TXIRRINDULARITZA. ESPAINIAKO VUELTA. Petacchiren monotonia

Italiarrak garaipena lortu du, aspaldiko partez, esprintean erabakitako etapa aspergarrian

Andoni Urbistondo.
2007ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Monotonia hasi da Vueltan, eta luze irautekotan da. Etzi arte gutxienez, lehen atala, eta hurrengo astean bigarrena. Tropelean bazekiten Andorrara iritsi arteko Vuelta eta ondorengoa zeharo ezberdinak izango zirela. Lehen erdia ero samarra izango zela pentsatzen zuten: azkarra, gogorra, atsedenerako tarte handirik gabekoa. Bete-betean asmatu dute. Bigarren erdia lasaiagoa izango zelakoan zeuden, eta oraingoz ez dute kale egin. Vueltako sailkapen nagusia erabakita dago, Rabobank taldea sendo, eta esprinterren taldeak ere garaipen gosearekin, Oscar Freireren diktadura bukatu ondoren.

Monotoniak etapa aspergarriak ekarriko ditu, baina nondik begiratzen zaion, ez da hain txarra. Tropelean gustura hartuko dute monotonia lasai antzean joan nahi duten morroiek, edo etapa ehiztariak ez direnek. Baita esprinter azkarrenak ere, euren zakua garaipenekin betetzeko aukera izango dutelako. Milram taldeak eta Alessandro Petacchik monotonia honekin jarraitzeko ahalegina egingo dute gaur eta bihar, eurentzat atzokoaren moduko etapak direlako onenak arrakasta lortzeko. Lagun gutxiko ihesaldia baimentzen dute, eta uneoro kontrolpean eduki, ostera, lana egiterakoan, lehertu beharrean ez ibiltzeko.

Etapa ehiztariak, aldiz, ernegatu samar ibiliko dira, saiatu arren, arrakastarik lortzeko modurik ez dutelako ikusten. Ibilbideak ere ez die askorik laguntzen. Errepideak zabalak eta lauak dira, eta ihesaldi batek arrakasta edukitzea utopiaren parekoa da. Larunbateko etapan izan dezakete aukera ehiztariek, baina litekeena da orduan eretropeleko oilarrak mokoka aritzea, eta haien asmoa alferrikakoa izatea. Orain arteko ihesaldi guztiak antzuak izan dira.

Petacchik konfiantza irabazi duelako eta Petacchi ondo dagoenean Milram taldeak ez duelako oparirik egiten. Italiarrak ahazteko moduko uda pasa du, eta horri garaipen lehortea gehituz gero, komeriak. Petacchik ustezko positiboa eman zuen Giroan salbutamol sustantziarekin. Ustezkoa, asmaren aurkako botika hori hartzeko UCIren baimena duelako. Tourrari bost, eta urteko proba onenetik at utzi zuten bidegabe. Vuelta zen urteko azken erronka, egoerari buelta emateko, eta kostata izan bada ere, lortu du. 11. etapan lortu du lehen garaipena, baina lortu du. Berea izan zen errematea, baina goraipatzeko modukoa da Milram taldeak, eta batez ere Erik Zabelek egindako lan bikaina. «Irabaz ezak, Alessandro», esan zion ia-ia Zabelek taldekideari.

Fernandez de Larrea ez zen esprintean sartu, aurreko kilometroetan indar asko xahutu zuelako kokapen ona bilatzen. Arabarrak 26 urte beteko ditu gaur, eta motibazioz beteta ariko da. Onena, Petacchiri bere urtebetetzea dela esan, eta hark opari polita egitea.



saILKaPenaK
HAMAIKAGARREN ETAPA

1. Alessandro Petachi (Milram) 4.45.34

2. Paolo Bettini (Quick Step) d. b.

3. Erik Zabel (Milram) d. b.

4. Andre Greipel (T-Mobile) d. b.

5. Carlos Da Cruz (La Française) d. b.

6. Leonardo Duque (Cofidis) d. b.

7. Allan Davis (Discovery) d. b.

8. Daniele Bennati (Lampre) d. b.

9. Aliaksandr Usau (Ag2r) d. b.

10. Alessandro Vannotti (Liquigas) d. b.

11. Aurelien Clerc (Bouygues Tel.) d. b.

12. Xavier Florencio (Bouygues Tel.) d. b.

13. Mark Renshaw (Credit Agricole) d. b.

14. Koldo F. de Larrea (Eusk.-Eusk.) d. b.

15. Magnus Backstedt (Liquigas) d. b.

16. Javier Megias (Saunier Duval) d. b.

17. Philippe Gilbert (La Française) d. b.

18. Rene Mandri (Ag2r) d. b.

19. Josep Jufre (Predictor-Lotto) d. b.

20. Mickael Delage (La Française) d. b.



NAGUSIA

1. Denis Mentxov (Rabobank) 44.27.25

2. V. Efimkin (Caisse d'Epargne) 2.01era

3. Cadel Evans (Predictor-Lotto) 2.27ra

4. Carlos Sastre (CSC) 3.02ra

5. Ezequiel Mosquera (Karpin-G.) 4.35era

6. Samuel Sanchez (Eusk.-Eusk.) 4.42ra

7. V. Karpets (Caisse d'Epargne) 5.49rara

8. Manuel Beltran (Liquigas) 5.56ra

9. Stijn Devolder (Discovery) 6.28ra

10. Leonardo Piepoli (Saunier) 6.34ra

11. Carlos Barredo (Quick Step) 6.39ra

12. Maxime Monfort (Cofidis) 7.13ra

13. Igor Anton (Eusk.-Eusk.) 7.58ra

14. Sylvain Chavanel (Cofidis) 8.45era

15. Daniel Moreno (Relax)9.34ra

16. Josep Jufre (Predictor-Lotto) 9.39ra

17. Luis Perez (Andaluzia) 10.31ra

18. Stephane Goubert (Ag2r) 10.40ra

19. Oliver Zaugg (Gerolsteiner)11.44ra

20. J. Van Goolen (Discovery) 12.38ra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.