRE TXOKOA. Sailkapenari begira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu