alar Alton eman zuen erakustaldiaren ondoren Vuelta irabazteko asko-asko ez zuela sufritu beharko pentsatuko zuen Roberto Herasek, baina majo sufritu beharko du. Bost segundo ez dira ezer, alde hori baino errenta mamitsuagoa behar du urrezko maillota etxera eramateko. Non irabazi, baina, alde gehiago?
Gainean bukatzen diren etapa bitan saiatzea da logikoena. Covatilla, bihar, eta Navacerrada dira bi horiek (larunbatean korrituko da). Bietan gogorrena Covatillako ailegaera da. Etapa osoa aintzat hartzen badugu, litekeena da larunbatekoa gogorragoa izatea.2002an ere Covatillan egin zion ihes Vueltak Roberto Herasi. Aitor Gonzalez gipuzkoarra urruntzen saiatu behar zuen nola-hala, azken eguneko erlojupekoan aukeraren bat edukitzeko. Gogor saiatu zen, baina minutu erdiko sari eskasa lortu zuen. Txukunago jardun beharko du Herasek bihar, minutuko aldea beharko duelako erlojupekoaren atarian, Vuelta poltsikoratu nahi badu. Covatillak bederatzi kilometro ditu. Batez besteko pendiza handia da: %8,1. Hiru kilometro ditu %10etik gorako desnibelarekin. Azken laurak ere ez dira lauak: %7,5etik gorakoak denak, bat izan ezik.Valverderentzat ez da mendate txarra, ez da luzeegia. Xorret del Catiren antz handiagoa du Covatillak, Calar Altorena baino. Han lortzen ez badu Navacerradan ahalegindu beharko du Herasek. Hura ere ederki ezagutzen du. Ez harritu han ere Valverde atzeratzen ahalegintzea. Ez litzateke lehen aldia izango!
TXIRRINDULARITZA. ESPAINIAKO VUELTA. Non jo badaki; gai izango den ez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu