TXIRRINDULARITZA. ESPAINIAKO VUELTA. Tropeleko esprinterrik azkarrena

Petacchi nagusitu da Puertollanoko helmugan, Zabeli, Booneni eta Hushovdi aurrea hartuta

Igor Susaeta.
2005eko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Tropeleko gizonik azkarrenak irabazi zuen atzo, Puertollanon, Espainiako Vueltako hirugarren etapa. Egun dagoen esprinterrik onena da Alessandro Petacchi. Taldekideek ailegaera modu ezin txukunagoan prestatzen baldin badiote gainera... Bada, ez dago berari aurrea hartuko dionik. Eta hori, tropeleko beste txirrindulari azkarrenekin lehiatu behar izan zuen arren: Erik Zabelekin, Tom Boonenekin, Thor Hushovdekin eta enparauekin, alegia. Izan ere, Espainiako Vueltara nekez joan dira lasterketa goitik behera kontrolatu duten izarrak. Eta nekez joango dira. Esprinterrik onenak, ordea, Espainiako Vueltan ari dira aurten. Izan ere, heldu den irailaren 25ean errepideko Munduko Txapelketa korrituko da Madrilen. Barrutia nahiko etzana denez, esprinterrak dira irabazteko faborito nagusiak. Espainiako Vueltako etapa batzuk, beraz, aproposak dira aipatutako proba prestatzeko.

Bien bitartean, McGeek lider jarraitzen du. Eta horri eusteko asmoa duela dirudi. Tartekako esprintetan, behintzat, gainsarien lehian sartu zen. Hiru itzuli handietan Tourrean, Giroan eta Vueltan liderraren elastikoa soinean eraman duten txirrindulari bakanetako bat da.Andaluziatik irten eta Gaztela-Mantxarantz jo zuten atzo txirrindulariek. Herenegun jokatutako etapan bezala, bero sapa. Paisaia idorrak. Horri aurre egiteko, nahiago pedalei eragin eta bizkor joan. Freskoxeago joaten da bizi-bizi. Etapa, gainera, ez zen luzea: 153 kilometro eta zuzenguneak bata bestearen atzetik. Hartara, aurreneko orduan 44 kilometro egin zituzten. Tartean, ihes egiteko ahalegin dezente. Euskaltel-Euskadiko Markel Irizar oñatiarra gogotik saiatu zen, baina ezin. Javier Pascual Rodriguezek bakarrik alde egin ahal izan zuen tropel nagusiaren zaintzatik. 55 kilometro egin zituen buruan. Comunitat Valenciana taldean korritzen du, Vicente Beldak zuzentzen duen garai bateko Kelmen. Vueltako protagonista nagusietakoa izango da talde hori. Azken kilometroetan, Fassa Bortolok, Petacchiren taldeak, erritmoa bizitu zuen, eta ilaran jarri zituen tropelekoak. Trena ziztu bizian zihoan Puertollanoko kaleetan zehar. Eta Velo tren gidariak albo batera egitearekin bat, Petacchi tren espresa azaldu zen, errematatzeko.

-

Sailkapenak



HIRUGARREN ETAPA



1. A. Petacchi (FAS) 3.48.412. Erik Zabel (TMO) d.b.3. Tom Boonen (QST) d.b.4. Thor Hushovd (C. A.) d.b.5. Giosue Bonomi(LAM) d.b.6. M. Van Heeswijk (DSC) d.b.7. M. A. M. Perdiguero (PHO) d.b.8. Tom Steels (DVL) d.b.9. Marco Velo (FAS) d.b.16.

Unai Yus (BTL)

d.b.

NAGUSIA



1. Bradley McGee (FDJ) 8.50.322. L. Bertagnolli (COF) 32ra3. J. A. Flecha (FAS) 39ra4. J. Rodriguez (SDV) 41era5. Angel Vicioso (LSW) d.b.6.

Patxi Vila (LAM)

42ra7.

Una Yus (BTL)

53ra8. Rik Verbrugghe (QST) 1.02ra9. Denis Mentxov (RAB) 1.05era10. Carlos Sastre (CSC) 1.12ra

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.