Tropelean nabari da jendea oso nekatuta dagoela. Gutxi batzuk ondo daude oraindik, baina beste asko belauneko minez dabiltza, beste batzuk oker-oker eginda, eskumuturreko minez ere bai bakarren bat... Nabari da denboraldi amaiera dela. Azken itzuli handiko hirugarren astean gaude, eta leku bateko mina ez daukanak bestekoa dauka.
Ez dut aitzakiak jartzen hasi nahi, taldeak ahal duen guztia egiten baitu errepidean. Baina Landaluzeren egoera aipatzen hasita, eskumuturreko minez dabil azken egunotan. Txirrindularien artean ez da ohiko lesioa izaten, baina tendinitisa dauka. Ruben Perezek, berriz, periostitisa dauka; denok ulertze aldera, peronearen edo hankaren aurreko aldeko tendoi bat dauka hazita. Lotura batekin dabil, eta beroketa bereziak egiten ditu lasterketan min handirik ez izateko. Laburpenarekin jarraituta, Koldo Fernandez de Larrea ere belauneko minez dabil. Ultrasoinuekin, krema bereziekin, izotzarekin... ahal duen moduan dabil bera ere.
Eta, tira, masaje-emailea barrez lehertzen hasi da jada, eta ni ere larri nabil. Nik hankatartean daukat txikizioa. Arrautzandi deitzen hasi dira gaur, arrautzen azpian beste bi arrautza atera baitzaizkit, marruskadurak eraginda. Hankarte horrek nahikoa lan ematen dit normalean, eta orain ere, bizikleta gainean hiru aste daramatzagunez, nahiko gaizki daukat inguru hori. Hor nabil nire gasekin eta kremekin. Hotelean, ia-ia, fardela jantzita ibiltzen naiz, pentsa!
Baina tropel guztia dabil antzera. Hiru asteko itzulia oso gogorra dela esaten da beti, eta hala da, gorputzak azkenean leku batetik ez bada bestetik egiten baitu protesta. Gorputza oso azkarra da, eta horrelako egurra hartzen duenean, berehala hasten da kexaka. Hori da lasterketatik kanpoko errealitatea, lasterketan ahaztu egiten baitira norberaren arazo txiki horiek. Behin etapa amaituta, hotelean nahikoa denbora izaten dugu gero min daukagula esateko.
TXIRRINDULARITZA. ESPAINIAKO VUELTA. NIRE TXOKOA. Tropelaren ajeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu