TXIRRINDULARITZA. EUSKAL HERRIKO ITZULIA. «Samuel Sanchezekin Itzulia irabaztea da gure helburua»

Talde lana eginez gero, garaipenekin beste modu batean gozatzen dela uste du. Hain zuzen, talde lan hori eta bere txirrindularien motibazioa baliatu nahi ditu astelehenetik aurrera.

Igor Susaeta.
Donostia
2009ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Itxuroso dabil Euskaltel-Euskadi sasoi hasieran; pare bat garaipen ere lortu ditu. Baina Igor Gonzalez de Galdeano (Gasteiz, 1973) taldeko kirol zuzendari eta managerraren ondokoa zorrotza da bere eginkizunean. Orain arteko balorazioa ez du loratu, eta «ona» dela bota du bere hotzean. Halere, talde lanean fede itsua dauka, eta oso pozik dago txirrindulariak erakusten ari diren borrokarako grinarekin. Dena dela, garaipen gehiago lortu nahi ditu berandu baino lehen, «on» hori bikainerako edo oso onerako bidean jartzeko.

Bi garaipen lortu dituzue jada denboraldia hasi zenetik. Balorazioa zer-nolakoa da? Ona edo oso ona?

Taldeak egin duen lana kontuan hartuta, esango nuke balorazioa ona dela. Bi lasterketa irabazi ditugu, bai, baina gehiago merezi izan dugula uste dut. Tirreno-Adriatikon Egoi [Martinez] egon zen irabazteko moduan, eta Murtziako Itzulian edo Gaztela Leongoan, aldiz, Ruben [Perez]. Hor egon dira lehian... Halere, taldeak egin duen lanarekin oso pozik nago.

Baina apur bat penatuta garaipenen bat gehiago lortu ez duzuelako, ezta?

Bai, hala da. Beti esan izan dut, Koldoz [Fernandez de Larrea], Samuelez [Sanchez] edo Igorrez [Anton] gain, beste txirrindulariren batek taldeari garaipenak ematea gustatuko litzaidakeela. Ruben, Alan Perez edo Mikel Astarloza ere gai dira garaipenak lortzeko. Horretan saiatu behar dugu.

Egin atzera, mesedez, eta jar zaitez iragan abenduan. Zer espero zenuen orduan?

Sasoiko aurreneko hilabeteetan garaipenen bat gehiago lortuko genuela uste nuen. Izan ere, Ruben Perez hor egon da; irabazteko gai da, garaipen bakar bat lortu ez duen arren. Baina zaila da irabaztea... Une honetan hiruzpalau garaipen edukitzea espero nuen.

Zer eskatzen diezu txirrindulariei?

Nik talde lanean aritzea eskatzen diet beti txirrindulariei. Nire ustez, hori da sekretua. Hori eginez gero, garaipenak lortzen direla esaten diet. Bakoitzak berea eginez irabazten badu, ba, txirrindulari horren garaipena izango da, bai, baina taldeak ondo lan egiten badu, eta irabazten baldin bada, taldeak bere egiten du garaipen hori. Adibidez, pasa den igandean, talde guztiak ondo lan egin ondoren irabazi zuen Samuelek Laudion.

Txirrindulariei askatasuna emanda baino emaitza hobeak lortzen dira horrela?

Askatasuna...Askatasuna ematen baduzu, txirrindulariaren senaren edo inspirazioaren zain egon behar duzu beti. Ez dakit, momentu honetan txirrindulari garaile-garaile bakarra daukagu, eta hori Samuel da. Baina talde lanaren zentzua ulertuz eta barneratuz gero, garaipenak hobeak eta garrantzitsuagoak izaten dira.

Zer eskatu diezu txirrindulariei Euskal Herriko Itzulirako?

Samuel Itzulia irabazteko moduan dago, eta, hortaz, taldekideek buruan eduki behar dute berarentzako lan egin beharko dutela. Beraz, Samuelek irabazten baldin badu, garaipena guztiona izango da.

Eta etxean aritzeagatik nabaritzen al da presioa?

