TXIRRINDULARITZA. Euskaltel Pro-Tour Ligan sartu da,eta nazioarteko proba onenak korrituko ditu

Andoni Urbistondo.
2004ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Euskaltel-Euskadi taldea Pro-Tour Ligan sartu dutela baieztatu zuen atzo Nazioarteko Txirrindularitza Elkarteak (UCI), eta nazioarteko proba ezagunenak korrituko ditu hurrengo lau urteetan, taldeak 2008. urtea arte irauten badu, behintzat. UCIk Ligako 13 talderen izenak jakinarazi zituen orain aste batzuk, baina Euskaltel-Euskadi ez zegoen zerrenda hartan. UCIk Liga 18 taldek edo gehiagok osatuko zutela ere esan zuen, baina Euskaltel-Euskadiren behin-behineko hutsuneak larritasuna eragin zuen talde laranjako arduradunengan.

Hasiera batean biharko, hilaren 10erako espero zen UCI elkartearen erabakia, baina atzo jakinarazi zuen. Euskal taldearekin batera, beste lau taldek lortu dute Pro-Tour Ligan izateko saria: Belgikako Omega-Pharma-Lotto eta Italiako Liquigas eta Fassa Bortolo. Pro-Tour Ligak 17 talde ditu orain, baina 18 izango ditu. Azken hori zein izango den jakinarazi aurretik, hainbat hautagaik aurkeztutako agiri eta txostenak aztertzeko denbora gehiago behar duela jakinarazi du UCIk. Ziurra da, dena den, 18 taldekoa izango dela Liga, eta ez 20 edo talde gehiagokoa, esan zen bezala.

Taldeko Migel Madariaga managerra pozik mintzatu zen, eta lasaitu handia hartu dutela esan: «Pro-Tour Ligatik kanpo geratuz gero, etorkizuna nahiko beltza zen, Ligatik kanpo ez dagoelako lasterketa garrantzitsurik, eta lasterketa horiek gabe taldea diruz babestuko duten enpresarik ere ez». Euskaltel-Euskadik 2006a arte du ziurtatua Euskaltel telefonia enpresaren eta Bizkaiko, Gipuzkoako eta Eusko Jaurlaritzako dirutza. Urriaren 25a baino lehenago aurkeztu beharko dute taldeko arduradunek dokumentazioa UCIren egoitzan.

Koldo Fernandez de Larrea, bigarren

Euskaltel-Euskadiko Koldo Fernandez de Larrea bigarren postuan sailkatu zen Etorkizuneko Tourreko zazpigarren etapan. Tyler Farrar estatubatuarra nagusitu zen eta Thomas Lovkvist suediarra da liderra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.