TXIRRINDULARITZA. ESPAINIAKO VUELTA. NIRE TXOKOA. Tentsio falta nabarmena

Mikel Astarloza.
2008ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Aurreko etapan bezala, oraingoan ere bero handia izan dugu, eta, azken finean, horrek gogortu du eguna, azken bi etapek, berez, ez baitute zailtasun handirik izan. Bero izugarria egin du bi egunetan, eta bidoiak hartu eta hartu ibili gara une oro, jateko ia goserik gabe, hainbesteko beroak gosea bera ere kendu egiten baitu. Edanez igaro dugu egun guztia, eta horrek ere bete egiten du. Berez ez dugu ura edateko behar handirik izaten, etapak erritmo normalean egiten baititugu. Baina 13:00etatik 17:30era bitartean ibiltzen gara errepidean, eta orduan berotzen du gehien eguzkiak.

Lehen egunean aipatu nuen moduan, tropelean ere nabaritzen da denboraldi amaieran gaudela, urte hasierako motibaziorik ez dagoela. Beste edozein lasterketatan baino lehenago sortzen dira ihesaldiak, nahiz eta jakina den ez dela helmugara iritsiko; esprinterren taldeek lan egiten dute beti. Txirrindulari ausart gutxi daude, eta horregatik dira lehen kilometroak lasaiak. Ez dakit lasaiak edo aspergarriak diren! Bietatik dute pixka bat. Bukaeran, bai, bukaeran, gaurko moduan, ihesaldiari 15 minutuko aldea kentzeko atzean ere azkar joan beharra dago, eta lasterketa gogortu egiten da.

Baina nabarmena da tropelean ez dagoela beste lasterketa batzuetako urduritasunik, eta ikusleek ere antzeko zerbait nabaritzen dutela iruditzen zait. Ez tropeleko sentsazioagatik bakarrik; komunikabideei dagokienez ere, Vueltak ez dauka Tourrak daukan oihartzunik. Giroak daukan oihartzunik ere ez daukala esatera ausartuko nintzateke, azken finean, denboraldia amaitzear baitago. Olinpiar Jokoak amaitu berri dira, arrauna pil-pilean dago, futbola ere oraintxe hasi da... Horrek guztiak itzala egiten dio txirrindularitzari. Ez dakit apirilean oihartzun handiagoa izaten zuen edo ez, baina egutegia aldatu zutenetik argi dago gauza onak eta txarrak dauzkala. Sekulako maila dauka Vueltak, baina jendea nekatuta dago. Eta ez tropel barruan bakarrik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.