Normala da presio hori nabaritzea. Guretzat denboraldiko helburu nagusietako bat da, baina beste taldeentzat ere bai. Ikusi, bestela, zer nolako txirrindulariak arituko diren. Team Saxo Bankentzat, esaterako, Paris-Nizak besteko garrantzia dauka Itzuliak. Guretzat garrantzitsuagoa da, noski, Itzulia, eta dena ematen dugu.

Baina hori guztia kontuan hartuta, txirrindulariek presio hori txarrerako nabaritu dezakete...

Txarrerako ez; uste dut onerako dela. Etxean zaude, errepideak ezagutzen dituzu, zaleak zurekin daude, beraz...

Samuel Sanchezekin Itzulia irabaztea da zuen helburua, ezta? Argi eta garbi.

Bai, argi eta garbi, beldurrik gabe. Samuel Sanchez olinpiar txapelduna da, 31 urte dauzka, eta iritsi zaio bere buruari erronkak jarri eta erronka horiek gainditzeko momentua. Horretarako gai dela uste dut.

Taldeko beste txirrindulariak puntu-puntuan al daude?

Bai, bai. Guk Itzulia landu egin dugu, zaindu, eta uste dut txirrindulari guztiak ondo ailegatuko direla. Hori bai, hona talde onenak etortzen dira, gu baino indartsuagoak dira batzuk, eta gure helburu bera dute. Baina hemengoak gara, motibazio handiagoa daukagu, eta eguraldi txarra egiten baldin badu, ba motibazio hori gure alde erabil dezakegu.

Zein izango da Euskalteleko txirrindulari bakoitzaren eginkizuna?

Ba Gorka Verdugo, Juanjo Oroz eta Egoi Martinez oso ondo ibili dira orain arte, eta azkeneko kilometroetan Samuelen ondoan egotea izango da euren lana. Iñaki Isasi, Alan Perez eta Ruben Perez, aldiz, oso abilak dira etapa hasieretan, eta langileak, gainera. Mikel Nieve da zortzigarren txirrindularia. Lehen denboraldia du gurean, ondo moldatzen da aldapa gora, eta taldearentzako lan egingo du.

Podiumean ez sartzea zer litzateke? Pena handia edo porrot handia?

Porrota? Esango nuke ez genukeela gure helburua beteko. Gure helburua irabaztea da, eta podiumean sartzea, berriz, helburua erdizka betetzea.

Ibilbidea ikusita, txirrindulari dezente Itzulia irabazteko moduan helduko dira azken egunera. Ados al zaude?

Ez dut uste asko izango direnik. Arraten etapa bat bukatzeak, Itzulia irabazteko moduan egongo direnen multzoa txikituko du; gehienez sei edo zazpi izango direla uste dut. Orain arte 20 bat txirrindulari heltzen ziren azkeneko erlojupekora irabazteko aukerekin, baina Arrateko etapa egonda, eta Arrate, ekainean beharrean apirilean igota, ba... Nabarituko da.

Denboraldi honetan jokatutako lasterketa gehienak ero samarrak izan dira, kontrol handirik gabekoak. Korritzeko modua aldatu dela uste al duzu?

Belaunaldiak aldatu egiten dira, baina ez dut uste korritzeko modua asko aldatu denik aurreko urteekin alderatuta. Paris-Niza, esaterako, lasterketa diferentea da berez: haizea, etapa oso gogorrak... Aurtengoa ero samarra izan da, bai, egia da, baina ez dut uste horregatik korritzeko modua aldatu denik.

Aipatu, mesedez, Itzulia irabazteko faboritoak.

Schleck anaiak, Andy eta Frank (Team Saxo Bank). Hori bai, Paris-Niza ikusita, uste dut Frank Itzulia irabazteko lehian egoteko moduan dagoela. Damiano Cunego (Lampre), Alberto Contador (Astana)... Eta Samuel Sanchez, noski.

Astanak iaz lasterketa blokeatu zuen, Contadorrek Legazpin aurreneko etapa irabazi eta gero. Helmugatik gertu Lazkaomendi pikoa igotzen dela kontuan hartuta, aurten horrelako zerbait gertatu al daiteke lehen etapan?

Alberto Contador sekulako txirrindularia da. Argi dago; edozertarako gai dena. Baina aurtengo lasterketa diferentea izango dela uste dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.