TXIRRINDULARITZA. ESPAINIAKO VUELTA. TXIRRINDULARITZA

ESPAINIAKO VUELTA. Amildegian jolasean. Ezinezkoa zirudiena lortu du Vinokurovek: lidergoa. Kale egin du Valverdek, eta gaizki neurtu du bere indarra

Andoni Urbistondo.
2006ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Ausarta, eskuzabala, kementsua, indartsua, ikusgarria... horrelakoa da Aleksandr Vinokurov txirrindularia. Oso zaila da zer egingo duen asmatzea, baina jakina da zerbait egingo duela. Edo egiten saiatuko dela. Urteetako eskarmentuak arriskuaren ikur bilakatu du. Ez du bere erasoek izan ditzaketen ondorio txarretan pentsatzen, onetan bakarrik baizik, eta kasta soberan dutenek egiten dute hori. Amildegian jolasean ibiltzen da Vinokurov. Batzuetan erori egin izan da. Atzo besteak erori ziren amildegira.

Ondorioak txarrak izaten badira, onartu eta kito. Txarrak izateko, ordea, probatu, saiatu egin behar da, eta horregatik, txalotzekoa da Kazakhstangoaren jarrera. Vueltako bigarren postua ez da txarra. Txirrindulari asko lortutakoa mantentzen saiatuko ziren, are gehiago Alejandro Valverderen sasoi ikusgarria aintzat hartuta, baina Vinokurov ez, Vinokurov ez da inoiz konformatzen, eta jarduteko modu horri esker polit-polita izaten ari da Vuelta.

Vueltako mendate gogorrena igo zuten atzo, Monachil, baina aldapa ez, jaitsiera erabakigarriagoa izan zen. Maldan behera hautsi zuen Vinokurovek Valverde liderra. Igoeran haren hauspoa asko behartu ondoren, dena den. Etapako azken 20 kilometroetan Valverde bakarrik, taldekiderik gabe uzteko helburua zuen Astana taldeak, espainiarra bakarrik nola moldatzen zen jakiteko, eta pentsatzen zutena pausoz pauso gertatu zen: Valverdek bihotzarekin jokatu zuen, buruarekin jokatu beharrean, eta Vuelta galtzea ekar diezaiokeen akats larria egin zuen.

Kolpeka korritzen duen txirrindularia da Valverde. Odol berokoa zeharo. Atzo ikusitakoaren arabera, larri dagoenean patxadaz jarduteko komeriak ditu, eta alferrikindar asko galtzen duena, horren beharrik eduki gabe. CSC taldeak egin zuen onenen taldeko selekzioa Monachilen, eta bost lagun geratu ziren buruan, sailkapen nagusiko lehen bostak, hain zuzen ere: Valverde, Vinokurov, Sastre, Kaxetxkin eta Gomez-Marchante.

Boskote hori egin ondoren ekin zion Astanak urrea lortzeko erasoari. Kaxetxkin saiatu zen aurrena. Erasoa jo eta Gomez-Marchante eraman zuen berarekin. Sastrek hartu zuen ekimena, podiuma gal zezakeelako Kaxetxkinekin. Valverderentzat ez zen eraso arriskutsua, baina liderrak erritmoa bizitu zuen, zentzu handirik gabeko mugimenduan. Bere burua indartsu ikusten zuen, eta mezu hori helarazi nahi zien aurkariei.

Begi bistan eduki zuten Kaxetxkin Valverdek, Vinokurovek eta Sastrek, baina Astana taldekoak ihes egin zuen berriro. Vinokurov erasoa jotzeko prestatu zen, Astanaren azken helburua hori zela bazekielako. Gainetik hiru kilometrora jo zuen. Eraso bortitza izan zen, klasiko handi bateko aldapa motz baina piko batean balego bezala. Plater txikia, eta 15 edo 17 hortzeko pinoia. 300 metroko ahalegin itoa egin zuen Valverde askatzeko, eta lortu zuen.

Kaxetxkin zain geratu zen, eta ihesaldian sartu zen Paulinho ere bai. Biek airean eraman zuten gainerantz Vinokurov. Valverdek gorriak ikusi zituen, 17 segundora zuelako Vinokurov. Ez zen tarte handia, baina konforme ez, eta ondoren larrutik ordaindu zituen azken 300 metroak egin zituen. Bederatzi segundora pasa zen gainetik, eta Kaxetxkinekin eta Marchanterekin bat egin ere bai, jaitsiera hasi eta kilometro batera.

Vinokurovek, ordea, azti jokatu zuen, eta hanka egin zuen Valverde iritsi baino lehentxeago. Une horretan urrundu zen Valverderen urrea. Bete-bete eginda, lagunduko zion inor ez alboan, Vueltak ihes egiten ziola sentitu zuen.

15 segundo aurrena, 40 ondoren, minutua gero... Valverde eskuak altxatzen hasi zen, laguntza eskatzen, laguntza ezinezkoa zenean. Ezinean ito zen, eta atzetik zetozenei itxaron zien. Ordurako, ordea, 1,20koa zen Vinokurov eta Danielsonen aldea. Danielsoni garaipena oparitu zion Vinokurovek txanda batzuen truke, eta estatubatuarrarentzat izan zen etapa. Urrea Vinokurovena. Segundo batzuengatik. Bederatzi, hain zuzen ere. Asko edo gutxi? Nahikoak.

saILKaPenaK17. ETAPA
1. Tom Danielson (Discovery) 4.09.55.

2. Aleksandr Vinokurov (Astana) d. b.

3. Samuel Sanchez (Eus.-Euskadi) 1.10era

4. Andrei Kaxetxkin (Astana) 1.39ra

5. Carlos Sastre (CSC) d. b.

6. Stephane Goubert (Ag2r) d. b.

7. Luis Perez (Cofidis) d. b.

8. A. Valverde (Caisse d'Epargne) d. b.

9. J. A. Gomez-Marchante (Saunier) d. b.

10. Leonardo Piepoli (Saunier) d. b.

SAILKAPEN NAGUSIA
1. Aleksandr Vinokurov (Astana) 67.29.41

2. A. Valverde (Caisse d'Epargne) 9ra

3. Carlos Sastre (CSC) 1.51ra

4. Andrei Kaxetxkin (Astana) 2.14ra

5. J. A. G.-Marchante (Saunier) 4.32ra

6. Tom Danielson (Discovery) 6.07ra

7. Manuel Beltran (Discovery) 6.33ra

8. Samuel Sanchez (Eus.-Euskadi) 7.25era

9. Vladimir Karpets (C. d'Epargne) 7.49ra

10. Luis Perez (Cofidis) 9.04ra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.