Operazio, dopin, kaleratze eta zigor kontuez haratago, badu Tourrak aurten ere bere ibilbidea. Baditu mendateak, baditu erlojupekoak, baditu esprintean amai- tzeko aproposak diren etapak, eta iheslarientzat egokiak direnak. Ez da egunotan horiei buruz asko hitz egin, baina baditu. Aurtengoak mendia du beste urteetan baino gutxiago, eta erlojupekoak ditu beste urteetan baino erabakigarriagoak, itxuraz. Pirinioetan bi etapa, eta Alpeetan hiru. Erlojupekoak bi, luzeak: 52 kilometrokoa bat, eta 56 kilometrokoa bestea.
Gogortasunik gabeko Tourrik ez dago, ezta aurtengoa ere. Pirinioetako lehen egunean -Kanbotik abiatuko den horretan- Soudet eta Marie Blanque igoko dituzte bakarrik, eta bigarrena da gogorragoa: Tourmalet, Aspin, Peyresourde eta Portillon igoko dituzte, Pla de Beret gainean amaitu aurretik. Alpeetara bost egun geroago iritsiko dira. Lan handiagoa dute han. Hiru eguneko jarduna. Alpe D'Huez gainean amaitzen da bat -Izoard eta Lautaret igo eta gero-, La Toussuire gainean bestea -Galibier, Croix de Fer eta Mollard igo eta gero-, eta Morzinen hirugarrena -Saisies, Colombiere eta Joux-Plane igo eta gero-. Etapa ikusgarri eta benetan gogorrak dira.
Mendiko horien tartean eta ondoren, ordea, 116 kilometro dituzte orotara bakarka egiteko -2005eko Frantziako Tourrak 74 kilometro izan zituen erlojupean egiteko-. Hori da, ziurrenik, aurtengoaren ezaugarri nagusia. Gaur, Estrasburgon, zazpi kilometro baino ez dituzte. Horiek ez dute balio sailkapen nagusirako, baina hortik aurrerakoek bai. Zazpigarren etapak emango dio lehen orraztua sailkapen nagusiari. 52 kilometroko jarduna dute Saint Gregoire eta Roazhon artean. Lauak. Mendia hasi bezperan errenta hartzeko aproposak. Hemeretzigarrenak, azken aurrekoak, erabakiko ditu aurretik erabaki gabeko guztiak. 56 kilometro ditu, beroa espero da, eta koska dezente ditu tartean. Hautagaien zerrenda horrenbeste murriztu den honetan, bi saioak izan daitezke erabakigarriak.
TXIRRINDULARITZA. FRANTZIAKO TOURRA. TXIRRINDULARITZA
FRANTZIAKO TOURRA. Mendian ongi moldatu eta erlojupekoan aditu direnentzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu