Atzo Castellon lortutakoa bere kirol ibilbideko 31. garaipena da, aurtengo bosgarrena. Martxoan Milan-San Remo klasiko handia irabazi zuen, baina garaipen haren ondoren desagertu egin zen. Urte erdia eman du nahi eta ezin, lesio bat atzean utzi eta berehala beste bat jasan. Freireren jarduna ezagutzen duenarentzat, larritzeko moduko ezer ez, bizikleta gainean baino askoz egun gehiago egin baititu espainiarrak erreabilitazio gelan, medikuarekin edo ohatilan masajeak hartzen.Askok amore emango lukete, arazo fisikoak atzean utzi ezinda, baina Freirek ez. «Gogorra da beti arazo fisikoak edukitzea. Errazena burua makurtzea eta kito, bukatu da esatea da, baina aurrera begiratu behar da. Hala egin izan ez banu, aspaldi utzi nuen bizikleta sotoan», adierazi zuen Euskaldunon Egunkaria-n 2002 urtean, Munduko Kopa hasi bezperan. Arazo fisikoak bezain azkar lortzen du sasoi egokia Freirek. Bizpahiru aste eskas nahikoak ditu garaipenaren arrastoan jartzeko. Sekretua, bere hitzetan, hauxe: «Nire gorputza ohitu egin da hasi-gelditu-hasi egoerara, eta sasoi ona errazago hartzen dut». Vuelta baino lehenago arazoak izan zituen, ipurdian atera zitzaizkion furunkuloengatik; baina, bistan da, dagoeneko ahaztua du arazo hori.Ez dira gutxi Freire baino proba gehiago irabazten dituzten karreristak, baina ez hainbeste hain proba garrantzitsuak irabazten dituztenak. Bi gogoratu behar dira beste guztien gainetik: errepideko munduko txapelketa bi. Freire txirrindulari ezezaguna zen 1999an, neurri txukuna eman zezakeena, baina ezer gutxi lortutakoa. Mundiala irabazi zuen Veronan (Italia), eta eskaintza mamitsu mordoa jaso zuen. Garaipen zerrenda hornituagoarekin, bigarrenez irabazi zuen errepideko munduko txapelketa Plouayn (Bretainia), 2001ean. Azken 20 urteetan, Gianni Bugnok eta Greg Lemondek bakarrik irabazi dute bitan mundiala, eta askorentzat betiko karrerista onena izan zenak, Eddy Merckxek, hiru aldiz. Munduko Txapelketa bi irabaztea badela zerbait, alegia.
Kokapena eta buruko indarra
Bere ahalmenean duen konfiantza izan zen Freireren garaipenaren gakoetako bat. Kanpotik begiratuta, Alessandro Petacchiren garaipen errazek edozein gogogabetzen dutela ziurra da, baina Freireren burua bere hanka zuztarrak bezain sendoa da. Buruko indarra aipatzen du elkarrizketa guztietan, garaipenean fedea edukitzea funtsezkoa dela. Freirek badu fedea, zalantzarik ez. Etapa bukatuta honakoa bota zuen Espainiako Telebistan: «Petacchi ez da indartsuena, Fassa Bortolo taldea da beste taldeak baino indartsuagoa. Nik ere, haren taldea edukiko banu, askoz proba gehiago irabaziko nituzke; baina, tira, bakoitzak daukana dauka eta ez daukat kexurik. Nik gaur [atzo] taldekideek egin duten jazarpen lan onari esker irabazi dut etapa».
Harrokeriatzat joko dituzte batzuk hitz horiek, egia biribiltzat beste batzuek. Kontua da Freirek lasterketa barruko analisia egiten duela eta inork baino hobeto ezagutzen duela Petacchi eta Fassa Bortolo taldearen jarduna, haien diktadura zuzen-zuzenean jasaten duelako. Atzo, Desierto de Las Palmas mendatean gora jakina zen Petacchi eta Fassa Bortoloko taldekideak atzean geratuko zirela, berriro tropel nagusian sartzeko aukerarik gabe, talderen batek aurrean lana egiten bazuen, eta horrela gertatu zen.Kelmek Valverderentzat egin zuen lana, T-Mobilek Zabelentzat. Haien itzalean egin zituen azken 20 kilometroak Freirek, taldekideen babesik gabe, baina lasai-lasai, ohituta baitago kokapen ona bere kabuz lortzen. Valverde itxita geratu zen 200 metro falta zirela eta Zabelek bideratzaile lan ezin hobea egin zion Freireri. 100 edo 150 metrotan Zabeli bizpahiru metro irabaztea ez da erraza, baina Freire lor zezakeela sinetsita zegoen, konfiantza zeukan eta lortu egin zuen.Dagoeneko asmatuko zenuten non jokatuko den 2004ko munduko txapelketa, noski: Veronan. Verona badator, Freire ere bai.
-
Sailkapenak
SEIGARREN ETAPA
1. Oscar Freire (RAB) 3.48.232. Erik Zabel (TMO) d. b.3. Stuart O'Grady (COF) d. b.4. Cristian Moreni (ALS) d. b.5. M.A. M. Perdiguero (SDV) d. b.6. David Fernandez (ALM) d. b.7. Stefano Garzelli (VIN) d. b.8. Alejandro Valverde (KEL) d. b.9.
Juanma Garate
(LAM) d. b.10. Luis Pasamontes (REB) d. b.11.Pedro Horrillo
(QSD) d. b.12. Luis Perez (COF) d. b.13. R. Sgambelluri (VIN) d. b.14.Aitor Gonzalez
(FAS) d. b.15. Damiano Cunego (SAE) d. b.16. C. Garcia-Quesada (KEL) d. b.17.Jose Luis Arrieta
(IBB) d. b.18. Jose Gutierrez (PHO) d. b.19. Jose Miguel Elias (REB) d. b.20. Jorge Ferrio (ALM) d. b.SAILKAPEN NAGUSIA
1. Manuel Beltran (USP) 22.35.392. Floyd Landis (USP) d. b.3. Denis Mentxov (IBB) 4ra4. A. Valverde (KEL) 9ra5. Cadel Evans (TMO) 16ra6. Benoit Joachim (USP) 23ra7. F. Mancebo (IBB) 39ra8. C. Garcia-Quesada (KEL) 47ra9. Victor Hugo Peña (USP) d. b.10. Tyler Hamilton (PHO) 50era11.