TXIRRINDULARITZA. FRANTZIAKO TOURRA. Zerutik bueltan, ezezaguna

Frantziako Tourrak gaur izango du Alpeetako lehen etapa, 183 kilometrokoa, Embrundik Prato Nevosora. Agnel 2.744 metrorainoko igoera luzea eta Prato Nevoso mendate berri eta etzan samarra igo beharko dituzte.

unai zubeldia
2008ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Italiako Giroa Tourrean. Agnel (edo Agnello) eta Prato Nevoso. Ezagun beldurgarri bat eta ezezagun etzan samar bat. Frantziako Tourrak Italiako Giroko kutsuarekin irekiko du Alpeen atea. Urtero-urtero gordetzen du Tourrak opari txikiren bat, gehienentzat ezezaguna den igoera gaiztoren bat, eta aurten Italia aldean ibili dira bila eta bila. Bila ibilita, aurkitu dute euren txokoa: Prato Nevoso, Tourra orain arte inoiz igo ez den mendatea. Ez da gogorregia, ez da beldurgarria, baina Agnel luzeak eta sailkapen estuak berak gogortuko dute Prato Nevosoko igoera. Bihar bigarren atseden eguna izango dute, gainera, txirrindulariek, eta, beraz, dauzkaten indar apurrak xahutzeko asmoa izango dute gaur txirrindulariek.

Cadel Evans australiarra (Silence-Lotto) iritsi da lider Alpeetara. Baina segundo bakarrera dauka Frank Schleck (CSC), 38 segundora Christian Vandevelde (Garmin Chipotle), 46ra Bernhard Kohl (Gerolsteiner)... Alpeetan bi pedal kolpetan irabaz edo gal daiteke denbora hori. Silence-Lottok ez du ematen gaitasun handirik daukanik, gainera, mendaterik pikoenetan Evans babesteko, eta Pirinioetan Saunier Duvalek mugitu zuenez lasterketa -jada ez dago Tourrean-, edozein momentutan gera daiteke Tourra hankaz gora.

Embrun herritik atera eta Agnel gainean sartuko da Tourra Italian, Cuneo probintzian, zerutik gertu, 2.744 metro baitauzka Tourreko mendaterik garaienak. Agnelek ez dauka aparteko aldapa gogorrik, ez dauka pareta beldurgarririk, baina kilometro asko egin beharko dituzte 2.000 metrotik gora. Eta, Tourreko hirugarren astearen atarian, edonor itota uzteko modukoa da hori. 2.000 metroko langa pasatuta, birikek ez dute behar adina oxigeno jasotzen, eta horrelakoetan iristen dira txakalaldi ikusgarrienak. Etapa hasieran igoko dute Agnel, indarrak bete-bete daudenean, baina galbahe ederra egingo du.

Irteeratik bertatik ibilbideak etengabe gorako joera izango badu ere, errepidea tentetu, Chateau Queiras herrian tentetuko da. Guillestren edukiko dute eguneko lehen esprint berezia, 16. kilometroan, eta hor edukiko dituzte lehen aldapa gogorxeagoak (%3-4koak). 700 metroko aldapa gogor bat (%7), Chateau Queirasen bertan jaitsiera txiki bat... 1.400 metrora iristearekin batera hasiko dira guzti-guztiak arnasestuka.

Oilarren artean ez da aparteko zalapartarik izango, ziurrenik, Agnelen, baina talde lana agerian geratuko da 20 kilometro horietan. Rabobank, Garmin Chipotle eta, batez ere, CSC Evans liderra bakar-bakarrik uzten saiatuko dira gainera iritsi aurretik. Benetako igoera hasi eta bigarren kilometrorako %10eko pendiz motz bat dauka Agnelek. Molines en Queirazera (1.760 metro) iritsi aurretik, %3-5eko pare bat atsedenaldi ere badaude, baina baita %10eko pareta motz bat ere.

Erdi aldera da Agnel etzanagoa, %6koa baita batez besteko aldapa tarteko zortzi kilometro horietan. Min egiteko, etzanegia. Baina, etzana izanagatik, Fontgillarde igarota jasoko dute birikek abisua. Hor dago 2.000 metroko langa, %3ko aldapa apal batean. Biriketako abisu hori laster pasatuko da, ordea, hanka zuztarretara, 2.744 metrora iritsi bitartean, azken zati horretan baitauka Agnelek gogortasunik handiena. %14ko aldapa bat ere badago hasieran, eta pendiza %8-9koa da ia etengabe. Oxigenoa gutxitzen, eta gogortasuna areagotzen. %11, %9,4... Amaiera itoa da oso.

Oso jaitsiera luzea

Behin gailurrera iritsita, igoera bezain luzea den jaitsiera izango dute zain. Sampeyre herriraino 32 kilometro egingo dituzte beheraka-beheraka, Italiako lurretan, eta Costigliole-Saluzzora iritsi arte ere (116. kilometroa), pedalei emanez, baina eroso egingo dituzte kilometroak. Cuneo herrira iritsi arte. Prato Nevosora igotzen hasi aurretik Morte hirugarren mailako muino motz bat igaro beharko dute, eta Sottana Frabosan hasiko dira azken mendatera igotzen.

13 kilometro dauzka Prato Nevosok, eta batez besteko pendiza %7 ingurukoa da. Ez da oso mendate gogorra, aldapa pikoak eta atsedenak, biak elkarren segidan baitauzka une oro. Baina 170 kilometro pilatuta iritsiko dira bertara, eta bigarren kilometrotik seigarrenera arteko lau kilometroak arriskutsuak izango dira (%8tik gorako aldapa dago etengabe). Bi atsedenaldi txikiren ostean, 9. eta 10. kilometroek, berriz ere, %8ko batez besteko pendiza daukate. Aparteko gogortasunik ez, baina zalapartan ibiltzeko nahikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.