TXIRRINDULARITZA. ESPAINIAKO VUELTA. Tourrean Egoi engainatu zuena da

Simon Gerrans izan da azkarrena Murtziara ihes eginda heldu diren lau txirrindularien arteko esprintean

Igor Susaeta.
2009ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Prato Nevosoko eski estaziora bidean gertatu zen, iaz, uztailak 20 zituenean. Italian, baina Frantziako Tourra jokatzen ari zenean, 15. etapan. Egoi Martinez Euskaltelekoa Jose Luis Arrietarekin, Danny Paterekin eta australiar ezezagun batekin ihes eginda zihoan. 50 kilometro falta ziren helmugarako, eta australiar horrek esan zion Martinezi leher egonda zihoala, bera ez zela etaparen jokoan sartuko. Hurrengo kilometroetan gauza bera esan zien Credit Agricole taldearen maillota soinean zeraman txirrindulariak; Prato Nevoson gora ere bai, une oro gurpilean joan arren. Egoi Martinez, dena den, hark emandako hitzarekin fidatzen zen. «Ez naiz saiatuko etapa irabazten». Baina iritsi ziren azken metroetara, australiarrak ziztu bizian aldatu zuen erritmoa eta, bide batez, etapa irabazi etxarriarraren aurretik. «Engainatu egin nau», esan zuen Euskaltelekoak gero. Atzo, Espainiako Vueltako 10. etapan, Simon Gerrans (Cervelo) nagusitu zen Murtzian. Egoi engainatu zuen txirrindularia da. Baina jada ez da hain ezezaguna. Izan ere, urtebetean Tourreko etapa bat, Giroko bat eta Vueltako beste bat poltsikoratu ditu.

Hautatuen multzo horretan sartu da 29 urterekin. Juanma Garate, Pablo Lastras, Alessandro Petacchi, Gilberto Simoni, David Zabriskie, Denis Mentxov eta Gerrans dira multzo horretako bakarrak lehian jarraitzen dutenen artean.

Aurten asko sufrituta nagusitu zen Giroko 14. etapan, San Lucako maldetan, Bolognan. Murtziako Miguel Indurain etorbidean, berriz, esprintean aurrea hartu zien Aleksandr Vinokurovi (Astana), Ryder Hesjedali (Garmin) eta Jacob Fuglsangi (Saxo Bank). Hemeretzi txirrindularik osatu zuten eguneko ihesaldia, baina lau horien artean jokatu zuten etapa.

Intxaustiren zulatua

Tropelak ihesaldia baimendu zuen, aurreko hiru egunetako egurraren ondoren. Beraz, faboritoek egun lasai samarra pasatu ahal izan zuten. Ihesaldiak zortzi minutuko aldea pilatu zuen, eta tartean zeuden Beñat Intxausti (Fuji), Juanma Garate (Rabobank), Ruben Perez (Euskaltel) eta Aitor Perez Arrieta (Contentpolis-AMPO) euskaldunak.

Azken kilometroetara helduta, Cresta del Gallo bigarren mailako gaina gainditu behar izan zuten. Hor hasi zen eraso festa, eta tontorretik Intxausti zornotzarra eta Linus Gerdemann (Milram) pasatu ziren muturrean. Jaitsiera arriskutsuan, ordea, Intxaustik bizikletako gurpiletako bat zulatu zuen, alemaniarrak bezalaxe. Hortaz, atzetik zetozenek aurrea hartu, eta euren artean jokatu zen etapa. Azkenean, iazko Tourrean Egoi engainatu zuena izan zen onena.



Sailkapenak

HAMARGARREN ETAPA

1. Simon Gerrans (Cervelo) 3.56.19

2. Ryder Hesjedal (Garmin) d.b.

3. Jakob Fuglsang (Saxo Bank) d.b.

4. Aleksandr Vinokurov (Astana) d.b.

11. Juanma Garate (Rabobank) 39ra

13. A. Perez Arrieta (Contentpolis) 49ra

16. Beñat Intxausti (Fuji) 57ra

18. J. Hoogerland (Vacansoleil) 3.42ra

37. Egoi Martinez ( Euskaltel) d.b.

43. Ruben Perez (Euskaltel) d.b.

46. Haimar Zubeldia (Astana) d.b.

NAGUSIA

1. AlejandroValverde (Caisse) 40.26.41

2. Cadel Evans (Silence-Lotto) 7ra

3. Robert Gesink (Rabobank) 36ra

4. Tom Danielson (Garmin) 51ra

5. Ivan Basso (Liquigas) 53ra

6. Samuel Sanchez (Euskaltel) 1.03ra

9. Haimar Zubeldia (Astana) 3.01era

21. Arkaitz Duran (Fuji) 5.48ra

40. J. Garate (Rabobank) 18.24ra

44. Beñat Intxausti (Fuji) 19.03ra

50. Egoi Martinez (Euskaltel) 21.07ra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.