TXIRRINDULARITZA. Etxera begira nago

Juanma Garate.
2010eko irailaren 7a
00:00
Entzun
Eraso asko izan zen igandeko etapa hasieran, eta horietako batean sortu zen ihesaldia. Hortxe sartu nintzen ni ere, baina lehen jaitsieran, lehen bihurgunean, atzeko gurpilak irrist egin zidan, eta beldurtu egin nintzen. Barredorekin eta gainerakoekin nengoen aurrean, baina metro batzuk galdu nituen, eta akabo. Pena izan zen, aukera polita geneukalako zerbait egiteko. Hori bai, onartu beharra dago oso txirrindulari onak sartu zirela taldetxo horretan. David Lopezek amaieran ezustea eman zuela esan daiteke. Oso indartsua da; taldearen esanetara egoten da beti, eta asko poztu nintzen berak irabazi zuela jakin nuenean.

Bitxikeria gisa, Barredok liderraren maillota janzteko aukera ederra zeukan aurrean, baina ezinean geratu zen. Ez zuela ondo lo egin esan zidan, gutxi gosaldu zuela eta gero ez zuela behar bezala jan. Baina ondo ez dagoena ez da saiatzen ihesaldian sartzen. Euskaltel-Euskadi prest zegoen maillota emateko, komeni zitzaion gainera, taldeak hainbeste lan ez egiteko, baina pot egin zuen azkenean. Ez dakit txakalaldia izan zen, edo Vueltako lider izan zitekeela ikusi zuenean sentitu zuen presioa. Urduri jarri zela uste dut, eta ez zuen jakin egoera kontrolpean edukitzen.

Guri dagokigunez, berriz, sailkapen nagusia lehiatzeko borroka amaitu zaigula esango nuke. Denisek [Mentxov] hazita dauka belauna, eta ez dago Vuelta lehiatzeko moduan. Atzo erretiratzeko zorian egon zen, eta ez dakit bihar ez ote dugun albisteren bat izango. Azkenean erretiratzen bada, ihesaldietan sartzeko aukera izango dugu.

Nik etxera begira jarraitzen dut. Semea noiz jaioko zain gaude, eta atzo jaio izan balitz, Bartzelonan hegazkina hartu eta, ezustean, etxean agertzeko asmoa neukan. Baina ez dago albisterik, eta ea Vuelta amaitu arte itxoiten duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.