Felix hurakana ibili da orain gutxi arte Erdialdeko Amerikako bazterrak astintzen, baina Felix bezala, Henriette izan zitekeen, edo Dean... edo Oscar. Aurten izen hori daraman urakana ikustea zaila izango da, urakanen izenak hizkiak alfabetoan nola, hala erabakitzen dituztelako. F hizkia daraman urakana izan da azkena, eta O hizkiraino iritsi arte zortzi urakan gehiago sortu beharko lirateke Karibeko itsasoan, azaroaren 1a baino lehen, urakanak sortzeko garaia bukatu baino lehen.
Espainiako Vueltan Oscar Freire izeneko urakana ari da bazterrak astintzen, geldiezin. Felix goitizena jar diezaiokegu tropeleko txirrindulari azkarrenen artean egiten ari den triskantza ulertzeko. Freirek hiru etapa irabazi ditu dagoeneko. Hiru, sei etapa jokatu direnean. Marka ikusgarria. Espainiarrak dozenaka garaipen lortu ditu bere kirol ibilbidean, baina orain arte ez zuen lortu aurten lortutakoa. Alegia, itzuli handi batean hiru etapa garaipen poltsikoratzea.
Hirugarrena beste biak baino grisagoa izan zen. Ez hain garbia, ez hain dotorea, baina kontu jakina zen Logroñoko esprintean zirenak eta ez zirenak ahaleginduko zirela, atzoko etapan ez zegoelako Palomberaren tankerako mendaterik, esprinter soilenak nekatzeko. Petacchi, Bennati, Boonen, Davis, Zabel, Schumacher, Duque, Clerq, Furlan... den-denak sartu ziren, baita Koldo Fernandez de Larrea ere, eta tamainako lehiakortasunak klase handiko izarren hauspoa ere behartzen du. Freireren gurpilak zeharkatu zuen aurrena helmugako marra, baina kosta zitzaioan besoak garaile jasotzea. Ziurtasun osoa ez zuela esan nahi du horrek. Ezker-eskuin begiratu eta aurkari izan zituenak burumakur ikusi ondoren altxa zuen ezker besoa Freirek. Gaur, Zaragozara bidean, laugarren garaipena lortzeko aukera izango du Rabobank taldekoak.
«NIK EZ DUDAN LASAITASUNA DU». Nor hobe, Freireren esprintak azaltzeko, alboan dagoena baino. Fernandez de Larreak Freirerekin egin zituen azken 100 metroak, orpoz orpo, eta etapa bukatuta hauxe esan zuen: «Garaiezina da, oso ona. Film batekin alderatuz gero, beste guztiak kamera azkarrarekin goazenean, bera kamera geldoan. Esprinta lasai aztertzeko aukera dauka, bere kalitateari esker, eta egoki ikusten duenean, danbatekoa jo. Arraroa da kale egitea».
Arabarrak, ordea, pozik egoteko arrazoi gehiago ditu, triste egoteko baino. Pro-Tour Ligan, Tirreno-Adriatiko itzulian etapa bat irabazi ondoren, itzuli handi batean estrainekoa lortzea da Euskaltel-Euskadi taldekoaren erronka. Ez da berak nahi bezain ondo aritu lehen etapetan, baina atzoko bigarren postuak indarra eman behar dio. Fernandez de Larreak zailtasun anitz gainditu behar izan zituen berriro. Taldekiderik ez alboan, laguntza jasotzeko, eta kokapen arazoa azken kilometroan: «Ez naiz ondo kokatuta iritsi, baina azken 150 metroetan sei edo zazpi aurkari aurreratu ditut. Denak aurreratzea gehitxo izango zen, ezta?», esan zuen etapa bukaeran.
Haizeak ere lehen agerraldia egin zuen Vueltan. Gaztelako ordokietan haizeari oztoporik jarriko dion mendi garairik ez dago, eta Euskal Herrian daukagun frantziparra bizi-bizi dabil Burgos eta Errioxa aldean ere. Haize-babes batzuk sortu ziren, baina ura bere lekura bueltatu zen haizeak behera egin ondoren. Gaur ere bizi joko du, Ebro ibaiaren ertzean. Ipar gorria du zain tropelak.
saILKaPenaK
BOSGARREN ETAPA
1. Oscar Freire (Rabobank) 4.24.10
2. K. F. de Larrea (Eus.-Eus.) d. b.
3. Angelo Furlan (C. Agricole) d. b.
4. Tom Boonen (Quick Step) d. b.
5. Andre Korff (T-Mobile) d. b.
6. Alessandro Petacchi (Milram) d. b.
7. Aurelien Clerc (Bouygues Tel.) d. b.
8. Andre Greipel (T-Mobile) d. b.
9. Francesco Chicchi (Liquigas)d. b.
10. Rony Martias (Bouygues Tel.)d. b.
11. Rene Mandri (Ag2r) d. b.
12. Carlos da Cruz (La Française) d. b.
13. Alessandro Vanotti (Liquigas) d. b.
14. Leonardo Duque (Cofidis) d. b.
15. Janez Brajkovic (Discovery) d. b.
16. Erik Zabel (Milram) d. b.
17. Allan Davis (Discovery Channel) d. b.
18. Patrick Calcagni (Liquigas) d. b.
19. Stefan Schumacher (Gerolst.) d. b.
20. Manuel Vazquez (Andaluzia) d. b.
NAGUSIA
1. V. Efimkin (Caisse d'Epargne) 24.34.51
2. Denis Mentxov (Rabobank) 1.06ra
3. Carlos Sastre (CSC) d. b.
4. Maxime Monfort (Cofidis) d. b.
5. Stijn Devolder (Discovery) d. b.
6. Leonardo Piepoli (Saunier) d. b.
7. Cadel Evans (Predictor-Lotto) 1,28ra
8. Sylvain Chavanel (Cofidis) 1,33ra
9. Ezequiel Mosquera (Karpin-G.) 1,36ra
10. L. Bertagnolli (Liquigas) 1,49ra
11. Stephane Goubert (Ag2r) 1,54ra
12. Manuel Beltran (Liquigas) 1,57ra
13.Oscar Pereiro (C. d'Epargne) d. b.
14. Chris Sorensen (CSC) 2,18ra
15. Franco Pellizotti (Liquigas)d. b.
16. J. A. G.-Marchante (Saunier) 2,23ra.
17. Samuel Sanchez (Eusk.-Eusk.) 2,29ra
18. Igor Anton (Eusk.-Eusk.) 2,30era
19. Carlos Barredo (Quick Step)2,32ra
20. Josep Jufre (Predictor-Lotto) 2,49ra
TXIRRINDULARITZA. ESPAINIAKO VUELTA. Oscar 'Felix' Freire
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu